Martxan jarri da jada Infozazpi irratiaren programazio berria. Informazioa eta eguneko gaien analisia oinarritzat hartuta, Kalegorrian saioa izango da aurtengo sasoiko erreferentzia nagusia. Saioa indartzeko helburuarekin, bi aldaketa egin dituzte: batetik, ordutegia aldatu eta saioa goizeko 11:00ak arte luzatzea —07:30ean hasita—; bestetik, edukia berritu eta eguneroko tertuliak, egunkarien irakurketak —Ion Telleriaren laguntzarekin—, eguneko agenda eta era horretako tarte berriak sartu dituzte.
30 minutuko albistegiaren ostean, mahai ingurua egingo dute hainbat adituk. Bertan, eguneko gai garrantzitsuen inguruan eztabaida bat egingo dute, eta, besteak beste, Martxelo Otamendi (BERRIA), Fermin Munarriz (Gara), Joseba Santamaria (Diario de Noticias) eta Jose Mari Perez Bustero (idazlea) arituko dira hizlari gisa.
Ipar Euskal Herrirako tartea ere izango da. Joan den sasoian bezala, ostiralero mahai ingurua egingo da bertako gai nagusien analisia egiteko. Horretarako, iaz baino kazetari gehiagok parte hartuko dute. Besteak beste, Goizeder Tabernak (Journal ), Aitor Renteriak (BERRIA), Allande Boutinek (France 3 Euskal Herria) eta Bixente Vrignonek (CADE) parte hartuko dute. Saioaren amaieran, eguneko agenda begiratuko dute Maite Bidarte kolaboratzailearekin.
'Gureaz blai!', estreinako saioa
Berrikuntzen artean, Gureaz blai! saioa dago. Euskaldunak aktibatzeko saioa da, euskaldunei euskaraz bizitzeko deia egiten diena. Saioaren gidaritzapean, Nekane Zinkundegi eta EMUN elkarteko Ainhoa Lasa arituko dira. Asteartero, 13:00etan hasikoda saioa, eta 30 minutu inguru iraungo du.
Ainhoa Lasa aurkezleak «euskaldunak noiznahi eta nonahi euskaraz aritzeko helburuarekin egiten den saio» gisa definitu du Gureaz blai! saioa. «Infozazpi irratiak agian jendeari euskaraz aritzeko mezu aktibo bat falta zuela esango nuke, eta saio honek hutsune hori beteko du», adierazi du Lasak.
Bi atal nagusi izango ditu saioak. Lehenengoan, eguneroko egoera erreal bat proposatuko da —adibidez, denda bateko langile batek euskaraz ez jakitea— eta egoera horren aurrean zein soluzio egon daitezkeen adieraziko da. Entzuleen bizipen eta egoerak ere proposatuko dira, saiora deitzen dutenen artean. Bigarren atalean, gaur egungo baliabideen berri emango da, eta, horretarako, adituak gonbidatuko dira.
Lehen bi saioen ostean, balorazio ona egin du Lasak: «Entzuleek oso ondo hartu dute saioa; euskalgintzako hainbatek ere zorionak bidali dizkigute».
Kulturak garrantzi handia izango du sasoi berriko programazioan. Zebra Bidean saio berria da horren adibide. Izan ere, Haize Orratza saioarekin batera, kulturaren erreferentzia bilakatuko dira Infozazpi irratian.Tas-Tas, Hala Bedi eta Antxeta irratiekin batera elkarlanean egindako programa da.
Mundurama saioa ere berrikuntzen artean dago. Oihan Larrañagaren eskutik, nazioarterako begirada egingo da, eta gertakari askoren zergatia argitzen saiatuko da.
Gaueko ardatza, musika
Astelehenetik ostiralera bitarteko gauetan, musika nagusituko da. Adibidez, Revolutionary Grooves eta Sound System saioek musika beltza eta elektronikoa jorratuk dute.
Rock musika, punk eta rap doinuak ere izango dira, Bailara ezkutua, Kaleko mobida eta Xolomo Gangsta saioen eskutik.
Komunikazioa
Berrikuntzekin ekin dio Infozazpi irratiak 2012-2013ko programazioari
'Kalegorrian' programa indartzeko asmoz, mahai inguruak eta analisiak egingo dituzte aurrerantzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu