Bilboko Aste Nagusia 

Bertso galdatan

Bertsozalez betetzen da Bilboko Done Jakue plaza Aste Nagusiko eguerdietan. 500 lagun inguru bildu ditu, adibidez, Jone Uria, Agin Laburu, Julio Soto eta Amaia Agirre bertsolarien saioak.

Katedralaren itzaletan jarri zen jendea atzo Bilboko Done Jakue plazako bertso saioan. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2016ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bertsoaren erresuma». Eguneroko saio finkoa du bertsolaritzak Bilboko Done Jakue plazan, eta horregatik aldatu zion izendapena lekuari Jone Uria bertsolariak atzoko saioan. Hor egiten dute errima Aste Nagusiaketa bertsoak. Izan ere, egunero izaten da bertso saio bat han, eguerdian, festek iraun bitartean, eta beteta egoten da plaza aldiro. 500 lagun inguru izango ziren atzo, adibidez, Uria, Agin Laburu, Julio Soto eta Amaia Agirre entzuten. 500 pertsona inguru, eta gehien-gehienak elizak egiten zuen itzaletan babestuta. Gogor jotzen zuen eguzkiak,eta gutxi batzuk baino ez ziren gelditu agertoki aurreko galdatan. Horregatik kantatu zuen Agirrek hura bertso saioa izan beharrean «bertso sauna» bat izango zela, eta horregatik egin zuen broma Sotok ere bere lehendabiziko bertsoan: «Plaza hontan eguzkia/ daukat akorduan;/ mugituz joaten dela/ eguerdi orduan./ Igual bertso saioa,/ kantu ta marruan,/bukatu beharko dugu/ eliza barruan».

Ofizioka hasitakoan, ardatz nagusi bat izan zuen atzokosaioak: gaurkotasun informatiboa. Kasik esan liteke kantaldia egunkariko orriz bildu zuela gai-jartzaileak. Burkiniaren debekuari buruz jarri zituzten kantuan Uria eta Laburu. Bilboko Arte Ederren Museoko lan gatazkari abestu zioten Sotok etaAgirrek. Zezenketek piztutako polemikaz jarri zituzten kantuan Uria eta Soto, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen eta Joseba Asiron Iruñeko alkatearen rolean. Urrezko domina bat lortzeagatik pozik Soto, eta baita penaz ere, urre hori Espainiako banderapean lortu duelako. Arnaldo Otegiren ahotsetik ere aritu zen Uria, eta Mariano Rajoi (Soto), Idoia Mendia (Agirre) eta Iñigo Urkullu (Laburu) izan zituen aurrean.

Festek ere izan zuten tarterik kantaldian. Alkohola, parranda, dantza... Baina baita gai arantzatsuak ere. Sexu erasorik egon ez dadin txosnetan dabiltzan talde feministako kideen roleanjarri zituzten Uria eta Agirre,eta haien begiradarekin urdurituz doazen bi mutilen rolean Laburu eta Soto. Zalantza dute haiekin ligatu nahi ote dutenala susmagarritzat jo dituzten. Koplaka. Eta itxuran ez bereziki eroso ere. Erdiz umoretik, eta erdiz salaketatik. Sotok, adibidez: «Gizonek zenbat eraso klase,/ herritar bezala praile,/ baina gizonak garen guztiok/ ez gara erasotzaile». Eta Agirrek gero: «Ez zaretela lehenago ere,/ gu egin gara gaur jabe./ Etorri eta topa egin daigun/ jai sano batzuen alde».

Komunean lotan

Umore hutseko tarteak ere izan zituen kantaldiak, halere. Kutsu klasikoa izan zuen, esaterako, Uriak eta Agirrek elkarrekin egindako saioak, adibidez. Bizilagun rolean biak, baina Aste Nagusian erabat libre eta festetara emana Agirre, eta astez lan egin beharrean Uria. Dutxarako bidean, komunean lo topatzen du laguna Uriak: «'Jai eguna egunero,/ inoizko ondoen',/ esan dit gaur ahoa/ ireki ondoren./ Ohea hurbil zeneukan/ gainera nabarmen;/ inbidia emateko/ jarri zara hemen».

Gaur ere bertso saioa izango da plazan. Etxahun Lekue, Onintza Enbeita, Unai Agirre eta Uxue Alberdi arituko dira kantuan,eta etzi, berriz, 15 euroren truke bertso bazkaria izango da Igor Elortzarekin eta Sebastian Lizasorekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.