BERRIAren urteurrena ospatzeko Aiaraldean sortu den taldean lanean dabil Izar Mendiguren (Laudio, 1988). Ostiralean, Amurrioko antzokian Zertarako hegoak antzezlana izango da.
BERRIAk 10 urte bete ditu. Ze balorazio egiten duzu urte hauena?
Gazi-gozoa. Gazia, egoera politiko normal batean biziko bagina Euskaldunon Egunkaria irakurtzen jarraituko nukeelako. Eta gozoa, BERRIAk zabaldutako bide berriengatik, urtez urte ez baitio hazteari utzi. Horren adibide dira Egunero, BERRIA, eskualde eta herrialdetako Hitzak, Berria telebista, zuzeneko kontaketak...
Ze harrera du BERRIAk zuen eskualdean?
Tokian toki, ezberdina. Arabako euskararen errealitateak ez du bestelako probintziekin zerikusirik: zazpigarren alaba gara, gaztea baina bizia. Ikaragarria da 30 urtean euskarak egin duen bilakaera hemen. Aiaraldea.com, Errioxaldea.com, Hirinet... Geroz eta gehiago dira euskara hutsezko hedabideak. Hori lehen pentsaezina zen. BERRIAk, besteak beste, euskaltegietan, ikastetxeetan, tabernetan... euskaraz irakurri eta informatzeko ohitura sortu eta elikatu du.
Zergatik da garrantzitsua BERRIAren alde lan egitea?
Goizetan paperean eta une oro sarean, Euskal Herrian eta munduan gertatzen denaren berri euskaraz jasotzeko. Mundua ulertzeko. Eta euskaraz lan egin eta bizi den herri bat dagoela ulertarazteko.
Zuk zerorrek nola irakurtzen duzu BERRIA? Paperean, Interneten?
Paperekoa etxean, eta edizio digitala Aiaraldea Irratiko Harian magazina egiten. Dena dela, kontsumitzeko era aldatu dudala ohartu naiz. Orain, sakelakoaren bidez, Twitterretik kronika, analisi edo iritzi zutabe interesgarriak zabaltzen ditut. Erreportaje eta albisteak, aldiz, paperean eta etxean irakurtzea gustatzen zait.
BERRIAko zein atal irakurtzen duzu?
Interesaren arabera bat edo beste. Baina, nagusiki politika, kultura eta agenda.
Zer duzu gustukoen?
Pote eta pintxoarekin batera egunkaria irakurtzearen tarteak uzten didan zapore goxoa.
Amurrio
«BERRIAk euskaraz irakurri eta informatzeko ohitura sortu du»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu