ATZEKOZ AURRERA. Tamara Cuellar eta Ruben Mejuto. Ostomila txotxongilo taldeko kideak

«Beti lan egin izan dugu kultura txoko guztietara zabaltzeko»

Ruben Majutok Nikaraguara egindako bidaia batean ezagutu zuen Tamara Cuellar txotxongilolaria, eta, geroztik, txotxongiloen munduan murgilduta bizi dira. Boliviara bidaiatu behar dute, han antzezteko.

JON URBE / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2022ko abenduaren 16a
00:00
Entzun

Maleta handi batekin agertu dira Ruben Mejuto (Donostia, 1991) eta Tamara Cuellar (Managua, 1987) BERRIArekin hitz egitera. Maleta albo batean utzi, eta txotxongiloak ateratzen hasi dira biak, elkarrizketako argazkirako dotoreenak zein izango ote diren erabakitzen. Duela sei urte hasi ziren Mejuto eta Cuellar elkarrekin lanean, musika eta txotxongiloak batuz. Euskaraz egiten dituzte emanaldiak, eta, bihar, Boliviara bidaiatuko dute, Alaia galtzagorria —Euskal Herriko mitoen inguruko ikuskizuna— hango antzerki jaialdi batean antzezteko.

 

Nolatan zoazte Boliviara?

RUBEN MEJUTO: Ez da kanpora joaten garen lehen aldia: iaz, Nikaraguara gonbidatu gintuzten. Txotxongiloen munduan, hola da: leku batera gonbidatzen zaituzte; norbaitek ikusi, eta beste leku batera gonbidatzen zaitu. Hori gertatu zaigu guri. Iaz Nikaraguan geundela, Boliviako enbaxadoreak ikusi gintuen, eta hark gonbidatu gaitu Titirikuti jaialdira.

Euskaraz egiten dituzue emanaldiak. Han ere euskaraz egingo dituzue?

MEJUTO: Sarrera eta agurra gaztelaniaz egingo ditugu, baina ikuskizuna bera, euskaraz. Azkenean oso gauza bisuala denez, jendeak mugimenduengatik-eta ulertzen du obra edo istorioa. Hori izan da Etxepare institutuak laguntzeko arrazoietako bat; haiei esker goaz.

Tamara, zuk ere euskaraz antzezten duzu. Noiz ikasi zenuen euskaraz?

TAMARA CUELLAR: 2017an etorri nintzen Rubenekin Euskal Herrira bizitzera, eta heldu bezain laster eman nuen izena euskaltegian. Geroztik, inguru euskaldunetan ibiltzen saiatzen naiz, neure burua euskaraz egitera nolabait behartzeko.

Betidanik izan duzue harremana txotxongiloen munduarekin eta txotxongilolariekin?

CUELLAR: Gurasoek 40 urtetik gora daramatzate txotxongilolari gisa, eta nik 18 urte nituenetik egiten dut lan horretan.

MEJUTO: Ni Tamararen bitartez hasi nintzen. Hasieran, musikaria naizenez, musika jartzen nien ikuskizunei, eta, gero, parte hartzen hasi nintzen. Probatu eta gutxira, ohartu nintzen ondo egiten dudala.

Bakoitzak bere erronka propioak izan ditu, beraz: Tamarak euskara, eta Rubenek antzeztea. Lan erraza izan al da?

CUELLAR: Hasieran, idatzita neuzkan istorioak euskarara moldatzen hasi nintzen, eta konturatu nintzen uste baina zailagoa zela. Nikaraguako umorearen arabera eginak zeuden, eta hemengo umore kutsua eman behar nion, jendeak uler zezan.

MEJUTO: Antzezten ez dut inon ikasi. Tamarak eman dizkit aholkuak, eta neure kabuz ikasiz joan naiz.

Nola sortzen dituzue antzerkietarako istorioak?

MEJUTO: Tamarak daki gehien, baina bion artean egiten dugun lan bat da.

CUELLAR: Sorkuntza kolektiboa deitzen den teknika bat erabiltzen dugu. Bietako batek ideia bat botatzen du, eta ideia horren arabera inprobisatuz joaten gara, eta istorioa sortuz joaten da pixkanaka.

MEJUTO: Antzeztuz goazen heinean, istorioak aldatuz joaten dira.

Zeren arabera aldatzen dituzue, bada?

MEJUTO: Ikusleen arabera, eta emanaldietan ondo doazen ideiak zeintzuk diren ikusi ahal izaten dugu. Horren arabera, gauza batzuk kendu, eta beste batzuk gehitzen ditugu.

CUELLAR:Aldatuz joaten gara, baina gure nortasuna galdu gabe, oso garrantzitsua baita guretzat.

Eta zein da zuen nortasuna?

CUELLAR: Hasi nintzenetik nire nahia izan da kalitatezko produktu artistiko bat ikusleengana iristea. Beti lan egin izan dugu kultura txoko guztietara zabaltzeko. Ikusleek garrantzi handia dute guretzat; ikuslerik gabe, gure lanak ez du zentzurik, gure ikuskizunek ez lukete funtzionatuko.

MEJUTO: Gipuzkoako herri txikietan ibili gara aurten. Herri txikietako ikusleen erantzuna izugarria izan da. Martxotik hona, 32 ikuskizun egin ditugu guztira.

Baduzue etorkizunerako proiekturik?

MEJUTO: Tamararen proiektua da guztiz. San Juan baleontzia aurkitu zuen historialariaren inguruan izango da, Selma Huxleyren inguruan, hain zuzen.

CUELLAR: Euskal baleontzien istorioak asko gustatzen zitzaizkidan, eta zirrara piztu izan didate beti. Horren inguruan irakurtzen eta informatzen hasi nintzen, eta Selma Huxley-ren eta San Juan baleontziaren istorioak ezagutu nituen. Horren inguruan zerbait sortu behar zela erabaki nuen, eta hura izango da protagonista, baina modu berezi batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.