Uda atsegin eta mugitu baten ondoren, ufa, udazkena. Sartu gara, bai, bertatik omendu nahi ditudan zorigaitzeko beste askok bezala Gloriak sekula biziko ez duen udazken berrian.
Etxekoen eskariz behin bisitatu eta geroztik lagun izan dudan amona maitagarri hark bizitza osoa zeraman Raul jatorraren alboan. 51 urte ezkonduta, seme-alabarik ez, bata bestearentzat eginak zirela jakin nuen Habanako haien etxeko atea lehenengoz zeharkatu nuenean. Gloria gaixoa burua galtzen hasia zen, baina bizirik zegoen, bizi-bizirik, eta erraz hunkitzen zen senar maiteminduak gitarra eskuetan eta ahots ahul baina ezin finagoaz betiko kanta zaharrak eskaintzen zizkionean. Bi gardenia zuretzaaat.
Bisitan joan nintzaien azken aldian, atea jo eta jo ibili nintzen. Kax, kax, kax. Alferrik. Ahots hunkitu batek, eraikuntza osoan sumatzen zen isiltasun ezeroso hura apurtuz, zera esan zidan: «Gloria hil da». Nola? Ez da posible, amonatxoa joan egin dela senarra hemen utzita?
Kaka zaharra, betikoa etorri zitzaidan burura: joan denaren hutsunea eta hutsune horren biktimak. Kasu honetan, haren burua baino galduagoa geratu den alarguna. Raul gizajoa. Nori kantatuko dio, nor maitatuko eta norekin konpartituko patuak hala nahi izan arte pasatu beharreko arnasestuko gau luzeak?
Nire aurrean emazteari behin eta berriro eskaini zizkion bi gardenia eder haiek berarentzat izan daitezela nahi dut gaur. Raulentzat. Musa joan baitzaio, eta harekin batera, Habanako trova zaharreko elkartetik erretiratu zenetik aurrean izan duen entzule bakarra, bere betiko emazte eta laguna.
MARATILA
Bi gardenia zuretzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu