Bueltan da Trixertak egitasmoa. Iaz egindako apustuari eutsita, heldu den ostegunetik aurrera aktualitatea soinean eramateko aukera eskainiko du BERRIAk, Oninart enpresarekin eta lau sortzailerekin batera. Apirilaren 28tik uztailaren 14ra bitarte, astero kamiseta bat sortuko dute egitasmoan parte hartuko duten artistek: Eider Eibarrek, Ainara Azpiazu Axpi-k, Antton Olariagak eta Malmo ilustrazio eta diseinu etxeak.
Bi urte dira proiektua abiatu zenetik, baina iaz egin ziren lehenbiziko trixertak. «BERRIA egunero egiten dugu, eta zergatik ez ditugu beste euskarriak erabiltzen?». Galdera hori egin zioten beren buruei Oninart enpresak eta BERRIAk. Hala, eguneroko albisteak kamisetetan marraztea erabaki zuten. «Helburua BERRIAko edukiak beste euskarrietara zabaltzea zen, sortzaileekin elkarlanean aritzea, eta zerbait berri sortzea», azaldu du Imanol L. Perotxena Oninart enpresako kideak. Hala, hiru hankako mahaia sortu zen: sortzaileek kamiseten diseinua egin behar zuten, Oninart arduratuko zen diseinuak kamisetetan inprimatzeaz, eta BERRIAren egitekoa lan horiek zabaltzea izanen zen.
Emaitza: BERRIA beste euskarri batzuetara moldatu da, eta sorkuntza bide ere izan da. Ainara Lasa marketin arduradunak iazko emaitza begi onez ikusi du: «Esperientzia polita izan zen. BERRIAren eginkizuna ere bada euskal kultura zabaltzea, eta zergatik ez, sortzaileen erakusleiho izan daiteke. Elkarlanerako bide berri bat urratu dugu». Kuantitatiboki ere azter daiteke iazko esperientzia: 16 diseinu egin ziren, eta mila elastiko inguru saldu.
Aurten, orotara, hamabi diseinu eskainiko dira. Astero editore taldeak gai batzuk adostuko ditu astelehen goizeko bileran, eta, gero, diseinatzaileek aukeratuko dute zein albiste, gai edo titulu eramanen duten oihalera. Denborarik galdu gabe, sortzaileek diseinua prestatuko dute, eta asteazken eguerdirako BERRIAk irudia esku artean izanen du. Ostegunean aurkeztuko da aste horretako elastikoa.
Astero trixert berri bat aurkeztuko bada ere, hura erosteko ez da astebeteko eperik izanen. Hau da, trixerten kanpainak irauten duen bitartean, ordura arte plazaratutako modelo guziak izanen dira eskuragai. Eskaria egiteko biderik zuzenena trixertak.eus helbidean sartzea izanen da. Iaz baino merkeagoak izanen dira, gainera: 19,45 euroren truke salduko dira elastikoak. BERRIAlagunek deskontua izanen dute: 17,95 euroren truke lortuko dute kamiseta. Horiek azkeneko prezioak dira; hau da, etxerako bidalketa eta BEZa barne.
Elastikoak Lesakako (Nafarroa) Oninart enpresak eginen ditu. Horretarako, inpresio zuzeneko estanpaketak egiteko makina erabiliko du. Hori mugarritzat dute Lesakan. «Kamisetak pentsatzeko modua erabat aldatu da; paradigma berri bat da», azaldu du Perotxenak. Izan ere, orain arte artista batek bere lan grafikoak beste euskarrietara eramateko inbertsio handia egin behar izaten zuen, eta, gainera, ez zegoen malgutasun handirik. Kamiseta kopuru bat egin behar zuen, eta, gero, saltzen saiatu.
«Kasu honetan, saldu ahala produzitzen dugu. Horrek sortzaileari izugarrizko atea irekitzen dio gauzak egiteko, eta, noski, horrela sormenari ere ateak irekitzen zaizkio». Perotxenak bazuen makina lortzeko asmoa, baina Trixertak egitasmoak eman zion azkenengo bultzada, errentagarritasuna bermatzeko. Bestalde, Trixertak egitasmoarekin oso kontent daude. «Aukera polita da elkarlanerako. BERRIA euskal komunitatearen parte da, eta guk euskaraz funtzionatzen dugu; beraz, gure marka BERRIArekin lotzea ona da». Lesakatik Euskal Herriko beste txoko batzuetara ailegatu eta enpresa ezagutarazteko beste bide bat izan daitekeela uste du. Izan ere, marka han eta hemen ezagutaraztea beti ona dela azaldu du: «Gu herri txiki batean gaude, eta hori defendatzen dugu, noski, baina batzuetan zaila da sortzaileengana ailegatzea».
Lesakara bisita
Sormen lanetik azkenengo euskarrira egin beharreko bidea urrats bakarrekoa da Oninart enpresako makinari esker. Beraz, eskariaren araberako elastiko kopurua egiten da. Prozesu hori ikusteko, aurtengo trixerten sortzaileak Lesakan egon ziren, joan den astean. «Zelako gogoa dudan ja», zioen Eider Eibarrek. Probak egiten aritu ziren, koloreak ikusten eta makinak dituen aukerak ezagutzen.
Irudia ordenagailuan zabaldu, hondoa kendu, eta kamisetan inprimatzeko eskatuta, minutu gutxian eginda dago produktua. Lehenbizi, elastikoa ongi zanpatu; gero, makinak marrazkia egin, eta, bukatzeko, berriz ere lisatu egiten dute berrogei segundoz.
Aktualitate gaiak edo albisteak batetik bestera ibiliko dira, beraz, heldu den ostegunetik aurrera. Andoainen (Gipuzkoa) lehenbiziko hautaketa egiten denetik, eroslearen etxera ailegatu arte. Aurten, gainera, Twitterren ere egonen da egitasmoa. Horretarako, erosleei elastikoa jaso orduko jantzi, argazki bat atera eta sare sozialetan #trixertak traolarekin banatzeko gonbidapena egin diete egitasmoaren antolatzaileek.
Lehenbiziko diseinua Eider Eibarrek eginen du. Ondoren etorriko dira Malmo, Axpi eta Antton Olariaga. Guziek gogotsu hartu dute aktualitatea kamisetetara eramateko erronka.
Trixertak
Berria soinean jantzirik
Heldu den ostegunetik aurrera, Trixertak egitasmoa itzuliko da. Ostegunero, kamiseta bat sortuko dute Eider Eibarrek, Ainara Azpiazuk, Antton Olariagak eta Malmo diseinu etxeak, txandaka, BERRIAko albiste batetik abiaturik. Bideoa: Trixertak (Argazki Press) [youtube]https://youtu.be/Fx9Cf_KQr9E[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu