Iker Arregi. El Aguazon peña

«Bestetan euskara eta euskal kultura sustatzea da peñaren xedea»

Iruñea
2014ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Iker Arregi (Tafalla, 1988) Tafallako El Aguazon peñako kidea eta lehendakaria da. Peñak 63 urte bete ditu, eta, urtero bezala, aurten ere karrikak alaitzeko eta musikaz betetzeko asmoa dute. Peñaren ikurra Zakilixut da, Antton Olariagaren pertsonaia.

Noiz sortu zen El Aguazon peña?

1951 inguruan sortu zen peña. Tafallako peña zaharrena da, eta hasiera-hasieratik herri xehearen peña izan da, langile klasearena. Jende xumearen peña izateak El Aguazoni izaera jatorragoa eman dio, nire iritziz.

Zein helburu edo asmorekin sortu zen peña ?

Pentsatzen dut, batetik, herriari bizitasuna emateko sortu zela, eta, bestetik, Tafallako klase xumeko kideak bestetan biltzeko.

Zeintzuk dira Tafallako peñak eta zein harreman duzue?

Hiru peña gara Tafallan: El Cierzo. El Empuje eta El Aguazon. Bestak heltzear direnean, urtero biltzen gara bakoitzak eginen dituen ekintzen berri emateko, eta karriketan beti zer edo zer egonen dela ziurtatzeko. Hala bada, gure arteko harremana beti izan da ona.

Zein da El Aguazon peñaren bereizgarria?

Nire aburuz, langileen eta euskaltzaleen peña dela. Gure peña langileek langileentzat sortu zuten. Gainera, euskal kulturarekiko atxikimendu osoa dauka, eta gure asmoetako bat da bestetan euskara bultzatzea da.

Badu tarterik euskal kulturak Tafallako bestetan?

Bai, badu. Udalaren egitarauan tartea handia ez bada ere, jai herrikoien aldeko batzordeari esker, euskal kulturak lekua egitea erdietsi du. El Aguazonen ere, jaietan gure kultura sustatzen ahalegintzen gara.

Zein da zuen espazioa bestetarako?

Gure espazioa, zalantzarik gabe, karrika da. Peñak, lehenago lokala izan zuen arren, ezin bideratuzkoa gertatu zen horri eustea. Hala, lokalaz paso egiteko eta karrikak berreskuratzeko apustua egin genuen. Nire ustez, hori da peñakide kopuru handiena izatearen arrazoietako bat.

Bestetan, zer egiteko ohitura duzue?

Egunero erronda egiten dugu pankarta eta txarangarekin. Karrikak musikaz betetzen ditugu, eta herriko ostatuetatik igarotzen gara. Arratsaldean, zezenetara joaten gara, eta gero, karrika dantzan ateratzen gara berriz ere. Gainera, gau batzuetan ere egiten dugu kalejira. Horrez gain, arratsaldero kafe-kontzertuak antolatu ditugu ostatuan. Kontzertua bitarte, peñakide bakoitzari, kafe eta pote bana banatzen zaio.

Aurten zer prestatu duzue?

Urtero peñako bazkaria egiten dugu, baina ez dugu lortzen peñakide gazteenak etortzea. Horregatik, aurten garagardo besta antolatu dugu, eta esportazioko garagardoak ekarriko ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.