Informazioa zabaltzeko beste bide bati ekin dio BERRIAk. Gaurtik aurrera, Telegram aplikazioaren bidez ere jaso ahal izango da BERRIAren informazioa. Horretarako, hedapen kanal bat sortu du Telegram aplikazioaren barruan, @berriaegunkaria izenarekin (aplikazioa Internetetik hartu behar da).
Telegram mezularitza aplikazio bat da, Whatsappen antzekoa. Berez, telefonoan instalatzeko sortua da, baina ordenagailuetan ere instala daiteke. Mezuak elkarri bidaltzeko eta taldeak sortzeko aukera emateaz gain, Telegramek aukera ematen du kanalak sortzeko ere. Zer da hedapen kanal bat? Aldi berean erabiltzaile askorengana iristeko bide zuzen bat. Edonor harpidetu daiteke kanalera. Nahikoa da BERRIAren kanalera harpidetzea BERRIAk kanal horretara bidaltzen dituen mezu guztiak jasotzeko: besteak beste, testuak, argazkiak, bideoak, estekak, emotikonoak edo sticker-ak zabaldu daitezke kanal baten bidez.
BERRIAren Telegram kanalaren informazioa jasotzeko, aplikazioa telefonoan instalatuta eduki behar da (eskuragarri dago Android, iOS eta Windows Phone telefonoetarako). Gero, bi modu daude kanalari jarraitzen hasteko: Telegram aplikazioaren bilatzailean @berriaegunkaria erabiltzailea bilatu eta jarraian kanalarekin bat egin, edo kanalera zuzenean eramango zaituen estekan klikatu, t.me/berriaegunkaria, eta kanalera batu.
Zer eskainiko du BERRIAk kanalean?
Telegram kanal baten ezaugarri nagusiak bi dira: komunikazio zuzena eta berehalakotasuna, eta bietatik aurkituko du irakurleak BERRIAren kanalean: informazio garrantzitsuak, irakurgai gomendatuak, azken orduko albiste garrantzitsuak, jakin beharrekoak... Dena gertutasunetik kontatuta. Informazioa era selektiboan zabaltzeko erabiliko da kanala, eta ez albiste guztiak zabaltzeko.
Baina, kasu berezietan, gertaera garrantzitsuak kontatzeko ere erabiliko da kanala; adibidez, hauteskunde egunetan. Izan ere, datorren igandean BERRIAren kanalak hauteskunde eguneko gertaerarik garrantzitsuenen berri emango du. Gertakizun garrantzitsuak, parte hartzearen datuak eta hauteskundeetako emaitza nagusiak jasotzeko modu zuzen eta azkarra izango da.
Ohiko mezuetan bezala, kanaletan ere jakinarazpenak aktiba daitezke, mezu berrien abisua jasotzeko, eta baita isildu ere, nahi denean.