Idazlea

Fito Rodriguez: «Bertako kultura eta jatorria ezkutatzen ditu turismoak»

'Turismo hutsala' liburua argitaratu du Rodriguezek, turismoa mundu osoko arazo bilakatu dela iritzita. Turismoak, hutsala denean, funtsik gabeko bizipenak eragiten ditu, bertzeak bertze.

Fito Rodriguez, joan den astean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Fito Rodriguez, joan den astean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iratxe Muxika
Donostia
2025eko maiatzaren 3a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Lazkao Txikik ere izan zuen, nonbait, turismoaren berri. Hala kantatu zuen behin: «Kanpoai lagun behar zaio baina/ etxea dugu lehenbizi». Etxea, baina, zaintzen jakin behar da, eta bidaiatu ere era kontzientean egin behar da. Turismo hutsala liburua argitaratu du Fito Rodriguezek (Gasteiz, 1955), Zeelanda Berritik bueltatu zenean bizitakoaz hausnartu ondoren. 

Zergatik hutsala? 

Nik planteatzen dudana zera da: turismoa dagoeneko mundu osoko arazo bihurtu dela, arazo objektiboa eta subjektiboa. Ez munstro bat delako, baizik eta haren hutsaltasunagatik kalte egiten duelako. Bizi garen munduan aske izan nahi badugu, erantzukizun bat daukagu: erantzukizun morala. Jakin behar dugu nora goazen eta zer egiten dugun han, eta, noski, gu joateak zer eragin dezakeen. Giza espezieak bidaiatuz egin du bere eboluzio bidea. Arazoa da orain bidaia hori hutsala eta gaiztoa bilakatu dela. Hori guztia aztertu beharrean ikusi nuen nire burua, eta horretarako egin dut saiakera literario hau. 

Salaketa bat da?

Saiakera ez da gauza jakin bati buruz egindako monografia bat, eta ez da ikerketa bat, eta ez da salaketa bat. Nik sentitu eta ikusi dudana idatzi dut, ez hainbeste leku zehatz baten deskribapena. Horixe baita bidaia: momentua eta sentitzen dena; eta behin bakarrik bizitzen da, bide batez. Hori dena erakusteko hizkuntza erabili dut, eta liburu forma hartu du azkenerako. 

Zein dira turismo hutsalaren ondorioak? 

Ondorio kaltegarri objektibo asko ekartzen ditu turismoak, hala nola karbonizazioa, gentrifikazioa... Jende multzo bat leku batean sartu ahal izateko bertako jende multzo batek alde egin behar du, eta horrela ari zaizkigu hiriak eta kulturak aldatzen, kanpotik etortzen direnentzat saltzen ditugulako. Pixkanaka gure kultura folklorizatzen ari dira, eta jatorrizko harreman moduak galtzen hasten dira, gaiztakeria hutsalaren ondorioz. Gure gizarteak, horri kontra egin beharrean, egokitu egin nahi du, eta dena aldatzen du turismoaren arabera. 

Literatur saiakera honen bidez, hausnarketa bat egitea da nire asmoa, gogoeta bat. Hau ez da mezu politiko bat, edo ikerketa sakon bat, edo kritika bat. Soilik erakutsi nahi nuke turismoak zenbat gauza ezkutatzen dituen. 

Adibidez? 

Bertako kultura eta jatorria ezkutatzen ditu turismoak. Niri Zeelanda Berrira joateko aukera agertu zitzaidan, lagun batek joan behar zuelako eta niri ere joateko proposatu zidalako. Baietz pentsatu nuen, eta, hara iritsi nintzenean, gure egoera berbera topatu nuen han: turismo hutsala. Antipodetara joan nintzen, eta han ikusi nuen turismoa gurpil zoro hutsa dela. Edertasunaren bila goaz, saldu digutena ikustera, merezi duen toki batera, baina leku hori hondatzen ari gara, eta gure lurra ere honda dezaten eragiten dugu. Hor hasten da gurpil zoroa bueltaka, guk ere geure buruen kontra egiten dugunean. 

Eta ondorio subjektiboak? 

