BIDAIA. ALBI. Albi, adreilu gorriko hiria

Erdialdeko Mendigunearen hegoaldean, mendiak basoz beteriko muino gozo bihurtu eta Tarn ibaia baretzen den tokian, haran bat dago, Adiskidetasunaren Harana deitzen diotena. Hango ordoki batean, Okzitaniako hiririk ederrenetako bat: Albi.

GORKA LOPEZ ALBI
2008ko apirilaren 12a
00:00
Entzun


Erdialdeko Mendigunearen hegoaldean, mendiak basoz beteriko muino gozo bihurtu eta Tarn ibaia baretzen den tokian, haran bat dago, Adiskidetasunaren Harana deitzen diotena. Hango ordoki batean, Okzitaniako hiririk ederrenetako bat: Albi.
gorka lopez

Albi

Midi-Pyrenees eskualdean dago, Tarneko Departamenduan, Mediterraneoarekin batera zabaldu eta Pirinioak eta Alpeak elkartzen zituen Okzitania haren bihotz-bihotzean. Hain zuzen ere, Tolosako gurutze horia -Okzitaniako nazioaren sinboloa- han eta hemen ageri da, oihal gorri batean josia, leku publiko batzuetan eta mota guztietako auto eta dendetan.

Okzitania edo Languedoc ez zen izan estatu trinko bat, edo errege dinastia batek gobernaturiko lurralde bat; besterik gabe, oc hizkuntza erabiltzen zen konderrien multzoa zen. Baina konderri horiexek zeuden errege frankoen kontroletik kanpo, eta, haientzat zoritxarrean, hantxe sustraitu zen katarismoa.

Milioi bat kataro baino gehiago -kataro deitze hori oraingo kontua da, «gizon onak» esaten baitzieten; grekotik dator hitza, eta garbi esan nahi du- txikitu egin zituzten ezpata zorrotzez eta suaren indar garbigarriz. Gurutzada hartan, Frantziako errege leinuak eta Erromako oligarkek bildu zituzten etekinak: lurrak batzuentzat, eta arimak besteentzat.

XIII. mendeko heretiko haien bekatua arrunt soila izan zen: Eliza kristaua hasierako umiltasunari eta ontasunari berriz ere atxikitzea nahi zuten. Kataroek harreman handia izan zuten Albirekin; txit handia, kontuan hartzen bada herri xeheak albitarrak deitzen ziela maiz kataroei, gizon onak eta akatsgabeak deitu beharrean, haietako asko Albikoak zirelako.

Albi eta kataroak estu loturik daude, beraz. Oraindik ere, harrotasun halako bat dute albitarrek; izan ere, bertako kondairak gogoan, ohore bat da haien ondorengo izatea, nork bere erara aldarrikatzen duena.



TARN IBAIAREN ERTZEAN. Kataroak dira Albiko bizimoduaren alderdi erromantikoena, baina gaur egun Albin ez dago haien arrastorik; hiriaren lorpenik handienek ez dute zerikusirik haiekin, eta haiek desagertu ondorengoak dira.

Hiria garatzeko orduan, bi osagai hauek funtsezkoak izan ziren: hiria eraikitzeko erabiliriko adreilua, eta merkaturatu zuten urdinbelar tindua. Horiek bai, horiek arrasto handia utzi dute Albin, nonahi ikusteko modukoa, are gehiago Albi zaharrean ibiliz gero.

Bisitaldia hasteko era ona da Tarn ibaiaren ertzetik abiatzea, mendebal aldetik, Albiko parte zaharra aurre-aurrean daukagula. Ibaiko uraren gainetik hiru zubi daude, hirurak adreilu gorriz eginak. Iparraldetik hegoaldera, aurrena 1944ko Abuztuaren 22a izenekoa dago, zirkulazio handiena duena; gero, Zubi Zaharra; eta, azkenik, trenbideko zubia.

Lehenbizikoaren eta bigarrenaren artea Porta kalea dago, eta bertan daude Albiko errotak. XIX. mendeko industria egiturak dira -fideo fabrika bat, kapela denda bat, laboreak ehotzekoa-, eta zaharberritu egin dituzte: orain administrazioko zenbait sailen egoitzak eta hotel bikain bat daude han.

