Bilboko Aste Nagusia

«Betidanik izan dut gustuko sorospenaren mundua»

Segurtasuna bermatzeko eta berehala esku hartzeko prest egon behar dute Gurutze Gorriko boluntarioek. Bilboko jaietako gauak itsasadarretik biziko ditu berriro Lopezek.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Markel Garzon Goitia
Getxo
2023ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Duela urtebete sartu zen Marta Lopez Diaz (Bilbo, 2001) Gurutze Gorrian. Erdi mailako gradu bat amaitu bezain laster, sorospen ikastaro bat egitera animatu zen. Lehen hilabeteetan, sorosle aritu zen lanean hondartzetan. Ondoren, Bermeoko (Bizkaia) itsas basera lekualdatu zen, eta, gaur egun, Arriluzeko (Getxo, Bizkaia) itsas salbamenduko basean lan egiten du.

Iaz, Bilboko Aste Nagusian egon zen lanean Gurutze Gorriko boluntario gisa. Aurten berriro arituko da. Aste Nagusia bizitzeko «modu ezberdin» bat dela aitortu du Lopezek.

Zerk bultzatu zintuen Gurutze Gorrian sartzera?

Betidanik izan dut gustuko sorospenaren mundua, baina inoiz ez nuen pentsatu honaino iritsiko nintzenik. Niri pilo bat gustatzen zait itsasoa, eta horrek ere eragina du. Orduan, boluntario gisa sartu nintzen Gurutze Gorrian. Poliki-poliki arreta ematen dizuten gauzak bizitzen dituzu, ikastaroak egiten dituzu, formatzen hasten zara, eta, azkenean, gustua hartzen diozu mundu honi.

Zenbat urte daramatzazu Aste Nagusian lan egiten?

Iazkoa izan zen lehena. Itsasadarrean egon nintzen suak botatzen zituzten bitartean. Batzuetan, jai eremuan egotea ere egokitu zitzaidan. Aurten, Aste Nagusian egongo naiz, boluntario gisa berriz ere. Suak lehen egunetik azken egunera botatzen dituzte, gauero. Beraz, 21:00etatik 01:00 arte egongo gara itsasadarrean segurtasuna bermatzen. Egia da asteburuetan gehiago luza daitekeela ordutegia, jende, itsasontzi eta lan gehiago baitago.

Zein da zure zeregina Bilboko jaietan?

Bilboko itsasadarrean gaude, Zubizuri zubitik Areatzako zubiraino, eta bi ontzitan banatzen gara. Asteburuetan beste ontzi txikiago bat ekartzen dugu. Gure zeregina zera da, suak botatzen dituzten bitartean itsasadarra txukun eta behar bezala egon dadila. Azken finean, suak oso erakargarriak dira, eta itsasontzi asko etortzen dira itsasadarretik ikustera. Orduan, suteren bat baldin badago edota norbait erortzen baldin bada, guk prest egon behar dugu.

Dena den, aldez aurretiko kontrol bat dago. Esate baterako, itsasadarrean sartzen diren itsasontziak zenbatzen dira. Horrez gain, segurtasun kanal bat antolatzen da. Bilboko Udalarekin, Babes Zibilarekin eta suhiltzaileekin koordinatuta gaude.

Aste Nagusiko egunak urteko gogorrenak izan daitezke?

Egun garrantzitsuak dira, hori ukaezina da. Bilboko Aste Nagusia intentsitate handiz bizitzen da, eta jende ugari dator. Hori dela eta, gure lanaldia 01:00etan amaitu arren, baten bat adi geratzen da beti, edozein gauza gerta daiteke eta.

Zeintzuk izan daitezke arrisku ohikoenak?

Jendea ontziren batetik edo lurretik uretara erortzea, suetako materialaren batek uretan amaitzea eta ontzi batek sua hartzea...

Jendeak beldurra kendu dio itsasadarrari?

Uste dut baietz. Urtean zehar ontzia hartzen ez duen jendeak ontzia ateratzen du su festa ikusteko, eta ontzi batek mantentze lanak eta kontrola behar ditu.

Nola bizitzen dira jaiak itsasadarretik?

Erabat ezberdina izaten da. Adibidez, suak ezin hobeto ikus daitezke itsasadarretik; guztiz ikusgarria da, eta jende gutxik esan dezake hori bizi izan duenik. Musika ere entzuten da itsasadarretik, baina lanean zaude, uniformea jantzita, eta zintzo ibili behar duzu.

Joan den urteko bitxikeriaren bat gogoan al duzu?

Urte lasaia izan zen, egia esateko. Ontzi ugari ikusi genituen, eta jendetza, baina ez zen ezer deigarririk gertatu.

Nola definituko zenuke Gurutze Gorriak Bilboko Aste Nagusian duen rola?

Prebentzioan egon behar dugu, edonolako istripu bat egonez gero berehalako interbentzio bat egiteko prest. Nabarmentzekoa da suhiltzaileekin eta babes zibilarekin dugun koordinazioa eta elkarlana ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.