Bi ahizpa Iparrizarraren bila

Ainara Bera zinemagile nafarraren bigarren film luzea da 'Polaris', Ozeano Artikoko kapitain baten bidaia pertsonala

Hayat itsas kapitaina da filmeko protagonista. Leila ahizparen haurra jaiotzean, bi emakumeen mundua hankaz gora jarriko da. POLARIS.
Uxue Arzelus Lasa.
2023ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Ainara Berak Viktor Kossakovski zinemagile errusiarraren Aquarela dokumentala muntatzeko lanetan ari zela ezagutu zuen Hayat. Plano gutxi batzuetan azaltzen da emakumea, baina kamera aurrean zuen indarraz ohartu zen Bera. Horretaz gain, Hayatek tradizioz gizonena zen mundu batean lan egiten zuen, eta, iragan arazotsua izan arren, gauza harrigarriak egitea lortu zuen. Nafarrak aukera bat ikusi zuen pieza horiek guztiak batuta film bat egiteko, eta argi zegoen Hayatek eutsi ziezaiokeela film luze baten pisuari.

Horrela sortu zen Polaris. Iparrizarra. Garai bateko nabigatzaileek izarrei begiratzen zieten hura non zegoen jakiteko, eta Hayat etengabe bere lekuaren bila dabilen barku kapitain bat da. Ozeano Artikoan aditua da, eta, bere lana dela eta, familiakoengandik eta gizarteatik urrun bidaiatzera behartuta dago. Leila, haren ahizpa txikia, ordea, haurdun dago, eta Inaya jaiotzean hankaz gora jarriko da bi ahizpen mundua.

Hayatek atzean utzi nahi izan du bere jatorria, baita hazi zen lurra ere. Baina hasi berri den bizitza bat ikusirik, bere familiaren iragan konplikatuari buruz hausnartuko du, eta ordura arte hartutako erabakiak zalantzan jarri. Hayatek sendatu gabeko zauria du, amarekin izandako harremanak utzitako oinazea, eta ilobaren jaiotzak familiarteko harremanez beste era batera pentsaraziko dio.

Cannestik mundura

Ainara Berak zuzendu duen bigarren film luzea da Polaris, baina nafarrak urteak daramatza muntzatzaile eta zuzendari laguntzaile lanetan. Arestian aipatutako Viktor Kossakovski zinemagilearen Gunda, Aquarella eta Varicella filmetan lan egin du. Polaris iazko Cannesko jaialdian estreinatu zen, zinema independenteari eskainitako ACID sailean. Orduz geroztik Mirage Film Festivalen, Zinebin eta Sevillako zinemaldianparte hartu du, besteak beste, eta Citta di Trento film onenaren saria jaso du Trentoko zinema jaialdian.

Zinemagile nafarrak protagonistaren erretratu oso pertsonala egin du bere bigarren filmean. Fikzioaren kodeak betetzen dituen dokumental horretan, iraganaren eta etorkizunaren artean balantzan dagoen Hayatengan kokatu du kamera, arrazoizko distantzia batera, eta lehen plano psikologikoekin jolasean. Bere familiarteko harremanak berriro aurkitzeko bidaia horretan lagunduko du kapitaina.

Istorio gogorra bada ere, Bera sentimentaltasunetik urruntzen saiatu da, eta, egin nahi duen erretratu hori bigarren plano batean utziz, entzule bilakatu da. Protagonistei utzi die beren ondorioetara iristen. Izan ere, bi ahizpak eta haien arteko harremana dira Polaris-en ardatza. Bi ahizpa eta haien beldur eta desirak: beldurra, haurra ongi biziko ote den aitarik gabe hazitakoa izanik; beldurra, gizonezkoena den mundu batean emakume izateagatik;desira, haien familiak sorturiko min sakona amaitzeko. Bi ahizpa, beren Iparrizarraren bila.

'POLARIS'
Zuzendaria: Ainara Bera.
Gidoilaria: Ainara Bera.
Argazkia: Inuk Silis Hoegh, Ainara Bera.
Musika: Amin Bouhafa, Cocanha.
Generoa: Dokumentala.
Urtea: 2022.
Iraupena: 78 minutu.
Herrialdeak: Frantzia, Danimarka.
Estreinaldia: Ekainaren 21ean estreinatuko da Iparraldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.