Berrerabiltzea sustatuz

Bigarren eskukoen denda bat ireki dute Hernanin, berrerabiltzea sustatu nahian; bestelako egitasmo batzuen diru iturria daDiru beharrik gabe zerbitzuak eskaini edo jasotzeko, denboraren bankua sortu dute

Herritarrek eramandako arropa, jostailuak, altzariak eta beste hainbat objektu saltzen dituzte Hernaniko berrerabiltze zentroan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
2012ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Kanpotik begiratuta, edozein dendaren modukoa da. Uda betean, hondartzarako eserlekuak ikus daitezke erakusleihoan, udarekin zerikusirik ez duten beste hainbat gauzaren artean. Barrura sartuta, berriz, denetik aurki daiteke: arropa, jostailuak, altzariak, platerak... Baina ez da denda arrunta. Hernaniko berrerabiltze zentroan bigarren eskuko gauzak saltzen dituzte, herritarrek eurek emandakoak.

Otsailean ireki zuten denda Aikari Lizaso eta Maria Fernandez Berrer@2 elkarteko kideek. Jendeak eramandako objektuak sailkatu, behar denean konpondu, eta salgai jartzen dituzte. «Berrerabiltzea sustatzea da helburua, eta ez negozioa egitea», azaldu du Lizasok. Izan ere, buruan dituzten hainbat egitasmo finantzatu ahal izateko bidea da berrerabiltze zentroa. Diru laguntza publikorik jasotzen ez dutenez, autogestioaren bidez kudeatzen dute proiektua, eta bigarren eskukoen denda dute diru iturri bakarra.

Publizitaterik ez dute behar izan. Hernaniarrek ahoz aho zabaldu dute proiektua, eta, Lizasoren hitzetan, «izugarrizko harrera» izan dute herrian. Dendara sartu baino ez dago horretaz konturatzeko, jendeak emandako gauzaz beterik baitaude txoko guztiak. «Pentsa, arropak jartzeko esekigailuak ere bukatu egin zaizkigu». Dena den, Lizasok badaki jendeak ez duela bigarren eskukoen dendetan erosteko ohiturarik, eta ahalik eta txukunena antolatzen saiatu dira.

Jendearen babesa bai, baina erakundeetatik ez dute jaso esperotako laguntza. Iazko maiatzean sortu zitzaien berrerabilpena sustatzeko proiektu bat sortzeko ideia, baina Hernaniko Udalak eta Gipuzkoako Diputazioak ez zieten erraztasunik eman. Ez proiektua gauzatzeko, ez behin sortuta aurrera ateratzeko. «Udalak entzun egin digu, eta ideia onartu ere bai, baina ez du gugatik pausorik eman», azaldu du Lizasok. «Babesaren falta sumatu dugu».

Lizasok eta Fernandezek baino ez dute lan egiten berrerabiltze zentroan, eta bien artean banatzen dute lan guztia. Ez da lan makala, Lizasoren hitzetan. Izan ere, agerikoaz gain, atzean ere lan asko egin behar izaten dute. Soldatarik ez dute kobratu oraingoz, baina denda izateak sortzen dituen gastuak ordaintzeko adina lortu dute, eta ez da gutxi. Gainontzekoa, berriz, martxan dituzten egitasmoei eusteko erabili dute.

Dendaz gain, proiektu ugari

Denboraren bankua da egitasmo horietako bat. Materiala ez ezik, denbora ere berrerabiltzea da helburua. Webgune bat jarri dute martxan (www.berrera2.org). Bertan, zer eskaintzeko prest dagoen azaltzen du bakoitzak. «Beren ezagutzak jartzen dituzte, eta, beste norbaitek zerbait behar duenean, harremanetan jartzen dira». Funtsean, bakoitzak egiten dakiena besteen zerbitzura jartzen da, diru beharrik gabe. Mesedea, mesedearen truke.

Katalunian arrakasta handia dute denboraren bankuek, eta, Lizasok azaldu duenez, denetik eskatzen eta eskaintzen da. «Bartzelonako denbora bankuan, esaterako, emakume batek amona bat eskatzen zuen. Emakume alargun bat harremanetan jarri zen harekin, eta orain oso harreman ona dute».

Material berrerabiliarekin egindako batukada bat ere osatu nahi dute. Izena prest dute dagoeneko: berrerabilpen soinuak. «Guk egingo ditugu instrumentuak, poteekin, tutuekin, gomekin...». Doan emango dituzte tailerrak, dendatik ateratako dirua baliatuz. «Ahalik eta jende gehien» erakarri nahi dute, eta kobratzea oztopoa litzateke.

Udazkenerako, berriz, berrerabiltze tailerrak jarri nahi dituzte martxan, musu truk horiek ere.Konponketa ikastaroak emango dituzte, esaterako, bere horretan jantzi nahi ez den arropa moldatzen ikasteko. «Erraz eralda daitezke arropak; ez dago diseinatzailea izan beharrik».

Beharrak eragindako ideia

Premiak eraginda sortu zitzaien Berrer@2 elkartea osatzeko ideia Lizasori eta Fernandezi. «Gauza asko gordetzen ditugu, eta ez da errazten haiei irteera ematea». Lizasoren ustez, birziklatze katea nahiko ongi lotuta dago, baina, berrerabilpenean «hutsune handiak» daude. Behar horri aurre egiteko sortu zuten elkartea, eta gisa bereko beste elkarteekin batzea da eman nahi duten hurrengo pausoa. Lizasoren esanetan, proposamenik ez zaie falta.

Bidea zaila izan bada ere, eta lana euren kabuz egin behar izan duten arren, herrian izandako harrerak eta kanpotik jasotako erantzunak samurtu egin ditu oztopoak. Lizasok argi du: «Ate asko irekitzen ari zaizkigu, eta elkarlanerako eskaintza asko iristen ari dira. Pozik gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.