Sami Nair (Tlemcen, Aljeria, 1946) pentsalari, politologo eta soziologo frantses bat da. Lionel Jospinen gobernuaren aholkularia izan zen 1999. urtera arte, immigrazio kontuetan. Europako legebiltzarkidea izan zen 2004. urtean. Norantz doa arabiar iraultza? hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Donostiako San Telmo museoan. Elkarrizketa osoa irakurtzeko: www.berria.info gunea.
Arabiar iraultzaren norabideaz hitz egin daiteke, horren herrialde eta egoera ezberdinak izanda?
Bai, oso mugimendu ezberdinak dira, bistan da. Baina badago oinarrizko norabide bat: aldaketa izan duten herrialde guztiek bide demokratikoa hartu dute. Arazoa da jakitea demokraziak arrakasta izango ote duen eta zer motatako demokrazia izango den.
Erantzuna ezingo da berdina izan Tunisian, Egipton edo Sirian.
Antzekotasunak egongo dira; bada leku guztietan nagusituko den estandar demokratiko bat: aniztasun politikoa eta adierazpen eta antolakuntza askatasuna. Ez dakigu erlijio askatasunera helduko diren, hori arazo handi bat delako.
Europan islamistak muturreko jarrerekin identifikatzen dira, baina aditu batzuek diote islamista gehienak Europako demokrazia kristauaren parekoak direla. Egia al da hori?
Hori arazo bat da. Ezin diogu erantzun galderari, herrialde hauetan orain arte ez dugulako izan esperientzia islamista kontserbadorea sistema demokratiko batean. Herrialdeotan benetako galdera hau da: posible al da demokrazia islamikoa?
Alde politikoaz gain, krisi ekonomikoak ere eragin handia izan du. Norainokoa?
Alde ekonomikoa izan da garrantzitsuena. Horregatik, bi gauza gertatu dira: botere absolutistak hondoratu egin dira, eta islamistek hauteskunde legislatibo demokratikoak irabazi dituzte, lan handia egin dutelako txiroenak laguntzen azken hogei urteotan eta diktaduraren tortura eta kartzelen biktima nagusiak zirelako. Baina badakigu alderdi islamista antolatu guztiak herrialde arabiarretan guztiz sartuta daudela ustelkerian eta lur azpiko ekonomia kontrolatzen dutela.
Mediterraneoko urak harrotuta dabiltza azken bolada honetan, baina bi itsasbazterretan.
Frantzia eta Alemania dira gertatzen ari denaren erantzule nagusiak. Europa irtenbiderik gabeko ataka batean sartu dute, multinazional handien interesen arabera kudeatu nahi izan dutelako. Bi krisi ditugu, positiboa hegoaldean eta negatiboa iparraldean. Herrialde arabiarretan jaiotza krisia da: haur bat oihuka ari da. Ez dakigu zer esne mota eman behar diogun eta ez dakigu nola garatuko den. Baina demokraziarako jaiotzearen krisia da, horrek dituen arrisku guztiekin. Europan, ordea, krisi negatiboa dugu, austeritate neurri politikoek sortu dutelako, Alemaniak eta Frantziak indarrean jarritakoek.
François Hollande Frantziako presidente berriaren eta Merkel Alemaniakoaren artean batzuk espero duten talkak norabidea aldatuko du?
Uste dut Alemaniak amore emango duela, ezin duelako Frantziarik gabe ezer egin. Ikusi beharko dugu Hollandek bere jarrerari tinko eutsiko ote dion.
Merkel ere bozak galtzen ari da, landerrez lander. Azkenean, soilik Mariano Raxoi geratuko da hark aginduriko politikak zintzo betetzen, Alemanian ere alboratzen dituztela?
Ziklo berria irekitzen ari dela uste dut, eta Raxoi paradoxa da horretan. Jakin beharko dugu, ordea, Alemaniako sozialdemokratak ziklo horretan argi sartuko ote diren eta beste politika aukera bultzatuko duten. Espainian, berriz, arazo bereziak daude, batez ere krisia 2007-8. urtetik kudeatzeko hartu dituzten erabakiengatik. Politikari batzuek erantzukizun pertsonala dute PSOEren porrotean.
Sami Nair. Politologoa
«Bi krisi ditugu: positiboa herrialde arabiarretan eta negatiboa Europan»
Europaren immigrazio politika aurrerakoien ideologoa da irakasle, politikari eta eurodiputatu ohia. 'Norantz doa arabiar iraultza?' hitzaldia emango du gaur Donostian, Mariano Ferrerrek aurkeztuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu