Bi gurpiletan bidaiatzen

Donostialdeko bidegorria Oiartzungo Arditurritik Donostiako Errekalde auzoraino iristen da dagoeneko: 23 kilometro egin daitezke bizikletatik jaitsi gabe.

Eguraldi ona aprobetxatu, eta askok bizikleta hartu zuten Donostialdeko bidegorrian ibiltzeko, Herrera auzoan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta.
Oiartzun
2012ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Azken egunotako hotzak eta euriak etxean geratzeko gogo handiagoa ematen dute. Izan ere, dagoeneko gutxitan berotzen du eguzkiak, baina tarteka egiten du, eta eskertu egiten da: jendea errazago animatzen da kalera ateratzen.

Atzo Arditurrin (Oiartzun, Gipuzkoa) nabari zen jaieguna zela. Auto gutxi ibiltzen dira bertan: hobe bizikleta hartu eta bertako aire lasaiaz gozatzea. Atzo, gainera, jaka etxean uzteko giroa zegoen: hainbatek kaskoa eta bizikleta hartu, eta goiz pasa egiteko tartea hartu zuten. Batzuk, errepidetik mendian gora, eta besteak, bidegorritik barna pasieran. Gurasoak eta seme-alabak zebiltzan azken horretatik, batik bat. Oinezkoak ere ageri ziren han-hemenka.

Hain zuzen ere, Arditurritik hasi eta Donostiako Errekalde auzoraino egin daiteke jada bizikletaz. Guztira, 23 kilometroko bidegorria. Duela gutxi amaitu zituzten Donostia erdialdeko bidegorri sarea ekialdekoarekin eta Oarsoaldearekin lotzeko lanak. Oiartzundik hasi, eta Errenteria eta Pasai Antxo zeharkatzen ditu, Donostiarako bidean. Ondoren, hiria gurutzatu eta Errekalde auzoraino heltzen da, gaur egun, bizikletentzako bidea. Asmoa Lasarte-Oriaraino luzatzea da, baina oraingoz, Gipuzkoako Foru Aldundia aztertzen ari da zein den biak lotzeko modurik egokiena.

Mendialdetik hiri urbanizatura

Bidegorriak Oarsoaldeko eta Donostialdeko zati bat ezagutzeko aukera eskaintzen du. Paisaia etengabe aldatuz doa bidegorrian doanarentzat: ingurune lasaian hasi, eta pixkanaka, autoen zirkulazioa ohikoa den guneekin bat egiten du bidegorriak. Arditurrin bertan, aire zabalean nahiz tunelean barrena dabiltza ibiltariak. Autorik ez da pasatzen bertatik, baina amaiera ikusten uzten ez duen tunel batek hainbat buruhauste eragiten dizkie igarotzen dutenei. Bidean aurrera egin ahala, Donostiarako noranzkoan, motor hotsa gailentzen zaio txorien kantuari, bat-batean.

Pasaian, adibidez, bidegorria eta errepidea ondo-ondoan doaz, eta tarte txiki baten ostean, Donostiako Herrera auzoko tren geltoki estreinatu berriarekin egiten dute topo bai autoz, bai bizikletaz doazenek.

Errepide zaharraren ondotik bizikleta gutxi doaz. Izan ere, bidegorria beteago doa hiri barruan: autoak astiroago joan arren, zirkulazio handia izaten da, eta batetik bestera joatea, askotan, errazagoa da bizikletaz.

Oiartzungoa da Julen Mendizabal, eta denbora duenean, galtza motzak jantzi, eta kirola egiteko aprobetxatzen du: «Ez naiz Donostiaraino heldu oraindik. Beti Errenteriara arte joaten naiz, korrika edo bizikletan, baina egia esan, pozgarria da ikustea zenbat jende ibiltzen den bidegorrian».

Dela hemendik gutxira egingo duten Behobia-Donostia herri lasterketa prestatzeko, dela futbol taldeek denboraldi-aurrea prestatzeko, «jende askok» erabiltzen du bidegorria kirola egiteko, Mendizabalen arabera. Hala ere, bidegorrian zehar erritmo lasaiagoan ibiltzen direnak ere badira: txakurra paseatzeko aprobetxatzen dutenak, edo eguneroko ibilaldia ematen duten aitona-amonak, esaterako.

Oinez edo bizikletaz, segurtasunez ibil daiteke Donostialdeko bidegorrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.