Bi gurpilen gaineko artea

Achim Heinkel eta Roland Ruisz alemaniarrek erakusketa bat jarri dute Gernika-Lumon. Aurten Bizkai eta Gipuzkoan bizikletaz egindako bidaian sortu dituzte artelanok.

Elai-Alai aretoan daude Achim Heinkel eta Roland Ruiszen lanak. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
2012ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Txirrindularitza artearekin elkartzea ez da ohikoena. Eta hori erakusketa batean gauzatzen baldin bada, bitxikeria bihurtzen da. Alemaniako Achim Heinkel zilargileak eta Roland Ruisz margolariak bi diziplina horiek elkartu dituzte, eta Gernika-Lumoko (Bizkaia) Elai-Alai aretoan jarri dituzte euren artelanak. Aurtengo udan, bizikletak hartu eta 1937an Kondor legioak bonbardatu zituen herriak bisitatu zituzten. Gernika-Lumo abiapuntutzat hartu, eta Otxandio, Durango, Eibar, Ermua, Markina eta Elgetan ibili ziren hiru egunez. Bidean, geldialdiak egiten zituzten, Ruiszek koadroak margotzeko, eta Heinkelek argazkiak ateratzeko. «Tailerra gainean eraman ezin zuenez, argazkiak atera zituen, ondoren etxera itzultzean zilarraren gainean lantzeko», Andreas Schafter Gernika Gogoratuz elkarteko kidearen esanetan. Era horretan osatu dute urriaren 18ra arte erakusgai egongo den erakusketa hori.

Bi egileak Pforzheimekoak (Alemania) dira sortzez, 1989az geroztik Gernika-Lumorekin senidetuta dagoen herrikoak, hain zuzen ere. Ez da lehen aldia Bizkaiko herri horretara bisita egiten dutena, ezta bizikletaz egin duten lehena ere. Izan ere, 1988. urtean bi herriak bizikletaz batu zituzten Gernikako txirrindulari elkarteko kide batzuek eta Ruiszek, besteak beste. Hurrengo urtean egingo zen senidetzan sakontzeko abentura bat izan zen, eta 1989an kontrako noranzkoan egin zuten bidaia. Hogei urte geroago, 2009an, Pforzheim eta Gernika-Lumo arteko bidea bizikletaz egin zuten berriz ere. Orduko hartan, Ruiszekin batera zegoen Heinkel bera ere. Eta duela hiru urteko bidaia hartan ere, margolanak pintatzeko geldialdiak egin zituzten. Lan horiekin, erakusketa jarri zuten Gernika-Lumon. «Uda honetan egin duten proiektua osatzeko abiapuntua izan zen bidaia hura», Schafterren esanetan.

2009. urtera arte, Pforzheim eta Gernika-Lumo elkartzeko hiru bidaia egin zituzten bi herrietako biztanleek. Aurten, baina, ez da egin horrelako ezer. Bonbardeketetatik 75 urte igaro dira, eta, hori aprobetxatuz, Bizkai eta Gipuzkoa inguruko herrietan ibili dira bi artista alemaniarrak, Gernikako txirrindulari elkarteko kideekin. «Beste herri batzuetara ere joan ziren, gisa horretan onartzeko beste herri batzuek ere sufritu zutela».

Gogoetarako artelanak

Elai-Alai aretoan jarrita dagoen erakusketan iragana eta oraina uztartuko dituzte, bakearen eta memoria historikoaren inguruko gogoeta bultzatzeaz gain. Horretarako, Heinkelek egin dituen zilarrezko lanek kaiku bikoitzen itxura daukate, «bakea eta historia zaintzearen eta babestearen artean dagoen lotura sinbolizatzeko». Hau da, oreka etengabean bilatzen aritzea litzateke zilargilearen asmoa.

Ruiszek, bestalde, bonbardaketetako irudiak gaur egungoekin tartekatu ditu. Horretarako, kolore ezberdinak erabili ditu: iraganekoak marrazteko, nazien banderako koloreak erabili du, «gorria zerua marrazteko, handik erori baitziren sarraskia eragin zuten bonbak»; gaur egungo koadroak egiteko, berriz, ikurrinaren koloreak eta ortzadarraren koloreak aukeratu ditu. «Lan horiek eginda, Ruiszen asmoa da gertatutakoa ez errepikatzea, erantzukizuna hartzea orainaldiari begira», zehaztu du Schafterrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.