Baionako bestak

Besta bestela egin baitaiteke

Besta euskaldun, herrikoi eta feministak aldarrikatu ditu Baionako Gazte Asanbladak egitarau alternatiboaren irekitze ekitaldian. Euskarari eta euskal kulturari dagokien lekua eman behar zaiela azpimarratu dute

Txupina, egitarau alternatiboaren irekitze ekitaldian, Patxa plazan. PATXI BELTZAIZ.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2022ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
«Patxa plaza, Baionako besten denboran ere, euskalduna, feminista eta herrikoia izanen da!». Baionako Gazte Asanbladako kideek bestelako besta eredu baten aldeko mezua zabaldu dute, aurten ere, besten irekitze alternatiboan. Azken urteetan bezala, Patxa plazan egitarau alternatiboa proposatuko dute, eta hainbat aldarrikapen egiteko baliatu zuten atzoko ekitaldia. Kulturgileei eta Azterketak Euskaraz kolektibokoei ere leku berezia eskaini zieten.

Ingurumenaren aldeko mezua zabaldu zuten lehenik gazteek, gaur egungo besten ereduak «xahutzeak, hondakinak eta kutsadura masiboa» eragiten dituela deitoratuta. Parte handiz murriztu daitekeela kontsideratuta, Patxa plazan hori erakutsi nahi dute bost egunez. Herritarren parte hartze apala ere gaitzetsi zuten, erranez gaur egun «kontsumitzaile soilak bezala» kontsideratuak direla, eta horrek «gainkontsumoa eta arduragabekeriak» eragiten dituela. Herritarrak «besten bultzatzaile» izan behar direla aldarrikatu zuten.

Baionako besten denboran Patxa plaza toki irekia eta segurua izanen dela baieztatu zuten, halaber: «Ondoko egunetan, baina urtean zehar ere berdin, ez da inongo eraso edo bortizkeriarik onartuko Patxa plazan, ezta Baionan ere». Elkarte feministek eta LGBT elkarteek Baionako bestei begira egin duten lanketa berezituarekin bat egiten du Gazte Asanbladak: eraso sexista eta sexualen aurkako protokoloa aplikatua izanen da bost egunetan.

Horrez gain, azken hilabeteetan kezka eragin duen «ziztaden fenomenoa» ere salatu zuten. «Zoritxarrez, Euskal Herrira hurbildu zaigu, eta, Baionako besten masibotasuna ikusita, denok kontuan hartu behar dugun arazo bat da. Psikosian sartu gabe, denon artean kasu egitea galdetzen dizuegu, eta, arazorik baldin bada, guregana hurbildu».

Leku urria izan ohi du euskarak Baionako bestetan. Ikastolek antolatu ohi duten Karrikaldia izan da historikoki euskararen eta euskal kulturaren eremua, eta, beste zenbait ostatu eta elkarterekin batera, dinamika horretan sartzen da Patxa plazako besta eremu alternatiboa ere. «Ezinbestekoa iruditzen zaigu Euskal Herriko eta Baionako kulturaren zutabea den hizkuntzak presentzia pribilegiatu bat izatea. Baionako bestak euskararen eta euskal kulturaren erakusleiho izan behar dira», aldarrikatu zuten Gazte Asanbladaren izenean. «'Euskara da gure territorio libre bakarra', zioen Sarrionandiak. Horregatik, bost egunez Patxa plaza gure territorio librea izanen da, euskarari merezi duen tokia eskainiz!».

Euskararen aldeko aldarrikapen horretan, brebeta eta baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatzen duten ikasleei utzi zieten lekua, haien borrokarekin bat eginez. Seaskako lau ikaslek dantzatu zuten irekitze alternatiboan ohikoa den banakoa, Brebeta euskaraz tixertak soinean zeramatzatela, ingurukoen txalo artean.

Kulturaren tokia aldarri

Kulturgileentzat ere izan zuten mezua Gazte Asanbladako kideek. «Bestek kontsumoa dute erdigune; Baionan den kultura plural, koloretsu eta ederra ospatu ordez. Ikuspuntu hori salatzen dugu». Pandemiak eta haren ondorioek kulturaren egoera prekarioa azaleratu dutela adierazi zuten, «gutxitua eta bigarren mailara zokoratua». Xabi Etxeberri musikariari eman zioten hitza.

«Patxa plaza hats gune bat da gure kulturarentzat», adierazi zuen Etxeberrik. Pandemia garaian atxiki zituzten kultur ekitaldiak goratu zituen, libertimenduei aipamen berezia eginez. «Horrek erakusten digu barnean dugun gosea plazak hartuz asetzen dugula», haren hitzetan. «Baionako besten aurrekontuan segurtasunari doakion handikeriaren parean, herrikoitasunaren mailan oinarritzen diren modelo txikiak biderkagarriak dira. Euskal kulturak ez du gure beharrik; guk harena bai. Guri dagokigu plaza berriak hartzea eta sortzea. Eman diezaiogun gure kulturari Baionako edozein lekutan bizirauteko ahala».

Ekitaldi askotarikoak antolatu dituzte bost egunerako Patxa plazan: kontzertuak eta bestelako animazioak. Gaur, haurren eguna izanen da, eta herri kirolen erakustaldia ere eginen dute arratsaldean. Bihar, bertso saioa eginen dute, eguerdian. Igandean, urteroko presoen aldeko bazkaria izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.