Funtsean, bizipenen hutsaltasuna da. Alegia, ez bihurtzea esanguratsu egiten duguna. Ez edukitzea gaitasunik ikusi dugun horretatik ezer ateratzeko edo gure bizitzan eragiteko. Kapitalismo emozional baten ondorio bihurtu da turismoa. Kapitalismoa hasieran produkzioa zen; gero, sistema gisa funtzionatzeko, konturatu ziren kontsumoa funtsezkoa zela produkziorako, eta horrela garatu zen kapitalismo kontsumista. Orain, ordea, hori atzean geratu da, eta orain esperientzien kontua ari dira saltzen. Kapitalismo emozionalak eragiten du elitismoaren atzetik joan nahi izatea. 

Desberdina da bidaiaria izatea eta turista izatea?

Literaturaren historian bereizi egin izan dituzte bidaiaria eta turista; bidaiaria elitekoa zen eta turista, berriz, masakoa. Masakoa, azkenean, munduko bidaien demokratizazioa da, eta horri ezin zaio kritikarik egin ikuspegi elitista batetik, nik uste. 

Egin behar duguna da galdutako denbora horren atzetik joan, berreskuratu; bizi izan ditugun sentimenduek zerbait eragin diezaguten, baina era kontzientean. 

Eta nola egiten da hori?

Nire ustez, turismoari modu subjektiboan aurre egiteko modu bakarra era literarioa da. Askotan aipatzen den déjà vu delako hori benetan egin beharko genuke; alegia, berriz bizi momentua, baina bizi benetan. Turismo hutsalak, baina, galarazi egiten digu hori. Galarazi egiten digu sentitzea eta bizitzea, azkar eta dena ikusi nahi dugulako. 

«Piano, piano, si arriva lontano».

Esaldi horrekin bukatzen da liburua, bai, horren alde egiten dudalako mundu azkar eta presazko honetan. Goazen bizitzera, mantso eta ondo. Bizi ahal izateko, zukua atera behar zaio bizitzari, eta amets egin. 

Nola egin daiteke bidaia bat turismo hutsalik egin gabe? 

Kontuan hartuta bidaia ez dela fisikoki mugitzea soilik, baizik eta denboran ibiltzea. Bidaia, gainera, joan aurretik hasten da, jakin behar delako nora joango garen eta nola jokatu behar dugun han; zer ez den zanpatu behar han. Bueltan, ikusitakoari zukua atera behar zaio. Gogoratuz eta berriro biziz. 

King izeneko margolari baten Hiri eta landa paisaia koadroa ikusi nuen Zeelanda Berrian, Wellingtonen, eta ohartu nintzen bertan margotuta zegoen paisaiak zerbait ezkutatzen zuela: Aotearoa. Alegia, maorien bizitza, jatorriarena; horren ordez gauza idiliko bat erakusten zuen, saltzeko zerbait, eta jatorrizkoa ezkutatu egiten zuen. Horixe da turismoaren adibide garbi bat. Kolonialismoa eta konkista ezkutatzen ditu. 

Euskal Herrian ere gertatzen da hori.

Jakina, jolas parke hutsa bihurtu dute gurea, eta uste dut garrantzitsua dela horretaz hausnartzea. Sagardotegiei begiratzea besterik ez dago; begira zer bihurtu diren. Ocho apellidos vascos filmaren eraginez ere gertatu zen; jendea Zumaiara [Gipuzkoa] joaten hasi zen, folklorizazio faltsu bat ikustera. Horrek ezinbestean ekartzen du turismo faltsu bat, izorratzen gaituena objektiboki eta subjektiboki.

Zer nahiko zenuke jendeak pentsatzea liburua bukatzean?

Nik ez nuke nahi salaketa bat denik pentsatzerik; arazo bati buruz egindako gogoeta bat da, eta nahi nuke jendeak kontzientzia hartzea. Gainera, ez da testua bakarrik, fisikoki ere ikusgarria da liburua, badauka artetik egindako ekarpena ere. Idazten dugunean bat egiten dugu gure oroitzapenekin, gure bizipenekin. Bidaiak, neurri batean, literaturarekin oso lotuta doaz. Liburu bakoitza bidaia bat da, eta testu bakoitzak xenda batera garamatza. 

LOTSABAKO

Egin duzun bidaiarik gustukoena?
Pazko uhartea [Txile].

Buruan duzun bertze bidaia bat?
Pirinioak; maiz joaten naiz.

Liburu bat?
Sesame and Lilies (Sesamoa eta zitoriak).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.