Ezin konta ahala animalia kalean uzten dituzte haien jabeek urtero Hego Euskal Herriko hiriburu eta herrietan. Kalean utzitakoak, katuak eta txakurrak dira, batez ere. Askok bizia galtzen dute, baina beste askok beste familia bat aurkitzen dute adopzioaren bidez. Etxean animalia bat hartu baino lehen gogoeta egiteko eskatzen dute kalean utzitako animalien babesean aritzen direnek. Oraindik ere, badira txakur edo katu bat etxera eraman aurretik inolako hausnarketarik egiten ez dutenek. «Ez dute neurtzen haien bizitzan zer-nolako eragina izanen duten: zaindu beharra, oztopoak, albaitariarengana egin beharreko bisitak; eta, azkenean, animalia utzi egiten dute», dio Kepa Tamames Ateako (Animalien tratu etikorako elkartea) ordezkariak.
Hego Euskal Herriko herri eta hirietan ez dago etxeko animalien errolda bat. Txakurren jabeak behartuta daude animaliaren ezaugarriak adierazten dituen txartela izatera. Legez, txakurrak identifikatua egon behar du. Baina errealitatean, maiz ez da hala, eta gauza bera gertatzen da katuekin eta beste animaliekin. «Milioiak eta Milioiak daude, baina kopuru zehatza inork ez daki», dio Tamamesek. Animaliaren ongizatea bermatzeko eta maiz animaliok jasaten dituzten gehiegikeriak saihesteko, beharrezkoa litzateke, baina administrazioek ez dute behar bezalako ardurarik hartzen. «Txakurrak erroldatu beharra dago, baina administrazioek ez dute arretarik jartzen, eta kontrola ez da zehatza. Dauden animaliekin zer gertatzen den jakiteko jakin behar da zer dagoen», azpimarratu du Tamamesek.
Katuen kasuan, gainera, kontrola are eskasagoa da. Horrek, hein batean, haiei kontrako erasoak errazten ditu. Asko uzten dira kalean, eta horietatik %90 ez dira urte bat ere bizitzen, Atea elkartearen esanetan. Gainera, gaizki ikusiak daude, arazoak sortzen dituztelako. «Udal askok harrapatu eta hil egiten dituzte. Ikusezin egin nahi dituzte». Zenbat dauden jakin ez arren, animaliokin lan egiten duten albaitariek diote kopuruan gehien ugaldu den aberea dela. Beraz, gero eta katu gehiago daude etxeetan, txakurrek baino lan gutxiago ematen dutelako. Baina horrek, animalia horien kontrako tratu txarrak ere areagotu ditu batzuetan. Adibide larriena, esaterako, Bilboko Juani katuaren auzia izan da, epaitegietan zigortu baitute. Bilbo Zaharreko atari batean aurkitu zuten katu siamdarra, hilzorian. Felinos Bilbo katuak artatu eta adopzioan ematen dituen elkarteko boluntario batek jaso zuen. «Uhala lepondoan erabat sartua zuen, haragitan zuen,eta harrak zituen», gogoratu du Garbiñe Marquez elkarteko ordezkarietako batek. Katuaren egoera tamalgarria ikusirik, Ateak salaketa jarri zuen Bilboko epaitegian, eta joan den irailaren 19an atera zen epaia. 175 euroko isuna, katua sendatzeko albaitari zerbitzuan gastatutako 750 euroak, eta epaiketako kostuak ordaintzera behartu du epaitegiak katuaren jabea. Hilabeteak behar izan ditu Juani-k sendatzeko, eta orain beste familia batekin bizi da. Adopzioan hartu dute, eta Euskal Herritik ehunka kilometrora dago.
Adopzioa guztiontzat
Udal txakurtegian eta harrera pisuetan dituzten katuen ongizateaz arduratzen dira hainbat elkarte Euskal Herrian. Haien azken helburua, baina, katu horientzat beste familia bat lortzea da. Lan horretan dihardute Garbiñe Marquezek eta beste hainbat boluntariok Felinos Bilbo elkartean. Egun 300 katu dituzte, eta haientzako familiak topatzen saiatzen dira. «Egoera oso kaskarrean dauden katuak etortzen zaizkigu, eta, sendatu ondoren, adopzioan ematen ditugu». Utzitako katuak edo gaixorik daudenak, Juani bezala, harrera etxeetan hartzen dituzte, zaindu eta sendatu ondoren, adopzioan emateko.
Gabeziak dituzten katuekin ere arreta berezia jartzen dute. «Kumeak eta osasuntsu daudenak errazagoak dira adoptatzen, baina arazoren bat dutenak ere adoptatzen ditu jendeak. Era baikorrean adoptatzea deitzen diogu horri», dio Marquezek. Bide horri ekin zion duela hilabete batzuk Yolanda Gonzalez bilbotarrak Luzia izeneko katu itsua adoptatu zuenean. Berak jada bazuen katu bat etxean, Romeo. Luziarentzat behin betiko familia topatzen zuten bitartean harreran hartu zuen etxean katua. Ez zuen animaliaz jabetzeko asmorik. Alemaniara joan behar zuen, Berlinen zain zuelako adoptatu zuen familiak, baina azkenean adoptatu egin zuen. «Berlinera bidaltzeko unea iritsi zenean etxean atxitzeko aukera eman zidaten, bidali aurretik zuri katua atxikitzeko aukera uzten dizute, eta ez zela joanen erabaki nuen». Katuak ikusmena berreskura zezan, begietan ebakuntza egiteko asmoa ere bazuen Gonzalezek, baina albaitariak ezinezkoa izanen dela esan dio. Beste katuak baino mesfidatiagoa den arren, Gonzalez oso pozik dago. «Oso ongi moldatzen da. Etxea ongi ezagutzen du eta pasabidearen erdian ohikoa,ez den zerbait uzten badiozu, bakarrik egiten du talka zerbaitekin. Bestela, bizitza normala darama». Urtean behin eramaten du begien espezialistara, eta oso ongi egokitu da familiara. «Oso pozik nago hartutako erabakiarekin. Biziki maite dut Luzia».
Bilbon bezala, Gasteizen ere bada katuak adopzioan ematen dituen elkartea, Esperanza Felina izena du, eta Montse Garcia da arduradunetako bat. Kalean utzitako etxeko katuekin eta kalean bizi direnekin lan egiten dute. Katuak artatzeko bizileku-aterpetxe bat dute hirian. Bertan 10 katu bakarrik artatu ditzakete. Katuak sendatzen dituzte beste familiabaten zain. Bi urte daramatza lanean elkarteak, eta denbora tarte horretan 215 katu artatu dituzte. Elkarteak bost bazkide ditu, eta zortzi boluntario.
Lana ez zaie sekula falta izan, baina aurten gaindituta dabiltza. Lehen udan, jendea oporretan joaten zenean, izaten zuten lan gehien, baina orain krisiarekin gero eta gehiagok uzten dute katua. «Arduragabekeriaz» jokatzen dutela uste du Garciak, eta, horregatik ere, behin betiko adopzioan eman baino lehen proban izaten dituzte katuak. «Katua etxean hartzen duenak jakin behar du zer den. 15-20 urte bizi daiteke katua. Izaki biziduna da, eta sentimenduak dituela ohartu behar du. Babestu, zaindu eta elikatu behar duen animalia». Adoptatzaileak ahoz aho ez eze, Internet bidez edo animalien webguneen bidez lortzen dituzte, iragarkiak ere jartzen dituzte animalien dendetan edota albaitarien kontsultan.
Adopzioan hartzen duen jendeak ere ez du profil bakarra: jada etxean katua duenak eta beste bat nahi duena izan daiteke; konpainia nahi duen bakarrik dagoen laguna; edo txakurra ez bezala egunean hiru aldiz kalera atera behar ez izaterik nahi ez duenak. «Aldeko eta kontrako ondorioak aurreikusi behar dira adoptatu baino lehen. Norberaren bizitzako arriskuak. Katuak urtero behar du txertoa, jolastu behar du egunero eta maitasuna behar du».
Katuen adopziorako bideak sarean. www.esperanzafelina.com edo www.felinosbilbao.org.
Ezarian. Animalien kontrako tratu txarra
Beste aukera baten bila
Udal txakurtegietan edo harrera pisuetan jasotako animalientzat beste familia batzuk aurkitzen saiatzen dira adopzio elkarteak. Askok kume osasuntsuak bakarrik adoptatu nahi izaten dituzten arren, badira arazoak dituzten animaliak hartzen dituztenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu