Ekintzaileek izan beharreko ezaugarriez ari dela Googleren azken proiektuari buruz galdetu du Barbara Navarrok. «Ezagutzen al du inork Art Project?». Adi-adi ditu entzuleak. Jardunaldi osoan zehar hainbatetan errepikatu du «onenen» teknikak ikasi behar direla, eta konpainia estatubatuarrak berrikuntzaren gaiari buruz badaki zerbait. Hain zuzen ere,Googleren politika publiko eta erakunde arteko gaien arloko zuzendaria da Navarro Espainian, Italian, Portugalen eta Grezian. Artelanak digitalizatzeaz arduratzen da Art Project, eta ideia Madrilgo bulegoan jaio zela azaldu du Navarrok, primizian. Prado museoko hamalau artelan digitalizatu ziren hasiera batean; egun, 30.000 artelanetik gora ditu, eta 155 erakundek parte hartzen dute. «Helburu handietan pentsatu zuen pertsona honek, eta zuek ere berdin egin beharko zenukete».
Europako Hiriburu Berdea izateaz gainera, ekintzailetasunaren hiriburua ere bada asteburu honetan Gasteiz. Izan ere, jatorri askotako 500 gazte ekintzaile inguru batu dira Arabako hiriburuan, Green Bussines Europe biltzarrean. Iraunkortasunean oinarrituriko eredu baten bidez, eraginkorrak izatea dute helburu parte hartzaileek. Merkatu Berdea delakoa hizpide, elkarren artean esperientziak trukatzeko. Ekintzaileak batu eta elkarrekin ikasteko asmoarekin antolatu du biltzarra Ajebask elkarteak. Goizean, hitzaldi eta mahai inguruak daude antolaturik, iraunkortasuna bermatzeko, jada existitzen diren erremintak nola erabili ikasteko. Arratsaldean, ostera, goizean ikasitakoa praktikan jartzeko aukera dute gazteek, hainbat tailerren eta Networking topaketen bidez. Horietan, gazte ekintzaileek esperientzia askotarikoak partekatzen dituzte.
Eraginkortasuna, gakoa
Eraginkortasuna, ideia legez, ingurumenaren errespetua eta errentagarritasun ekonomikoarekin lotzen direla ondorioztatu dute lehenbiziko mahai ingurutik, baina, nagusiki, ekoeraginkortasuna izan da hizpide. «Ekonomikoki errentagarria izateaz gainera, ekologikoki garbiak gara ekoerangikortasuna kontuan hartuz gero». Ekitaldian alor hori ukitzen duten hainbat arlo jorratu dira, hala nola argiztapenari dagokiona eta biomasaren gaia. Horren onuren artean bi nabarmendu ditu Xabier Piñeiro Herz enpresako merkataritza zuzendariak. «Zero balantzea eta Green Power delakoa». Energia modu horri kontu handiago eginez gero, aurten Espainian egon diren suteak «zainduagoak» lirateke, adibidez.
Barbara Navarrok esaldi bakarrean bildu du, ostera, iraunkortasunak zer izan behar duen: «Iraunkortasuna jarrera bat da». Eta, jarrera hori garatzeko bideei buruz galdetuta, erronka nagusiak hiru direla erantzun du: porrotari beldurra, finantzaketa eta traba burokratikoak. «Hutsetatik ikasi beharrean, hutsak egitea zigortu egiten da hemen. Porrotari diogun beldurra alboratu behar dugu». Horri finantzaketarako egon daitezkeen arazoak gehitu behar zaizkio. «Egun, proiektuen %30 soilik da autofinantzatua». Horrez gainera, ekintzaileek gainditu beharreko oztopoak haintzat hartzea gomendatzen die. «Egun, herrialde bateko esparru arautzaileak lehiakideek baino gehiago eragin dezake». Baikor agertzen da Navarro, hala ere. Uneoro ditu ezpainetan sormena, talentu, konfiantza eta antzeko hitzak.
Etorkizuna erronka
Ibilbide oparoa izatea posible den arren, krisi ekonomikoaren mamuarengandik ihes egitea zaila da. Europa jauregian egindako biltzarrean ere agertu da, protagonista gazteak izan arren. Hainbat hitzalditan errepikatu da, hala ere, gizabanakoak muturreko egoeretan zorrozten duela burmuina. «Ekitea jarrera kontua da, eta hori sustatu egin behar da; are gehiago, oraingoa bezalako garaietan», defendatu du Barbara Navarrok. Eta Googlen eredua aipatu du berriro. «Guk, gure lan orduen %20 proiektu berriak pentsatzeari eskaintzen diogu. Ez diogu mugarik jartzen gure buruari, gainera. Proiektu bakoitzaren helburuak mundua aldatzea izan behar du».
Ekintzaileen jardunak ekonomian izan dezakeen garrantziaz oharturik, enpresa arduradunez gainera, agintariek ere agertu diete babesa gazte ekintzaileei. Hasiera ekitaldian hitz egin zuten, besteak beste, Patxi Lopez lehendakaria, Arabako ahaldun nagusi Javier de Andres eta Gasteizko alkate Javier Marotok. Bereziki «harro» agertu da azken hori. Arabako hiriburuak bizi duen urte «bereziarekin» lotu du gazte ekintzaileen biltzarra bertan egitea. «Gutxiagorekin gehiago egin behar da. Hori da zuen enpresa eredua, eta hori da Gasteiz kudeatzeko darabilgun bidea. Bietan ere, iraunkortasuna da gakoa». Lopezek ere elkarlana nabarmendu du, «tradizio industriala» berreskuratzeko deia egiteaz gainera. Horri lotuta, «estrategikotzat» jotzen du Lopezek Gasteizko Mercedes lantegian egingo den proiektua; katean egingo diren lehenbiziko furgoneta elektrikoak egingo dituzte. De Andresentzat, berriz, garrantzitsua da erakundeak ere «garaietara» egokitzea.
Gaurko egitaraua
Lehenbiziko eguneko metodologiarekin jarraitzeko, hitzaldi eta tailerrak egongo dira gaur. 10:00etan hasiko dira ekimenak; 11:00etan, adibidez, Ikea Ibericako iraunkortasun zuzendariak produktuen iraupenari buruzko hitzaldia emango du; horrekin batera, Green pintxoak egiteko aukera egongo da lantegietako batean. Amaiera ekitaldiarekin itxiko da biltzarra.
Arratsaldeko aukerak ere arinak izango dira. Naturaren berezko prozesuak nola lantzen diren ikusiko da Biomimetika tailerrean, eta, horrez gainera, mahasti eta ardandegi ezberdinetarako irteerak prestatu dituzte.
Ezarian
Berrikuntza, jarrera kontua
Europako Hiri Berdea izateaz gainera, gazte ekintzaileen topagunea da egunotan Gasteiz. Hantxe elkartu dira 500 lagun, Green Bussines Europe biltzarraren harira. Iraunkortasuna eta ingurumena dituzte hizpide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu