Beste izar bat Bilbora

Michelin gidak lehen izarra eman dio Bilboko Nerua jatetxeari, eta izarra kendu dio Gasteizko Ikeari. Hiru izarrekin jarraituko dute Arzak, Akelarre eta Berasategi jatetxeek.

Guggenheim museoan dago Nerua jatetxea, eta lehen izarra lortu du. NERUA JATETXEA.
Ilargi Agirre - Nagore Rodriguez
2011ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Jatetxean, lanean harrapatu zuen albisteak Josean Martinez Alija sukaldaria (Bilbo, 1978). Lehen Michelin izarra lortu du Bilboko Guggenheim museoan duen Nerua jatetxeak. Eta ezustean harrapatu zuen, gainera: «Espero? nork espero dezake horrelako zerbait? Sorpresa handia izan da guretzat; bost hilabete bakarrik daramatza zabalik jatetxeak, eta sekulako albistea izan da. Gure lan txukunean konfiantza banuen, baina horrelakorik ez nuen espero. Orain, lanean jarraitzeko indarrak eman dizkit albisteak. Harro nago, baita emozionatuta ere».

Maiatzaren 27an zabaldu zuten jatetxea, eta urte «garrantzitsua» izan da sukaldariarentzat; baina, urtea ez ezik, astea ere berezia izan da jatetxeko taldearentzat, aste honetan bertan Repsol gidak hiru eguzki eman baitizkie.

Jatetxea berria den arren, ez da berria sukaldaritzaren munduan Martinez Alija, hamahiru urte baitaramatza sukaldari buru lanetan Guggenheim museoko jatetxeetan.

Ohi bezala, zurrumurru artean aurkeztu zuen atzo Michelinek Espainia eta Portugalgo 2012ko gida. Lehen aldiz Bartzelonan egin zuten ekitaldia, Palace hotelean.

Alde ona eta txarra du gida gorriak. Batzuek izar berri bat lortu dute, baina beste batzuek galdu egin dute, eta hori gertatu zaio Gasteizko Ikea jatetxeari. Zuen izar bakarra kendu egin dio aurtengo gidak.

Euskal Herriko hiru izarretako jatetxeei dagokienez, bestalde, ez da aldaketarik egon; eta, beraz, hiru izarrak izango dituzte aurten ere Donostiako Arzak (Juan Mari Arzak) eta Akelarre (Pedro Subijana) jatetxeek eta Lasarteko Martin Berasategiren jatetxeak.

Andoni Luis Adurizen Mugaritz jatetxea zen hiru izarrak lortzeko faborito nagusietakoa —bi izar ditu—. Baina, berriro ere, gidak ez dio hirugarren izarra aitortu. Beraz, bi izarrekin jarraituko du Errenteriako jatetxeak.

Bi izar dituzte, halaber, Eneko Atxaren Azurmendi jatetxeak (Larrabetzu) eta Donibane Garaziko Fermin Arranbideren Les Pyrenees ostatuak. Baina zerrenda ez da hor amaitzen, Euskal Herriko goi mailako sukaldaritza munduan goraipatua da, eta horren erakusgarri da Michelin izarrek marrazten duten panorama. Izar bakarrarekin ere jatetxe ugari daude Euskal Herri osoan, eta hemendik aurrera Josean Martinez Alijaren Nerua jatetxea gehitu beharko zaio zerrenda horri.

Aspaldikoak

Sukaldaritza urtero astintzen duten izarrek historia luzea dute. Andre Michelinek sortu zuen 1900. urtean Michelin gida. Autoaren gurpilekin batera oparitzen zuten publizitatez osatutako liburuxka bat zen hastapenetan gida. 1926. urtean hasi ziren jatetxerik onenak izendatzeko izarrak erabiltzen. «Gida hau mendearekin batera jaio da, eta mendeak bezainbeste iraungo du», zioten liburuxka gorriaren inguruan. Munduko gastronomiaren erreferente nagusi bilakatu da geroztik. Publikoaren, sukaldarien eta kritikarien artean hautsak harrotzen dituen sariketa da, edonola ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.