Bestaren zaindari erraldoiak

Iruñeko eguna ospatu dute Nafarroako hiriburuan, San Saturnino eguna. Gora Iruñeak herritarrentzako besta aldarrikatu du. Udalak, prozesioa eta kontzertua antolatu ditu.

Iruñeko erraldoi eta buruhandien konpartsak urteko azkenengo ateraldia egin zuen atzo. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2013ko azaroaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eliza kristauak mendeak eta mendeak eman ditu bestak bere eginez, paganoa kristautzen, alegia. Egutegia, oraindik ere, erlijioaren doinura dantzatzen da. Hala ere, alderantziz ere gerta daiteke, eta besta erlijiosotik herritarrek antolatutako jaia ospatu. Hala, sei urte inguru dira Gora Iruñea plataforma azaroaren 29an Iruñeko eguna ospatzen hasi zela. Nagusiki kutsu katolikoa zuen bestari bestelako aire bat ematen saiatu dira kulturan dabiltzan hainbat eragile.

Hotz esnatu zen atzo Iruñea. Hamarrak inguruan Alde Zaharreko kaleak biluzik zeuden, ia. Baziren, baina, ohiko ostirala ez zela iragartzen zuten zantzuak. Kalean haur bakan batzuk ikus zitezkeen, eskolara joan ez ziren seinale, eta, bat-batean, San Saturnino elizako ezkilak jo eta jo hasi ziren. Halaxe ibili ziren denbora batean. Ordurako, Gora Iruñeak karpa muntatua zuen Vista Bella parkean. Atzo ere ez zen trabarik falta, Udalak ez baitzien barra paratzeko baimenik eman.

Xabi Gartzia Gora Iruñeko bozeramailea goizean goizetik zen Vista Bellan. Bigarren urtea zen besta Iruñeko gune horretara eraman zutela. Esan zuenez, berak ez zuen San Saturnino ospatzeko asmorik, Iruñeko eguna baizik. Argi mintzatu zen: «Guztion eguna da, ez soilik udalbatzarena». Esan zuenez, urte osoko lana borobiltzeko eguna da azaroaren 29a, eta, aurten, inoiz baino hobeki itxi zuten, sanferminetan gunea irekitzeko aukera izan zutelako. «Urte osoan egindako lana ospa dezagun; egindako lanaren ondoren, merezi dugu», esan zuen.

Atzera begira jartzeko eguna ere bazen atzokoa. Urtea besta giroan bukatu ez ezik, Gora Iruñea saria banatzeko aprobetxatzen dute Iruñeko eguna. «Urte osoan jai herrikoi, parte hartzaile, euskaldun eta parekideak sustatzen ibili denari saria eman ohi diogu», azaldu zuen Gartziak. Atzo ez zen salbuespena izan. Eguerdian eman zuten irabazlearen berri: auzolana. «Irudikatu nahi dugu auzoetan hainbat eragile daudela kultura sustatzen. Aurten sanferminetan mila lagunek lan egin zuten gunea aurrera ateratzeko».

Hain zuzen, 50 elkarte omendu zituzten: jai batzordeak, peñak, euskalgintza, feministak, kultur arloko taldeak, eta gazte, langile eta ikasle mugimenduak. Sanferminetako herri egitaraua aurrera ateratzeko giltzarri izan zirela eta, lanean jarraitzera animatu zituen Gartziak.

Sariak sari, jaia lehenago hasi zen. Hamaikak aldera, ezkilen hotsei joareak batu zitzaizkien, eta joaldunek ireki zioten bidea bestari. Alain Salbador, motozerrarekin, zurezko aizkora bat eta onddoak sortzen ziharduen karpan, artzain apurrak jaten zituztenen begiradapean. Hotza zen musikari eta dantzari gehienen ahotan, beraz, berehalaxe hasi ziren dantzan. Vista Bella atzean utzi, eta Alde Zaharrean barneratu ziren denak. Han denetariko taldeak aurkitu zituzten: kantuan zebiltzan kuadrillak, trikitilari talde handi bat, txistulariak nonahi...

Dena den, jende gehien bildu zuen ekitaldia Udaletxeko plazan zen. Hamabietarako jendez mukuru zen enparantza. «Sanferminetan gaudela dirudi», zioen emakume zahar batek. Batzuk kexu ziren, alde batetik bestera igarotzeko arazoengatik; beste batzuk, berriz, haurrak plazaren erdigunetik ahalik eta gertuen eramaten saiatzen ziren. Zerbait erraldoia gertatzera zihoan: konpartsak urteko azken saioa eskainiko zuen.

Arratsaldean ere giro ederrean ibili ziren iruindarrak. Herri bazkarian ehun lagunetik gora bildu ziren, eta, ondoren, kontzertuak eta dantzaldiak antolatu zituzten Gora Iruñeko karpan eta hainbat peñatan. La Jodedera, Afu eta Zartako K igo ziren Vista Bellako oholtza gainera, eta Ingoaldeu taldeak erromeria giroa sortu zuen. Goizaldeko ordu txikiak arte zabalik egon zen karpa.

Iruñeko zaindaria

Egitarau ofizialak bi jarduera biltzen zituen: goizeko prozesioa eta Pamplonesa bandaren kontzertua arratsaldean. Iruñeko agintariak San Saturnino elizara abiatu ziren 10:25ean, ondoren, erraldoiekin, dantzariekin, Pamplonesa musika bandarekin eta elizgizonekin batera desfilea egiteko. Meza ere egin zuten Iruñeko zaindariaren omenez, eta, ondoren, udaletxera itzuli zen segizioa. Zain zeuden erraldoiak, eta jendetza, erraldoien esperoan. Erraldoiak ez ezik, Duguna taldeko kideak ere dantzatu ziren.

Atzo San Saturninoren irudia ibili zuten Iruñeko kaleetan. Aitzitik, hark baino gehiago, erraldoien konpartsak bereganatu zuen iruindarren arreta. 153 urte dantzan eman ondoren, herritarrak ez dira haien jira eta birekin aspertu. Sinestunek San Saturnino daukate Iruñeko zaindaritzat. Aitzitik, erraldoi eta buruhandiak dira bestaren zaindariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.