Ohikoa baino bibote gehiago ikusten dira azken egunotan kalean. Ez da estetikakontua, elkartasunak bultzatuta hartutako erabakia baizik. Movember kanpaina jarri dute martxan azaroan. Gizarteak gizonezkoen osasunaren alde kontzientzia hartzeko helburuz sortutako mugimendua da Movember, eta prostatako eta barrabiletako minbiziaren inguruko ikerketak egiteko dirua biltzea du xede. Mundu mailako mugimendu hori Euskal Herrian ere ari da arrastoa uzten.
Mugimenduko kide egiteko baldintza bakarra bibotea uztea da. Mo Bros bat bihurtzeko hala. «Gero www.movember.com webgunean izena eman, eta zure argazkiak kargatzen joaten zara bibotea nola hazten ari den erakusteko», esan du Irati Gonzalez Donostiako Movember taldeko kideak.
Prostatako eta barrabiletako minbizia gizarteratzea da helburua. «Gaur egun, ez da hain ohikoa bibotea eramatea, eta ezagunek kalean gelditu eta zergatiaren inguruan galdetzen dutenean jendeak kontzientzia hartzea da kontua».
Horrez gain, dirua biltzeko ere baliatuko dute hilabetea mundu osoan. Minbiziaren ikerketara joango da dirua; Movember Global Action Plan erakundearen bidez. Ezagunen biboteen argazkietan dirua emateko aukera dagoela dioGonzalezek. «Norberak nahi duen kantitatea». Iaz, 113,5 milioi euro inguru bildu zituzten mundu osoan.
Emakumeek mugimenduan duten garrantzia azpimarratu du Gonzalezek, Mo Sistas-ik gabe ez legoke Mo Bros-ik. Azkenean, emakume guztiek dute inguruan senide edo lagun gizonezkoren bat. «Osasun probak egitera bultzatu eta mugimenduko partaide egitera animatzeko ezinbestekoak dira emakumeak». Bularreko minbizia gizartean askoz normalizatuago dagoen bezala, prostata eta barrabiletako minbizia oraindik ezkutuan geratzen dira.
Emakumeek ere badute aukera, beraz, webgunean izena emateko, eta norbanako soslaiak edo taldekoak egin daitezke. Iaz sortu zuten Donostiako taldea, indarrak batuta jende gehiagorengana iritsiko zirelakoan. Hainbat ekitaldi antolatzeko asmoa dute. Ostiral honetan, azaroaren 15ean, bizikletekin aterako dira Groseko Bizi Poza saltokitik, 20:30ean. Erdigunean dagoen Never Stop garagardotegira joango dira. Nahi duen orori dago irekita ibilaldia, bibotea edukitzea da baldintza bakarra. Emakumeei gezurretako biboteekin joateko deia egin diete. Hilabete amaieran festa bat egiteko asmoa ere badute.
Errugbiko jokalariak
Baina Donostian bakarrik ez, Euskal Herriko hainbat hiriburu eta herritan ere indarra hartu du mugimenduak. Ordizian (Gipuzkoa), esaterako, Ordiziako Errubgi Elkarteko jokalari ugarik utzi dute bibotea, herritar talde batekin batera. Pablo Sanchez da horietako bat. «Joanes Aierbe kapitainari minbizia diagnostikatu zioten, eta horrek jende asko bultzatu du mugimenduko partaide izatera», dio Sanchezek. Herriko tabernetan itsulapikoak jarri dituzte, eta errugbi taldeko materiala ere zozkatuko dute.
Iruñean ere badago hiriburuko bibotedunak biltzen dituen talde bat. Christian Doyle kidearen arabera, kosta egiten zaie hemengo gazteei bibotea uztea. «Londresen bizi izan nintzen, eta han askoz ere hedatuago zegoen mugimendua».
Bibotea, osasunaren alde
Movember mugimendua pixkanaka indarra hartzen ari da Euskal Herrian. Azaroan bibotea uztean datza, prostatako minbiziaren alde jendeak kontzientzia hartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu