Jaiak. Txantrea

Bestak, langileen egunaren bueltan

Gaur hasi eta igandera bitarte ospatuko dira Txantreako jaiak.Iazko gertakariengatik, eraso sexisten aurkako kanpaina bat egin dute

Txantreako bestetako txupinazoa, iaz. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2015eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Langileen Nazioarteko Egunak zehazten du noiz diren Iruñeko langile auzorik ezaguneneko bestak. Gaur hasi eta igandera arte hamaika ekitaldi izanen dira Txantrean. Jende anitz espero dute, eta, horregatik, segurtasun neurriei garrantzia emanen diete. Gainera, iazko eraso matxistak gogoan dituzte oraindik ere auzoan, eta informazio kanpainari garrantzi berezia eman diote.

Arratsaldean abiatuko dira Txantreako bestak. 20:00etan maizterrek suziria jaurti eginen dute, eta orduan ekinen diote lau eguneko parrandari. Lehenago ere izanen dira haurrentzako jarduerak: puzgarriak, magia, erraldoiak... Gainera, auzoko ttunttuna dantzatuko dute, eta kartel lehiaketako sariak banatuko dituzte.

Besta parte hartzaileak eta berdintasunezkoak nahi dituzte Txantrean, eta, horregatik, eraso sexisten aurkako kanpaina sendoa antolatu dute. Iaz, gisa horretako erasoak izan ziren auzoan, eta horrek hausnarketa sakona eginarazi die eragileei. «Batez ere, kezkatzen gaitu informazioa eskura izateak, edonork jakin dezala horrelako egoerei zer-nola aurre egin», azaldu du Polo Gartzia Txantreako Jai Batzordeko kideak. Ostatu eta elkarte guzietan diptikoak banatu dituzte, eta,erasorik izanez gero, kontakturako telefono zenbakia ageri duten kartel handiak ere paratuko dituzte. Gainera, hitzaldiak eta tailer bat ere antolatu dituzte gai hori lantzeko.

Aurten, motz geratu zaizkie bestak txantrearrei; hala uste du Gartziak, behinik behin. «Batzuek diote sanferminetako aste hori beharko genukeela», esan du txantxetan. Izan ere, Langileen Nazioarteko egunaren arabera antolatzen dira bestak. «Txantrea auzo langile gisa jaio zen; horregatik ospatzen dira egun horretan».

Ez dira faltako urteroko ekitaldirik arrakastatsuenak: larunbateko kaldereteak, ostiraleko artisau azoka eta igandeko erraldoien agurra. «Pentsatu izan dugu kaldereteen ekitaldia nola bideratu, ia Antsoaineraino okupatzen dugulako, baina ezinezkoa da», esan du Gartziak.

Horretaz gain, berrikuntzarik ere izanen da egitarauan. Batetik, gaitarien eguna eginen dute larunbatean, eta Kataluniako musikariak izanen dituzte auzoan. Bestetik, 11-16 urte bitartekoentzako ekitaldiak antolatu dituzte, bestetan «zokoraturik» geratu ohi direlakoan: eskalada pareta, argazki lehiaketa...

Udalarekin arazoak

Azken orduko antolaketa lanen zama arindu beharrean, Udalak oztopoak jarri dituela salatu du Gartziak. Izan ere, baimenak azkeneko orduan ematen dizkietelako kexu da, bai eta «bete ezineko» baldintzak jartzen dizkietelako ere. Aurten kaldereteetan komunak jartzera derrigortu ditu azken orduan. «Oztopoak geroz eta gehiago dira, eta eskatzen dizkiguten gauzek diru gehiago eskatzen digute».

Ez hori bakarrik. Isun asko jaso ohi dituzte baldintza horiek ez betetzeagatik. Datu bat eman du: azken sei urteetan 20.000 euro gastatu dute isunetan. «Eskerrak Txantrea sozialki oso aktiboa den eta bere jaiak sentitzen dituen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.