Donostiako Turismo Bulegoan hartu du kazetaria Manu Narvaezek. Goizean euriaren mehatxua izan ondoren ateri dago, eta Bulebarra, jendez gainezka. Turistak informazio gunetik sartu-irten etengabean daude. Ez da seinale txarra halako mugimendua.
Irailean sartu berri gara, badoa uda. Egin daitezke jada lehenengo balorazioak?
Donostiarentzat uda ez da oraindik bukatu, iraila fuerte samarra delako turismoaren ikuspuntutik. Lehenengo bi asteetan oraindik mugitzen dira turistak, eta estropadek ere sortzen dute giroa. Baina batez ere azkeneko hamabostaldia da ona, Zinemaldia. Horrek baieztatzen du Donostiako udako denboraldia. Beste hiri batzuekin alderatuta, iraila hilabete interesgarria da; ez da uztaila, ez da abuztua, baina ez dago jaitsiera nabarmenik. Oraindik ere badago jendea kalean, badago mugimendua, ez dugu burua udazkenean sartu.
Baina orain arte ostalariekin hitz eginda, hauxe esan digute: «Ez da hain gaizki joan». Denok krisiaren eraginaren beldur ginen. Krisiak jo du, nabaritu dugu, ez da orain bi hiru udaldi bezalakoa izan, baina nahiko ondo eutsi diogu.
Lasaitua hartu duzue, beraz.
Bai, bai. Eguraldiak ere lagundu du; hori ere garrantzitsua da. Guk uda partean bi multzo handi ditugu: batetik, lo egiten duten turistak, eta gero, eguneko ibiltariak, txangozaleak. Azken horiei dagokienez, eguraldiak sekulako eragina dauka, bai hona etortzeko, baita egingo duten kontsumorako ere.
Abuztua goibel amaitu da, baina, egia esanda, bero handia izan dugu udan. Ez da ohikoa.
Beroak eragina badu; positiboa: kontsumoa handiagoa da. Bestalde, euriarekin ezatseginagoa izaten da egonaldia. Turisten esperientzia ez da hain ona izaten.
Polemikarako tartea ere egon da udan. Udalak erabaki du hurrengo urtean ez dela zezenketarik egongo Illunben.
Uste dut kasu honetan eragin handiagoa duela oihartzunak, benetan gertatutakoak baino. Zalaparta sortzen denean, horren inguruko esamesek eragin handiagoa dute zezenketak kendu edo ez kendu eztabaidak baino. Eragina izango duen? Ziur aski izango du eraginik.
Zer du berezia Donostiak?
Nahasketa bat du, hitzetan adierazten zaila den zerbait, «xarma» esaten diote batzuek. Nire ustez, oreka dauka Donostiak, oreka mantendu du: natura eta urbanismoa. Esku hartu denean ere orekatua izan da prozesua. Haizearen Orrazia, adibidez: gizakiaren esku hartzea da, kostaldean, edozein lekutan sekulako astakeria izan zitekeena, baina hemen artelana da. Oreka esatean, ez dut oraingoan esaten, urteetan gorde dena baizik. Gainera, turismoarekin, marketinarekin, kontsumo produktua da, markaren oso irudi ona daukagu. Batetik, hala delako, baina, bestetik, lortu delako irudi hori urteetan turistaren buruan finkatzea.
Marko konparaezinaren defendatzaile sutsua al zara?
Azkarrak izan behar dugu. Jokatu behar dugu topikoarekin, baina segidan bete egin behar da. Badagoelako zerekin bete. Egia da Kontxa inguru paregabea dela, ikusi besterik ez dago zer indarra duen. Baina ezin gaitezke horretan gelditu. Osatu egin behar da. Kontxa badugu, baina baita Beldurrezko Zinema Festibala ere. Ez diogu bati uko egin behar, erabil ditzagun biak, izan gaitezen buruargiak.
Topikoekin jarraituta. Aste Nagusian su artifizialak ikusi eta izozkia jaten duzu?
Niri suak gustatzen zaizkit, izozkiak ez, beraz... Topiko guztiek bezala, badute alde bat egia dena eta beste bat egia ez dena. Gauza bat esan nahi dizut: Aste Nagusia hain txarra balitz, ez zen inor etorriko. Txarra denak ez du arrakastarik izaten.
Izan al zara oporretan?
Bai, bai.
Turismo bulego bateko buruarentzat, turismo egitea ez al da lan egitea bezala?
Ez. Egia da gauzei erreparatzen diedala eta gustatzen zaidala ikustea beste hirietan zer egiten duten, nola egiten duten. Esaterako, beti joaten naiz turismo bulegoak ikustera.
Ez duzu guztiz deskonektatzen orduan.
Gogoko dudalako egiten dut. Aurten, Eslovenian egon naiz, eta Ljubljanako turismo bulegoan sartu nintzen. Turismo egitera joan nintzen, gozatu nuen; baina begiratzen duzu gauzak nola egiten dituzten. Ikasten duzu, batez ere zer ez duzun egin behar.
Elkarrizketa amaitutzat joko bagenu, eta ni turista bat naizela esango banizu, zer plan antolatuko zenidake?
Batez ere esango nizuke aprobetxatzeko egun hauetan kalean dagoen giroa: gaur gaueko [herenegun] ekitaldia, estropadak... Esango nizuke ere ibilaldi bat egiteko Urgullera; topikoa dirudien arren, gastronomiaz gozatzeko; museoetan sartzeko...
Ez da plan txarra!
Manu Narvaez
«Beti joaten naiz beste hirietako turismo bulegoak ikustera»
Uztail eta abuztuarekin pozik agertu da Donostia Turismoko gerentea; eta garbi utzi du irailarekin itxaropen handia duela, estropadak eta Zinemaldia baitatoz. Donostiako zerbait nabarmentzekotan, hiriaren «oreka» nabarmenduko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu