Ehun eta laurogei urte. Denbora hori igaro da Manuel Antonio Imaz bertsolariak bere baserriaren inguruetan pago motz bat landatu zuela. Dagoeneko zuhaitz «berezia» da, hala izendatu zuelako Jaurlaritzak 1997an. Orain, salto egin du berripaperetara, eta haren historia bolo-bolo zabaltzen ari da berriz ere. Izan ere, beharrezko botoak lortuz gero, 2017ko Europako zuhaitza izan liteke. Baina, horretarako, Espainiako zuhaitz batzuen aurretik geratu beharko du, eta, ondoren, azkenengo fasean gailendu.
Enviromental Partnership Association elkarteak antolatzen duEuropako Urteko Zuhaitza lehiaketa, eta tokian toki beste elkarte batzuen laguntza du horretarako. 2011. urtean abiatu zuten egitasmoa, zuhaitz zaharrak kontuan hartu eta babestu beharreko ondare natural eta kultural gisa aldarrikatzeko. Lehiaketa berezia da, edertasuna, tamaina edo adina baino garrantzitsuagoa delako hautagaien historia, eta pertsonekin duten lotura.
Altzon (Gipuzkoa) bada baldintza horiek betetzen dituen zuhaitz bat, gutxienez: lehiaketan parte hartzen ari dena. Txapelketako azken fasera ailegatzeko, Espainiako zortzi zuhaitzen aurretik gelditu beharra du Altzoko pagoak. Edozeinek eman dezake botoa Internet bidez: arboleuropeo.es webgunean izena eman baizik ez da egin behar horretarako. Euskal Herriko hautagaia bigarren postuan da lerro hauek idazteko momentuan, Espainiako larizio pinu baten atzetik. Hain zuzen ere, 50 boto ingururen aldea dago bien artean.
Lehiaketaren aferak aztoratu egin ditu Imaz bertsolariaren ondorengoak. Sakelakoa eskuan dute ia egun osoan, bati eta besteari botoa emateko eskatzeko. Hala dago Pilar Zubiarrain, Imazen hereniloba. Hark oraindik ez daki zerbait ematen ote dioten irabazleari, baina, ohoreagatik bada ere, ilusioa dute lehiaketarekin. Gainera, bestelakorik lortu liteke. «Irabaziko bagenu, pago motzen basoak ezagutarazten lagunduko luke». Hori da haren herenaitonak landatutako zuhaitz mota.
Gizakiaren esku hartzea beharrezkoa da pago motza izateko. Pagoari goiko adarrak inausten zaizkio hamar-hamabost urtean behin, eta, gorantz hazi beharrean, zabaldu egiten da zuhaitza. Garai batean, ohiko jarduera zen hori Euskal Herrian. Ontzigintzan erabiltzeko edo egur ikatza egiteko erabiltzen zuten adarrak. Zubiarrainek azaldu duenez, Oiartzunen (Gipuzkoa) dago pago motzen basorik handiena, eta horrelako basoetan «inon aurkitzen ez diren animaliak» izaten direla azaldu du.
Zuhaitzarekin ezkondurik
Eztei egunez sortu zen Altzoko pago motza, lehiaketako parte hartzailea. Hain zuzen ere, Imaz eta Paula Jauregiren ezkontza egunean landatu zuen bertsolari altzotarrak, 1836ko irailaren 22an.«Sortutako familiaren ezaugarri gisa landatu zuen, eta zaindu egin zuen». Zabalera hazten direnez, noizbehinka neurtu egiten zuen gerrikoarekin; etxera joan, eta upel batean markatzen zuen nola loditzen ari zen. «Ondorengo guztiek bertsolariaren arbola deitu diogu; Altzoko herriak ere bai. Orain, herriko ondarea da, denon zuhaitza», esan du Imazen ondorengoak.
Denen zuhaitza da, baina, era berean, familiaren bizitza intimoan pisu handiko sinboloa da. Joxan Lizarribar BERRIA Taldeko lehendakaria zena ere familiakoa zen, eta pagoan daude haren errautsak. Pagoaren inguruan bazkari anitz egin dituzte familiakoek. «Zuhaitzaren historia dakigunez, harremana mantendu dugu familiarekin. Oso batze polita da: arbolaren inguruan topatzen garenean denak gara lehengusuak». Argentinako familiako kideak Euskal Herrira etortzean, zuhaitza ikustera joaten dira deus baino lehen. Eta aurrerantzean ere hala izanen da. Familiako gazteenei interesa piztu zaie lehiaketari esker.
Altzoko mugak gainditu ditu pago motzak. Kirmen Uribek poema bat idatzi zion Bitartean heldu eskutik obran, eta Ainhoa Arteta sopranoak hari eskaini dio azkenengo diskoa. Orain, Europara so paratu da.
Bertsolariaren pagoa
Europako aurtengo zuhaitza aukeratzeko lehiaketan, Euskal Herriko ordezkari bat dago: Altzoko pago bat. Irabazteko, Espainiako hainbat zuhaitzen aurkako lehian gailendu beharko du lehenbizi. Bihar arte, herritarrek botoa eman dezakete Internet bidez. Oraingoz, bigarren postuan dago pagoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu