Beste eredu bat aldarri

Maurizia kolektiboa eta Herrian Bizi plataforma omendu ditu Gazte Asanbladak, besta alternatiboen irekitze ekitaldian

Aitor Servier, irekitze alternatiboko bertsoa kantatzen. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko uztailaren 27a
00:00
Entzun

Nafarroako bandera eta ikurrina zintzilik dira Les Pyrenees ostatu gaineko paretan. Bien artean, egurrezko seinale bat: «Herriko etxea». 19:00ak jo dituenerako, leihoak ireki, eta bi gazte atera dira jendez mukuru dagoen plazari agurra egitera. Azken urteetan tradizio bilakatu da Baionako Gazte Asanbladaren besten irekiera alternatiboa. Ahantzi herriko etxeko balkoian biltzen diren izen handiko pertsona ezagunak, ahantzi hiriko giltzak, ahantzi Leon erregea, ahantzi su festa. Baionan bestelako bestak posible direla uste dutenentzat, hemen hasten dira bestak egiazki; euskaratik eta euskal kulturatik edaten duten bestak.

Ikusi gehiago:Argazki galeria

Herriko etxeko balkoian bertsolaria zentsuratu zutenetik, irekiera alternatiboan kantatzen dute bestetako bertsoa. Aitor Servierrek eman zion ahotsa atzo arratsean: «Sutara bota dezagun, ukatzen dugun den dena/ bost egunez ospatzeko izan nahi genukeena».

«Baionako Gazte Asanbladak ez du gaur egun Baionako bestetan nagusi den besta ereduarekin bat egiten, eta defendatzen ditugun balioetan oinarritutako besta gune bat sortuko dugu aurten ere», egin zuten aldarri Lukas Hiriartek eta Eneka Barnetxe Bordak. Batzuek zabaldu izan duten «zure etxean eginen ez zenukeena Baionan egizu» mezua gaitzetsi zuten. «Patxa plazan ez dugu inolako eraso matxistarik onartuko, eta mezu argia dugu erasotzaileentzat: ez badakizu egoten, ez etorri!».

Baionako karriketan eta plazako txosnagunean aurkitu daitezkeen ereduak kontrajarri zituzten ondoren: kontsumo eredua eta «25 euroan saltzen diren xingar platerak»; besten masifikazioa; turismo etxebizitzen emendatzea; eta euskal kulturaren zokoratzea. Baina atzoko ekitaldian etxebizitzaren egoerari eman zioten azpimarra berezia: «Salatzen dugu aste honetan ehunka etxebizitza turistiko alokatuko direla Airbnb eta bestelako plataformetan, alimaleko prezioetan bertako gazteen etxebizitzarako eskubidea bermatua ez duten bitartean».

Urte osoan Ipar Euskal Herrian esanguratsuak izan diren hainbat eragileren lana txalotu ohi du Gazte Asanbladak irekiera alternatiboan. Atzo, ekainean Baionan eraikin bat okupatu zuen Maurizia kolektiboa eta berrogei bat eragile biltzen dituen Herrian Bizi plataforma omendu zituzten. Okupazioa «zilegi» dela erran zuten Mauriziakoek, eta «merkatu librearen parean» auzolanean aritzera deitu zuten. Herrian Bizi plataformakoek bigarren etxebizitzak eta espekulazioa gaitzetsi zituzten, eta «ausardiaz» jokatzeko eskatu zieten hautetsiei.

Bertaratutakoek txalo artean hartu zuten leihotik botatako suziria, Beskoitzeko (Lapurdi) musikari eta dantzariek plaza hartzen zuten bitartean. Ez zen urteroko banakorik falta izan. Etxeparanga txarangarekin Patxa plazara hurbildu aitzin, igandera arte ausarki zabalduko duten aldarria entzunarazi zuten Hiriartek eta Barnetxe Bordak: «Gora Baionako besta euskaldun, herrikoi eta feministak!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.