Lehendik 43 izar bazituzten Euskal Herriko jatetxeek Michelin gidan, eta hemendik aurrera bi gehiago dituzte. Ireki berriak diren bi sukaldek jaso dituzte izar berriak, gainera.
Eneko Atxak badaki zer den Michelin izarrak edukitzea. Orain hamar urte irabazi zuen lehena, Azurmendi jatetxearentzat. Hiru baditu hark dagoeneko, eta Atxaren proiektu berriak lehena irabazi du orain.
Eneko izena du sukaldariaren proiektu berriak. 65 lagunentzat lekua du, eta 35 lagunentzat jantoki pribatua ere bai. Azurmedi jatetxekoak baino menu merkeagoak eskaintzen ari da han, baina beti jarraitzen du lurrari, iraunkortasunari eta gauzak egiteko eta pentsatzeko modu irekiei eusten. Eta zabaltzen.
Sariak eta onespena baizik ez zaizkio iristen ari azkeneko urteetan. Horren adibidez, orain bi urte, 'Opinionated About Dining' gidak Europako jatetxe onenen artean jarri zuela Azurmedi.
Eta beste izar berria ere proiektu berri batek jaso du, Paulo Airaudoren Amelia jatetxeak. Donostian ireki zuen, apiril honetan. Lokal txikia da, 30 bat lagunentzakoa.
Lehenago bazuen beste izar bat Airaudok, Genevako La Bottegan egindako lanarengatik jasoa. Baina Donostiara etorri da, alaba haztera —Amelia izena du, jatetxearen bera—, eta bertan ireki du jatetxe berria. Laster iritsi zaio aitortza.
Airaudo argentinarra da sortzez, baina hamahiru herrialdetan bizitu eta lan egindakoa, su artean ia beti. Donostia lehenagotik ezagutzen zuen, Arzakenean lanean aritu baitzen.
Bi horiekin, 45 dira Euskal Herriko sukaldariek poltsikoetan dauzkaten Michelin izarrak:
Araban. Eltziegoko Marques de Riscal (1) eta Gasteizko Zaldiaran (1).
Bizkaian. Zornotzako Boroa jatetxea (1), Axpeko Etxebarri (1), Bilboko Etxanobe (1), Mina (1), Nerua (1), Zarate (1) eta Zortziko (1), Larrabetzuko Azurmendi (3) eta Eneko (1), Galdakaoko Andra Mari (1).
Gipuzkoan. Donostiako Akelarre (3), Arzak (3), Kokotxa (1), Mirador de Ulia (1) eta Amelia (1), Errenteriko Mugaritz (2), Getariko Elkano (1), Hondarribiko Alameda (1), Lasarte-Oriako Martin Berasategi (3) eta Oiartzun Zuberoa (1).
Lapurdin. Ainhoa Ithurria (1), Miarritzeko L'Impertinent (1) eta Les Rosiers (1), Arrangoitzeko L'Atelier de Gaztelur (1) eta Le Moulin d'Alotz (1), Getariko Briketenia (1), Bidarteko Table des Frères Ibarboure (1), Donibane Lohizuneko L'Océan (1), Le Kaiku (1), Senpereko L'Auberge Basque (1)
Nafarroa Beherean. Les Pyrénées (1).
Nafarroa Garaian. Europa (1), Rodero (1) eta Udaizko Molino de Urdaniz (1).