Betekadarik gabe, baina asebeteta

Aparteko jendetzarik gabe, jai giroa nagusitu da goizean goizetik Zarauzko euskal jaian. 'Nitanic' umorezko antzezlanean, Alproja antzerki taldeak itsasontzi bidaia batez sendatu nahi izan ditu indibidualismoaren gaitzak.

Alproja antzerki taldea. Galtzagorriak izan ziren taularatzen lehenak, Nitanic antzezlanean. ANDONI CANELLADA / @FOKU.
Julen Aperribai.
Zarautz
2019ko irailaren 10a
00:00
Entzun

Aurreko urteetako jendetzen ondotik, atzo giro lasaiagoa nabari zen Zarauzko euskal jaian (Gipuzkoa), astelehena izaki. Kanpokoentzat bertaratzeko eragozpena zena gozagarri zen bertakoentzat, ordea, eta goizean goizetik aprobetxatu zuten eguna.

Haietako askok mokadutxo batekin hasi zuten jaia, ondorengorako indarra hartzeko asmoz. Erdigunea lasai zegoen lehen orduetan, baina inguruko tabernetako terrazetan ikusten ziren lagun taldeak, mahai betearen inguruan bilduta. Asko ziren mahaia beraiek zeramatenak ere. Izan ere, janariz eta edariz hornitutako orga batzuei tiraka zebiltzan batetik bestera. Sendotuz doa orgaren ohitura, eta horren adibide da Lege Zaharren enparantzan egindako orga lehiaketa. Hirugarrenez egin zuten, eta bederatzi orga aurkeztu zituzten. Jokin Juaristi parte hartzailearen Zarauzko talogileak izenekoa izan zen irabazlea; irudikatu ez ezik, egin ere egin zituzten taloak orga horren inguruan zeudenek.


Janariz eta edariz betetako orgak ikus zitezkeen nonahi. ANDONI CANELLADA / FOKU

Eguerdia gerturatu ahala, inguruko auzoetatik erdialdera jo zuten gehienek. Lege Zaharren enparantzan bildu ziren asko. Itsasotik gertuago zeuden gazteenak, eta Munoa plaza orgaz beteta ageri zen 11:00 alderako. Getaria (Gipuzkoa) aldetik ere iristen ziren tantaka. Umoretsu eta adarra joz hartu zuten handik zetorren gazte kuadrilla bat, egun berezia baliatuz zarauztarren ohiturak hartu zituztela-eta.

Plazako txoko batean ziren Amaia Berastegi eta haren lagunak, orga koloretsu baten inguruan. «Euskal Herri tropikalari keinu egin nahi izan diogu. Orgaren alde batean eguraldi ona dago, eta txarra bestean», azaldu zuen haietako batek, umoretsu. Kuadrilla osoa asebetetzeko moduko menua zuten orga barruan, eta hasiak ziren jaten eta edaten. Danda gazte asanbladaren deialdiarekin bat eginda, goiza erdigunean egin zuten, eta, gero, arratsaldean txosnetara joateko asmoa zuten, Sakatu elektrotxarangaren doinuekin batera.


Alproja dantza taldeko kideak, Munoara iristen. ANDONI CANELLADA / FOKU

Inprobisazioa eguerdian

Musika plaza ere ari zen pixkanaka betetzen, eguerdira gerturatu ahala. Trikitilarien erritmoan dantzan ari ziren hainbat lagun. Borobila handitzen ari zen, geroz eta jende gehiago bertaratu ahala. Dantzarako gogoa ez zitzaien kutsatu artean Mattin Ostolazari eta haren lagunei. Egurrez egindako orga batetik edariak zerbitzatzen ari ziren; sagardo upel txiki bat eta garagardoa zerbitzatzeko makinatxo bat zituen orgak. Duela urte batzuk egin zuten orga, eta urtero berrikuntza txiki batzuk egiten dizkiote. Eguna kalean egin ostean, jaia txosnetan amaitzeko plana zuten. Aldiz, bazkalostean San Pelaiora joatekotan ziren Rebeka Alberdi eta haren lagunak. Hortik aurreragoko asmoez, ordea, nahiago zuten ez hitz egin: «Batek daki zer egingo dugun eta non amaituko dugun».

Momentuko giroaz gozatzen ari zen Jasone Erkizia ere. Euskal jaiaren onena goiza izaten da harentzat, baina ez zuen erabat baztertu luzatzeko aukera: «Hemen trago batzuk hartu, eta dantza pixka bat egingo dugu. Gero bazkaldu egingo dugu, eta, eusten badiogu, txosnetan amaituko dugu. Gure auzoan bertan jartzen dituzte txosnak, eta, ederki datorkigu etxera joan aurretik bertara joateko». Jai eguna astegunez izateagatik gustura zen: «Primerako eguna dago. Agian kanpokoek ezin izango dute etorri, baina guk asko gozatzen dugu halako jendetzarik gabe».

Talogileek plazaren ertz batean zuten postua, eta ilara luzeak egin zitzaizkien. Bazkalaurrea eta bazkalostea elkartu zituzten askok. Hamaiketakoa eginda, bigarren mokadutxoarekin nahikoa zuten jaiarekin segitzeko. Itzaletan eseri eta egun luzeari atseden tarte bat emanez bazkaldu zuten beste hainbatek.

Bazkalorduaren bueltan egin zuten, era berean, Ainhoa Baglietto herrikidearen eta 11/13 auziagatik auzipetutako gainerakoen aldeko argazki masiboa, Musika plazan. Bildutakoek elkartasuna adierazi zieten, eta irailaren 14ko manifestazio nazionalera joateko deia egin zuten.


Dantzarako gogoz zenak Musika plazan eta inguruetan izan zuen aukera. ANDONI CANELLADA / FOKU

Alprojak, itsasontzian

Errealitate gordinari izkin egin gabe aritu ziren Alproja antzerki taldekoak ere, umorea eta kritika uztartuz. Jendetza elkartu zen Munoa plazan, eta ongi etorri beroa egin zieten antzerki taldeko kideei. Ohiko moduan, galtzagorriak dantzan iritsi ziren bertara, eta, haiekin batera, beste antzezle guztiak. Nitanic antzezlana taularatu zuten. Zarauzko herritar berekoienek bidaia gogoangarri bat egin zuten, «munduaren gainbeheraz ahaztu eta plazerez beteta atseden hartzeko». Modu horretan, indibidualizazioak eragindako gaitz nagusiak bistaratu zituzten, ikusle askorentzat ezagunak ziren pertsonak gorpuztuta.

Herritar taldeari itsasontzi barruan gertatutakoak harilkatu zuen istorioa, baina azkenaldian Euskal Herrian hizpide izandako hainbat gairi egindako erreferentziak ere baziren tartean. G7koen goi bileraren aurka antolatutako kontragailurra, hauteskundeak eta Realaren kopako garaipena aipatu zituzten, besteak beste, baita Zarauzko errealitatearekin lotura estuagoa duten beste hainbat arazo ere: turismoa, hirigintza planak, hondartzako sorosleak...

Goizak bereak eman ostean, jaia erdigunetik inguruko auzoetara zabaldu zen. Kalejiran joan ziren hainbat lagun Iñurritza auzora, trikitilariek, dultzaineroek eta txistulariek lagunduta. Dantzan jarraitzeko aukera zen bertan, Orots erromeria taldearen emanaldiari esker. Haurrentzako jolasak ere baziren, eta askok familia giroan jaiarekin segitzeko aukera aprobetxatu zuten.

Beste bide bat hartu zuten gazte gehienek. Malekoi inguruko tabernak bete ez zituztenak txosnen ingurura joan ziren, eta han izan zuten festa luzatzeko aukera. Goizean baino likatsuago zegoen lurra, eta jan-edanez beteago zeuden jaizaleak, baina festaren azken apurrak azkeneraino aprobetxatu zituzten horretarako aukera zutenek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.