Euskaraz hala kantatzen dute San Lorentzoren omenezko jota Iruñean: San Lorentzok pertzean zela / esaten zien judutarrei: / Eman iezadazue buelta / potroak hotzak ditut eta. Gaur behin baino gehiagotan adituko da jota hori; gauerdia pasatuta kantatuko dute lehenik, eta bihar goizaldean azkenik, 04:00etan, bestak hasi eta bukatu direla iragartzeko, hurrenez hurren.
Jende anitz biltzen du San Lorentzoko bestak. Antolaketa lan nagusietan bospasei lagun aritzen dira, baina, egun horretan, askoz gehiago izaten dira. Ainhoa Unzue da antolatzaileetako bat, baita San Lorentzo karrikako alkateetako bat ere: «Nahiz eta hamar urte pasatu diren hasi nintzenetik, urduri jartzen naiz oraindik. Azken egunetan, beti iduri du ez garela iritsiko, eta egunean bertan adi egon behar dugu, dena ongi atera dadin».
Gidoia aski ongi ezagutzen dute denek. «Egunean bertan, San Lorentzon bizi diren emakume asko animatzen dira tripotxa zuria prestatu eta zerbitzatzeko. Ez zaio inori abisatu behar; denek dakite zer ordutan agertu behar duten», kontatu du Unzuek. Dianen ondotik, patata-tortilla lehiaketa eginen dute, eta gero etorriko da ekitaldi nagusia: suziria. Karrikako udalbatza aterako da —hau da, jai batzordeko kideak—, udaltzain eta guzi, eta txupinazoa botako dute San Lorentzo elizaren aurrean. Aurten Armañanzas gogoratuko dute; hura atera zen aurrenekoz udaltzain, eta aurten hil da.
Tripotxa zuriaren banaketa izaten da beste ekitaldi garrantzitsu bat. 20:00etan, bizilagunek jatekoa banatuko dute karrikan: tripotxa zuria piper gorriekin. Iluntzean, afari autogestionatua izanen da, eta dantzaldia ondoko karrikan egoitza duen Jarauta 69 txarangak emanen du. Gau osoan ariko dira jotzen, bukaerako jota kantatzen duten arte.
Trabestiak eta txokolatea
Berritasunik ere badakar aurtengo bestak. Bazkalondoan Maruxak trabesti bikotea ariko da karrika girotzen, eta Katakrakek txokolatea banatuko die haurrei. Beste berritasun bat: «Aurten deialdia egin dugu kaleko jendea gehiago inplikatzeko, eta bi lagun hasi dira lantaldean», esan du Unzuek. Nolanahi ere, hamaika bizilagun ariko dira zozketarako txartelak saltzen, oholtza muntatzen eta gainerako lanak egiten.
Dantzak leku berezia izanen du: goizean, Ortzadar taldea ariko da, eta arratsaldean, Iruña taldekoek San Lorentzoko ingurutxoa dantzatuko dute. San Lorentzoko dantzariak ere ariko dira dantzan, eta karrikako kilikiak haurren atzetik ibiliko dira.
San Lorentzoko bestak
Gaur, egun osoan, Iruñeko San Lorentzo karrikan.