EZARIAN. ZIENTZIA

Beste munduak

Puntako teknologiak garatutako espazio behatoki eta teleskopioei esker, 505 exoplaneta aurkitu dituzte jada, puri-purian dagoen lasterketan. Eguzki sistematik at dauden planeten bila dabiltza, gure sistema hobeto ezagutzeko eta unibertsoa bera ere ezagutzeko

xabier martin
2010eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Zientziaren alorrean bete-betean sartu arren, filosofiarenari ere txertatzen zaio galdera ezaguna: Lurra bezalako planeta gehiago ba ote? Bizigai izango ote? Punta-puntako teknologiak garatutako behatokiak eta teleskopioak dauden arren, oraindik ez dago erantzunik galdera horrentzat. Unibertsoaren neurriak ulertzea ere zaila da, hain da handia, hain erraldoia, ia infinitua. Orain arte ikusi eta antzemandako exoplaneta guztiak ehunka argi urtera besterik ez daude. Esne Bideak 300.000 milioi izar dauzka, eta 100.000 argi urteko diametroa. Bestalde, ehunka milioi galaxia daude unibertsoan. Datuok lagungarri izan daitezke zientzialariek duten erronkaren zailtasuna ulertzeko.

Baina teknologiarik berrienak fruituak eman ditu azken urteotan, eta etorkizunean gehiago emango dituela diote NASAkoek. Duela hamabost urte, zortzi planeta besterik ez zen ezagutzen, Eguzkiaren inguruan dabiltzanak -orduan bederatzi, Pluton planetatzat jotzen baitzen-. Egun, 505 planeta kokatu dituzte Eguzki sistematik at. Ez alferrik, ezagutza handitzeko lasterketa puri-purian da AEBetako eta Europako zientzialari talde bietan.

Lehenengo exoplaneta aurkitu aurretik ere astronomoek sumatzen zuten planeta gehiago izango zirela beste izarren inguruan, eta 1995ean iritsi zen froga. Genevako behatokiak aurkitu zuen 51 Pegasi b exoplaneta, Jupiter bezain handia bera. Izar baten inguruan bira egiten du Lur planetatik 42 argi urtera. Aurkikuntza horrek Lurraren gisako planeten bila hasteko ekimena hauspotu zuen. Irudimenak gainezka egin zuen, gurea bezalako munduak izango ote ziren galderaren indarraz. Izarren hautsak bizigai egin ote zituen planeta gehiago?

Zientzialariak tentu handiz aritzen dira gai hori azaltzen dutenean, nahasmena ez eragiteko. Adibidez, izar baten inguruan bizitzeko eremu egokia topatu dutela esaten dutenean, orbita batzuei buruz ari dira, non gurea bezalako planeta batek, harrizkoa eta atmosferarekin, ur likidoa izan dezakeen. Biologoentzat ezinbestekoa da ura bizitza egongo bada. Baina, oraingoz, ez da Lurra bezalako planetarik aurkitu. Ezagutzen diren exoplaneta txikienak, super-lurrak esaten dietenak, Lurra halako bost dira gutxienez, eta ura baino baldintza gehiago eskatzen du bizitzak, gainera.

Ikusi ez, antzeman

Arazoa da astronomoek ez dakitela gure eguzki sistema zein neurritan den komuna unibertsoan. Beraz, ez dakite tankerako sistemak topatzea posible denetz ere. Behaketa bera, teknologia harrigarria baliatuagatik, oso konplexua da, argi urteetara diren izarren inguruko planetak apenas ikus daitezkeelako. Oso gutxi dira zuzenean ikusi dituztenak: hamabi; besteak, antzeman egin dituzte, kokatu, horretarako gai baitira zenbait sistema erabiliz, adibidez, exoplanetak birak ematen dituen izarrarengan eragiten dituen aldaketa sotilak detektatuz eta neurtuz. Ulergarria da, hortaz, exoplaneten izenak hain teknikoak izatea -HIP 13044 b, esaterako-, ikusi ez baina detektatu egiten dituztelako gehienetan.

Eguzki sistematik at dauden planeta ehiztarien mugak bistakoak dira. Errazago antzematen dituzte izar txikien inguruan birak ematen dituzten planeta handiak. Horrek ez du esan nahi, ordea, han hurbil askoz gehiago ez daudenik. Baina ezin dituzte ikusi oraingoz. Hala ere, aurkitutakoen azterketa fisikoa eta kimikoa egiteko gai dira.

Orain arte aurkitutakoa, behintzat, ez dator bat gure eguzki sistemarekin. Eguzkia baino izar askoz handiagoak, nano zuriak, erraldoi gorriak... Denek izan ditzakete inguruan planetak antza -harrizkoak edota gasezkoak-. Gehienak erraldoiak dira Lurrarekin alderatuta, eta euren izarretatik oso hurbil daude, tenperatura izugarriak eraginez.

Beste mundu horien bilaketak eta ikerketak unibertsoaren ezagutza handitzea ahalbidetzen du batetik, eta Eguzki sistemaren jatorriaren inguruan sakontzea bestetik. Gure sistema duela 4.500 milioi urte zerk eragin zuen jakin nahi dute zientzialariek.



Tatooine, George Lucasen munduarekin zerikusirik ez duen exoplaneta

Maciej Konacki astronomo poloniarrak Hawaiiko Keck 1 teleskopioaren bidez exoplaneta bat topatu zuen 2003an, sistema multiple batean. Ordu arte, pentsaezina zen halako sistemetan planetarik topatzea. Aurkitutakoaren aztarna jarraitu zuten gero Kanaria Uharteetako TNG teleskopioarekin. HD 188753 sistema hirukoitzean exoplaneta hura bazela berretsi zuten. 2005ean argitaratu zuten Nature aldizkarian. Jupiter halako 1,4 zen gasezko exoplaneta hura. George Lucasen Star Wars saileko zale amorratu izaki, Tatooine izena jarri zion aurkikuntzaren egileak gasezko erraldoiari, Lucasen irudimenetik ateratako mundua oso bestelakoa den arren: hark sistema bikoitzean biratzen du, eta lur motakoa da. Benetakoa, baina, gasezkoa da, eta sistema hirukoitzean dago. Edonola ere, Tatooine ezbaian jarri zuten askok, harik eta aurreko urtean froga gehiago aurkitu zituzten arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.