Bezeroa, erakusleihora

Bilboko 11 merkatarik bezeroak erakartzeko sistema bat jarri dute martxan: kamera bidez aurpegia grabatu, eta dendan saltzen diren produktuak proposatzen dizkie.

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Gertutasunaren arma erabiltzen dute maiz merkatari txikiek saltoki handiekin lehiatzeko. Eta orain, Bilboko 11 merkatarik teknologia ere baliatuko dute bezeroen arreta bereganatzeko. Tecnalia eta Lan Ekintza-Bilbaoren elkarlanaren bitartez, Mi+Cara teknologia garatu dute Bilboko Merkatari Berritzaileentzako. Baliabide horri esker, kamera batek kaletik doan jendearen aurpegia grabatuko du, eta erakusleihoan dagoen pantaila batean emango. Baina bereizgarri batekin: saltoki bakoitzean saltzen diren produktuekin apainduko dira aurpegiak.

Optika Jesusen, baliabide hori jarri dute, eta kaleko jendeari saltzen dituzten betaurrekoak jartzen dizkiete aurpegian. «Teknologia horri esker, jendea erakusleihora begira geratzen da, eta denbora luzez egoten da hor», dio Iker Txarroalde optikako dendariak. Iritzi berekoa da Manuela Gomez, Frutas Manuela saltokiko dendaria. Frutarekin egindako aurpegiak jartzen dizkio kaleko jendeari, edo dendan daukaten eskaintza baten berri ematen dute. Bi merkatarientzako hori da garrantzitsuena, jendea erakusleihoen parean geratzea.

Hala ere, erakusleihoen aurrean geratzeak salmentetan eragina dauka. «Guregana bezeroa beharra daukanean etortzen da, betaurrekoak behar dituenean. Orduan teknologia horrek ez digu zuzenean eragiten, baina guri buruz hitz egiten dute, eta hori garrantzitsua da», dio Txarroaldek. Frutas Manuelako kasua, ordea, bestelakoa da. «Ez dugu sekulako igoera nabaritu, baina askotan kanpoan begira geratzen dena barrura sartzera animatzen da», dio fruta saltzaileak.

Edozein moduz, bi merkatariak oso gustura daude erakusleihoetan jarri duten teknologiarekin. Hala ere, denetan gusturen daudenak haurrak dira. «Eskola orduak amaitzen direnean, haurrek hemendik igaro nahi izaten dute, eta pantailak aurpegian zer jarriko dien jakin-minez inguratzen dira», dio Gomezek. Iker Txarroaldek ere hori sumatu du, «goizetan haur ugari igarotzen dira erakusleiho paretik, zein betaurrekorekin dauden hobeto jakin guran».

Etorkizunean, gorputza

Inauterien aitzakian jarri zituzten Bilboko hamaika merkatariek erakusleiho parte hartzaileak, eta hasiera batean hilaren 21era arte utzi behar zituzten jarrita. «Hala ere, oso gustura agertu dira, eta kanpaina luzatzea erabaki dugu», dio Jon Ander Ormaza Tecnaliako merkatu zuzendariak. Kanpaina amaitutakoan, gainera, baliabide horiek merkatarien esku utziko dituzte hala nahi dutenek.

Mi+Carak izan duen arrakastari erreparatuz, etorkizunean antzeko baliabideak sortzeko gogoz dago Ormaza. «Erakartzeko sistema honek funtzionatu duenez, gorputzeko gainerako ataletan ere barneratuko gara, ez aurpegian bakarrik», dio. Horrela, «bezeroei gehigarri bat ematen baitzaio», haren ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.