Gorka Aldai. Erraketen soken jartzailea

«Beti egiten du ilusioa munduko onenentzat lanean aritzeak»

Hainbat ATP txapelketatan lanean ibili ondoren, aurten Roland Garrosen egotea lortu du Aldaik, eta dagoeneko esan diote hurrengo urtean ere han izango dela.

Donostia
2012ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Gorka Aldai (Portugalete, 1974) jokalari onenen erraketei sokak jartzeko lanean aritzen da, munduko ATP txapelketa garrantzitsuenetan.

2002an hasi zen txapelketa ofizialetan lan egiten, eta honako txapelketa hauetan ibili da: Davis Kopako kanporaketa batean, Bartzelonako ATP Conde de Godon sei aldiz, Madrilgo ATP Tennis Master Seriesean sei aldiz, Portugaleko ATP Estoril Openean hiru aldiz, ATP Valentzian lau aldiz, Frantziako WTA Strasburgon behin eta Roland Garrosen beste behin.

Zer moduz zabiltza zure lanbidean?

Nire lanaz gozatzen dut. Beti egiten du ilusioa munduko jokalari onenentzat lanean aritzeak teniseko txapelketa garrantzitsuenetan. Baina nire lanak berdina izan behar du guztientzat, profesionalak izan, ezagunak izan ala ez. Denek tratu berdina merezi dute, eta ni hala egiten ahalegintzen naiz.

Nola iritsi zara munduko onenen erraketak konpontzera?

Zaragozako kirol denda batean egiten nuen lan, teniseko produktuetan espezializatutako denda batean. Han hasi nintzen erraketei sokak jartzen eta konpontzen. 2002. urtean, Babolat etxekoek, Rafael Nadalek babesten duen markakoek, Bartzelonako Conde de Godo txapelketara gonbidatu ninduten, han egun batzuetan lan egin eta txapelketetako tenisa nolakoa den ezagutzeko. Nire lan egiteko modua gustatu zitzaien, eta handik aurrera, penintsulako ATP garrantzitsuenetan ibili naiz.

Zertan datza soka jartzaile baten lana?

Gu, normalean, partidak hasi baino ordubete inguru lehenago joaten gara pistara; jokalariak entrenatzen hasi baino lehenago. Jokalariek erraketak eta erabili nahi dituzten sokak ematen dizkigute eta erraketa zein tentsiotan nahi duten esaten digute. Soken eta zehaztasunaren araberako lan sistema erabiltzen da. Tentsio hori azalera, tenperatura, hezetasuna eta antzekoen arabera aldatu egiten da. Guk erraketaren sokak kanpo egoeretara doitzen dugu, betiere jokalaria ahalik eta ondoena senti dadin jokoan.

Txikikerietan ibiltzen al dira jokalariak?

Pentsa haientzat lana dela. Telebistan ikusten dugun partida bakoitza haiek final bat balitz bezala bizitzen dute. Horregatik, euren lan tresnarekin gustura egon nahi izaten dute. Egia da askotan haien nahiak txikikeriak izaten direla, eta batzuetan zoratu egiten gaituzte, baina, hala ere, asmatzen saiatzen gara. Jokalariek askotan apetatsu itxura ematen dute, baina uste dut hori profesionaltasuna dela.

Huts egiteko beldurra ematen al dizu?

Zirujaua izango banintz, orduan bai, pasatuko nuke beldurra. Nik erantzukizun handia dut. Izan ere, jokalariak nire eskuez fidatzen dira, eta, horregatik, ahal dudan ondoen egiten dut nire lana. Baina egunen batean hutsen bat egiten badut, jokalariak berehala erraketaz aldatzen du eta sokak berriro jartzeko eskatzen du. Ordu laurden barru pilota-jasotzaileak erraketa bueltan ematen dio, eta dena konponduta. Jokalaria jokatzeaz bakarrik arduratzen denean dago ondo egindanire lana, eta ez erraketan pentsatzen ari denean.

Jokalariak zuzenean joaten al dira zuregana?

Txapelketaren antolaketaren araberakoa izaten da. Pista leporaino beteta dagoenean, ezinezkoa izaten da Top20 edo Top30eko jokalari bat guregana etortzea. Askotan, gure postua publikoa dagoen lekuan egoten da; eta pentsa zer gerta daitekeen Rafael Nadal edo Roger Federer guregana etortzen bada, publikoaren ondora... Horregatik, askotan, azken orduan etortzen dira guregana eta orduan egoten gara haiekin.

Emakumeekin ere egiten duzu lan?

Bai. Neska eta mutilen txapelketetan berdin egin dezakezu lan Roger Federer edo Selena Williamsentzat. Neska eta mutilentzat egiten dugu lan, eta, zorionez, neskek lan gutxiago ematendigute.

Zer sentitzen duzu jokalariak irabazten ikusten dituzunean zeuk landutako erraketekin?

Sekulakoa da. Oso ondo sentitzen zara, garaipenaren zati txiki-txiki bat zurea balitz bezala.

Lana dela eta, asko bidaiatuko duzu... Nola eramaten da hori? Sarri itzultzen al zara etxera?

Aurten, apirilaren 18an ekin nion denboraldiari. Bartzelona, Madril, Paris, berriro Madril, Castello, Zaragoza, Sintra, Lisboa... Egia esan, oso nekatuta bukatzen duzu. Uztailaren 1ean amaitu zen denboraldiaren lehen zatia, eta ordurako, 700 erraketa inguru landu nituen. Nahikoa dela uste dut. Hogei bat egun baino ez naiz etxean egoten.

Oroitzapen berezirik?

Behin jokalari frantses batek, partida jokatzen ari zela, niri begiratu, erraketaren sokak seinalatu, eta oso ondo zegoela esan zidan; oso gustura zegoen. Harrituta geratu nintzen, eta publikoak ere harrituta begiratzen zidan. Inoiz ez zuten halakorik ikusi, eta nik ere ez. Oraindik ere, ez dut antzeko ezer ikusi.

Anekdotarik?

Behin, erakusketa txapelketa batean, Pat Cash jokalari australiarrak bi aldiz pistara joateko eskatu zidan, ez zegoelako gustura nik egindako lanarekin. Lau erraketen tentsioa behin eta berriz aldatu nuen, baina, hala ere, ez zen eroso sentitzen. Halako batean, itsaso mailan eta sekulako beroa egiten zuen toki batean jokatu berria zela jakin nuen. Orduan, sokak kendu eta beste tentsio batean jartzea gomendatu nion. Txapelketa bukatu zenean, barkamena eskatzeko deitu zidan, eta ordaindu egin nahi zidan. Antolatzaileek ordaintzen zidatela esan nion, eta, beraz, ez zidala ezer zor. Gainean zeraman diru guztia atera eta eman egin zidan. Ez nuela onartuko esan nion, noski, baina haserretuta, dirua hartzera behartu ninduen. Gustura joan nintzen etxera. Gizon jatorra!

Ba al duzu proiekturik? Datorren urterako helbururik?

Nire helburua berriro Roland Garrosen lan egitea zen, eta dagoeneko esan didate datorren urtean han izango naizela. 2013an Wimbledonen egotea ere gustatuko litzaidake. Eta ea itsasoaren beste aldeko txapelketa batetik ere deitzen didaten; sekulako esperientzia izango litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.