Eskiatzaileek nahi baino beranduago dator aurten elurra; ondorioz, aurtengo eski denboraldirako egindako berritasunak probatzeko zain egon beharko dute.Besteak beste, pista berriez eta elurraren ekoizpenean egindako inbertsioez gozatu ahal izango dute datozen hilabeteetan.
Aragoiko Pirinioetan (Espainia), bi pista berri irekiko dituzte hasiberrientzat: horietako bat Valdelinares estaziokoa da, Bambolia deitua; 2,5 kilometro luze ditu, eta puntu altuenetik estazioaren sarrerara jaisteko aukera emango du. Cerler estazioan, berriz, Cargol deituriko pista berri bat ireki dute. Horrez gain, elurraren ekoizpena hobetzeko, 800.000 euroko inbertsioa egin dute Aragoiko Pirinioetako eski estazioetan: kanoi berriak jarri dituzte Valdelinaresen, Formigal-Panticosan eta Cerlerren. Halaber, alokairurako baliabideak ere hobetu dituzte Formigal-Panticosan eta Javalambren. Oraingoz, Cerler estazioa soilik dago irekita Aragoiko Pirinioetan.
Kataluniako Pirinioetan bestelakoa da egoera, estazio gehientsuenek irekita baitituzte zati batzuk. Haietan ere bada berritasunik; Vaqueira-Bereten, kasurako. Baciver deituriko eskiatzeko eremu bat ireki berri dute. Maila gorriko bost pista daude, baita urdin bat ere. Port Aine eta Espot estazioek ere eskaintza handitu dute; haurrentzako zirkuitu berri bana ireki dute, Lo Gall Fer eta Lo Cabrirol, hurrenez hurren. Port del Comte estazioak, ostera, elurraren kalitatea hobetzeko inbertsioa egin du; elurra ekoizteko kanoi berriak jarri ditu, baita zanpatzeko makina berri bat ere.
Okzitaniako Pirinioetan ere antzeko berrikuntzak egin dituzte: Peyragudesen, esaterako, Alouette izeneko pista urdin berriaz gozatu ahal izango dute eskiatzaileek. Hiru kilometro luzekoa da, eta Agudes eremuan dago. Bareges-La Mongieko eski estazioan ere ireki dituzte pista berriak; horrela, erraketekin ibiltzeko eta iraupen eskia egiteko aukera dute eskiatzaileek Tourmalet inguruan. Azkenik, Cauteretseko eski estazioak jolaserako espazio berri bat sortu du: Fun Park. Gaztetxoek ondo pasatzeko eta eskiatzen ikasteko aukera dute bertan.
Berrikuntzak ere elurraren zain
Bost pista gorri dituen eremu berri bat jarri dute Vaqueira-Bereten. Elurra hobetzeko inbertsioak egin dituzte hainbat estaziotan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu