Bertsolaritzaz eta literaturaz

Xabier Amurizak eta Uxue Alberdik bi arloen arteko lotura aztertuko dute gaur Bidebarrieta liburutegian, Bilbon

Xabier Amurizak ere hartuko du parte gaurko solasaldian. J. MANTEROLA / APRESS.
Erredakzioa
2013ko irailaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eztabaidak literaturarekin egitasmoaren barruan, literaturak eta bertsolaritzak elkarrekin zer harreman duten aztertuko dute gaur 19:30ean, Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Gaiaz arituko dira, Xabier Amuriza eta Uxue Alberdi bertsolari eta idazleak. Euskal literatura eta bertsolaritza: Elkarren eraginak ekitaldia, berriz, Goizalde Landabaso idazle eta kazetariak zuzenduko du.

Amuriza (Zornotza, Bizkaia, 1941) Euskal Herriko bertsolari txapelduna izan zen, 1980an eta 1982an. Berritzaile nagusietako bat izan zen 1980ko hamarkadan. Bertsoak egituratzeko modua aldatu zuen, eta neurri eta doinu berriak plazaratu zituen. Alderdi teorikoan ere egin zuen ekarpenik. Errimen hiztegia idatzi zuen, eta Zu ere bertsolari ikasketa metodoa argitaratu zuen. Bertso eskola askoren sorreran eragin zuzena izan zuen. Bertsolaritzari buruzkoak ez ezik, beste lan ugari argitaratu ditu Amurizak: poesia, eleberriak, saiakerak...

Alberdik ere (Elgoibar, Gipuzkoa, 1984) ondo ezagutzen ditu bertsolaritza zein literatura munduak. 2007an Aulki bat elurretan liburua argitaratu zuen, eta 2009an, Aulki jokoa. Azkenaldian haurren literaturan murgildu da. Bertsolaritzari dagokionez, hainbat gazte sariketa irabazi izan ditu, eta 2009ko txapelketa nagusian parte hartu zuen. Bertso kantari plaza askotan ibili da.

HITZALDIA

Non. Bilboko Bidebarrieta liburutegian.

Noiz. 19:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.