Berria Taldea

BERRIAlagunek dute giltza

Erabiltzaile estatusa aitortuko dien eta abantaila gehiago izateko aukera emango dien espazio digitala izango dute gaurtik BERRIAlagunek. Kontu propioa sortu beharko dute abantailak baliatzeko.

ainara arratibel gascon
2016ko maiatzaren 19a
16:23
Entzun

BERRIAlagunen komunitatea sendotu eta haiei abantaila, ahalmen eta ahots handiagoa emango die gaurtik aurrera BERRIA Taldeak. Erabiltzaile estatusa izango dute. Hori guztia gauzatzeko espazio digitala izango da Berria.eus/berrialaguna webgunea. Erabiltzaile kontu propioa sortu, eta, klik gutxi batzuekin, abantaila horietaz gozatu ahal izango dute: artikuluak gorde, etorkizunean BERRIAk izango duen sakelako telefonorako aplikazioa pertsonalizatu, paperezko edizioaren PDF bertsioa doan jaso, zozketak, ekitaldiak... Orrialdeak, halaber, BERRIA Taldearen jardunaren erakusleiho ere izan nahi du, proiektua gizarte osoari zabalduz. Bideoa: Iban Arregi, BERRIA taldeko kontseilari ordezkaria (Lara Medinabeitia. BerriaTB).

[youtube]https://youtu.be/xq1o5i-NUTg[/youtube]

2011n sortu zuen BERRIA Taldeak BERRIAlagunaren figura. Proiektua ataka zailean zegoen, ekonomiaren eta hedabideen negozio ereduaren krisia gogor estutzen ari ziren. BERRIAk gogoeta bat egin zuen. Izan ere, komunikabide idatzi askotan zegoen eztabaida zen Interneteko edukiak itxi eta ordainpeko jarri edo ez. Batzuek ordainpeko jartzearen alde egin zuten, diru sarrerak ugaritzeko modu gisa. BERRIAK, ordea, ez ixtearen aldeko hautua egin zuen. «Euskararen normalizazioan betetzen duen eginkizuna eta funtzio soziala kontuan hartuta, ixteak talka egiten zuelako gure izaerarekin eta egiteko nagusiekin», nabarmendu du Ainara Lasak, BERRIA Taldeko Publizitate eta Marketin arduradunak. Baina paradigma aldaketa bat garatzea ere erabaki zuen: «Ordura arte, Euskaldunon Egunkaria-tik BERRIAra egindako bidearen oinarria ziren produktua saltzea eta erostea, eta, 2011. urtean proposatu genuen produktua erostetik harago, proiektua babestera pasatzea».

Horretarako arrazoia Lasak berak azaldu du: «Komunikazio proiektu hau gero eta poliedrikoagoa da bere euskarrietan, eta halakoa izan behar du hura babestuko eta sustatuko duen komunitateak ere. Hala sortu genuen BERRIAlaguna kontzeptua».

Egun, 13.580 lagunek osatzen dute BERRIAlagunen komunitatea. Estatus aldaketa horren barruan, proiektua edozein modutan babesten duten komunitateko kideak BERRIAlagun bihurtuko dira. «Hor barruan egongo dira BERRIAlagunak, harpidedunak eta iragarleak», azaldu du Beatriz Laskurainek, BERRIAlaguna ataleko kudeaketa arduradunak.

Proiektuko oinarri sendoetako bat da haiek urtero egiten duten diru ekarpena. Hori dela eta, haien ekarpenak BERRIA Taldearentzat duen balioaren araberako abantaila, ahotsa eta ahalmena eman nahi dizkie: «BERRIAlagunek ematen diguten babesaren eta izaeraren araberako izango da proiektu hau», nabarmendu du Lasak.

Horri bide emateko tresna edo espazioa Interneten egongo da. Bide horretan saltoa bikoitza dela berretsi du Pello Urzelaik, BERRIA Taldeko IKT arduradunak: «BERRIAlagunei aitortu nahi diegun izaera eta estatus aldaketa horrekin batera, ahalmen hori mundu digitalera bideratu nahi izan dugu».

Askotariko abantailak

Espazio digital horretara ailegatzeko bide bat izango da: webgunearen bidez egin beharko duten erregistroa, eta kontu propioaren sorrera. Aldaketa «sakona eta inportantea» dela onartu dute Urzelaik eta Lasak: «Elkarrekin egingo dugu bidea, eta hor izango gaituzte edozertarako. Garrantzitsuena da kontua sortu eta erregistratzea. Horretarako deia egin nahi diegu jada BERRIAlagun direnei. Gainontzean, ezingo dituzte abantailak aprobetxatu». Urzelaik zehaztu du, gainera, bide baten hasiera baino ez dela gaur hasitakoa.

«Ahaldundu» egin nahi dute haien figura. «Proiektuari diru ekarpen bat egiten dioten heinean, gehiago izatea nahi dugu, eta abantaila batzuk izatea. Estatus handiagoa aitortu nahi diegu». Estatus hori esklusibotasunarekin parekatu du. «Proiektuaren ordaintzaile direnei tratu berezia eman nahi diegu, BERRIA Taldeak dituen egitasmo guztietan». Hurrengo urrats batean, BERRIAlagunen parte hartzea ere sustatuko dute. «Ahotsa eman nahi diegu, eta ahalmen eta ahots hori areagotuz joango gara».

BERRIAlagunek izango dituzten abantailak lau ataletan banatzen dira: irakurle aurreratua, zozketak, ekitaldiak eta denda. Hala, irakurle aurreratuaren figuraren barruan, hemendik aurrera BERRIAlagunek webguneko artikuluak beren kontuan gordetzeko modua izango dute. Horretarako, artikuluan agertuko den ikono batean klik egitea besterik ez dute. Informatiboki lantzen dugun proiektu hori beste modu batera eskaini nahi diete, interesgarria iruditzen baitzaie edukien aldetik haien feedbacka edukitzeari ere, jasotzea. «Gordetzen diren artikuluak gero sare sozialetan edo posta elektronikoz partekatu ahal izango dira, edo dagoeneko beharrezkoa edo interesgarria iruditzen ez zaienean ezabatu», zehaztu du Urzelaik.

BERRIAk aurki izango duen sakelako telefonorako aplikazio berria, eta, han, funtzionalitate berezi batzuk izango dituzte. «Menua pertsonalizatzeko aukera izango dute, eta beren gustura antolatzekoa: zein sailetako albisteak ikusi nahi dituzten aurrena, sailak nahi dituzten moduan antolatu, atalen bat ikusi nahi ez badute ezkutatu... Gainera, artikuluak gorde eta gero konexiorik gabe irakurri ahal izango dituzte», zehaztu du Urzelaik.

Gainera, paperezko edizioaren PDFa jasoko dute, doan. «Erraztu egingo zaie PDF bertsioak aurkitzeko modua, eta, azken aleak ikusi ez ezik, kontsultatu ere egin ahal izango dituzte aurreko bertsioak, egutegi baten bidez aukeratuta. Bistaratzaile batekin plataforma guztietan ikusi ahal izango dituzte: sakelakoan, ordenagailuan zein tabletetan».

Zozketen kasuan, asko erraztuko da BERRIAlagunek horietan parte hartzeko aukera. «Klik bakar batekin eman ahal izango dute izena zozketetan parte hartzeko». Gainera, astero egingo dira zozketak. Bestalde, ekitaldien kasuan, BERRIAlagunentzat propio antolatutakoak egingo dira, eta BERRIAk elkarlanean antolatzen dituenetan abantailak izango dituzte.

Webguneak baditu, bestalde, erregistratu gabe kontsultatu eta balia daitezkeen atal batzuk. «Adibidez, dendan edozeinek erosi ahal izango du, nahiz eta BERRIAlagunek abantaila batzuk izango dituzten: beherapenak, ordaintzeko erraztasunak...».

BERRIA Taldearen jardunaren nondik norakoak emateko plaza bat ere izango da webgunea. Horretarako, BERRIA Berri atala sortu dute. Hor, BERRIAren bloga egongo da. «Talde moduan oso jardun aberatsa eta askotarikoa dugu, ez soilik komunikabideen esparruan. Beste alor batzuetan parte hartzen dugu, eta sustatzaile gara: kulturaren alorrean, euskararen normalizazioan... Barrura begira ere berdintasun plan bat lantzen ari gara, eta unean uneko gogoeta desberdinak egiten gabiltza. Horren berri blogean emango da», azpimarratu du Lasak.

Gainera, jende gehiago proiektura eta BERRIAlagun izatera animatzeko baliatu nahi dute urrats hau: «BERRIAren oihartzuna handia da. Hor daude, besteak beste, egunkaria kioskoan erosten dutenenak edo sare sozialetan gure artikuluak partekatzen dituztenak. Prozesu honetan, gure helburuetako bat da ekosistema horretara iritsi eta komunitatera erakartzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.