Zubi Zahar aldera oinez joanez gero, Laperouse museoaren parean lorez beteriko lorategira iristen da, eta hango behatokitik Albi zaharra ikusten da, Tarn ibaiak eta haren gaineko zubi historikoak ikuspegi ezin ederragoa osatzen dutela. Museo hori Jean François Galaup de Laperouse albitar ospetsuari eskainia da: itsasoak zeharkatu zituen Luis XVI.aren erregealdiaren gorazarrez.

Albi peto-peto aldera Zubi Zaharra gurutzatzean, bisitaria harritu egiten da, ezin ulerturik nola litekeen XI. mendearen hasieran 150 metroko zubia osatu izana eta oraindik ere hortxe irautea, bere zortzi arkuekin, uraren nahiko gainetik. «Adreilua da koska», bota du ondoko gizon zaharrak; bibote sarria du, pipa eskuan, eta barre algaraka hasi da.

Badirudi badakiela bisitariak zer pentsatzen ari diren zubiaren egiturari adi-adi erreparatzen diotenean, eta ironiaz ari da erabat, zubia harrizkoa baitzen eta, jakina, adreiluz estali baitzuten gero. Asko daki hiriaz, eta Lautier izeneko baten hitzen parafrasea egin du: «Albik adreiluari zor dio bere iragana argitzeko argi goxoa».

Esaldi hori gogoan, ezin da ahaztu esan izan dela Albi ez litzatekeela ezertxo ere Tarn gabe. Hala da: urak mugitzen zituen urdinbelar tindua eta beste ateratzen ziren errotak; ibaiertzeko buztin gorriz egiten zituzten teilak eta adreiluak; Zubi Zaharrean kobratzen zituzten bidesariak, eta etekin handiak bildu, handik pasatu behar baitzuten Tolosara edo Italia aldera joan nahi zutenek.

Zubiaz bestaldean, garai batean lau dorre eta zubi altxagarri bat zeuden bidea zaintzeko, eta hortxe hasten da Choiseul pasealekuko aldapa, Berbie jauregia eta Santa Zezilia katedrala dauden aldera: horiexek dira hiriko monumenturik garrantzitsuenak, eta, gainera, elkarren aldamenean daude. Handik ibaiertzeraino doa eskailera bat, ur aldamenetik dagoen pasealekuan barrena ibiltzeko gonbita eginez. Paseoan ibili bitartean, bisitariak panel batzuetan irakur dezake nola aberastu zen Albi urdinbelar tinduari esker. Albin eta Tolosan bada lore hori bat, Isatis tinctoria izenekoa; urdinbelarra deitu ohi zaio, eta harekin egiten den tindua bikaina da.

Errotetan hostoa hauts lodi bihurtzen zen. Aurrena, bola moduko bat egiten zuten, pipil deitzen zutena, eta gero bola horiek hartzitzen jarri, eta hortik ateratzen zen urdin bat oso berezia. Hasierako pisuaren %5 pisatzen zuen emaitzak, eta beste produktu batzuekin nahasten bazen, tindu beltzak, moreak eta berdeak egin zitezkeen, oihal garestietarako.

Koloregai hori oso ondo saldu zen mende luze batez; aurrerago, XVI. mendean, tokia kendu zion Indietako landareak -alegia, indigo edo anil izenekoak-, merkeagoa zelako eta gutxiago landu behar zelako. Baina Albiko urdinbelar tinduaren historiak Napoleonen garaian ere segitu zuen, hark tindu eskola bat sortu baitzuen hirian eta boladan jarri baitzuen urdina inperioko tropen jantzietan, baina haren ondoren itzaliz joan zen.

Baina negozioak iraun zuen bitartean, merkatariek ondo bete zituzten sakelak, eta horregatik ageri dira oraindik ere Albin merkatarien jauretxeak. Frantzian, pipilen herria esamoldea aberastasunaren adierazgarria da.



KATEDRALA ETA JAUREGIA. Choiseul pasealekura itzuliz gero, plaza bat ageri da, eta hantxe Berbie jauregia eta San Zezilia katedrala, biak ere adreiluz eraikiak; horrek grazia estetiko berezia ematen dio plazari, beste material batzuekin eginiko espazioetan ezin aurki daitekeena.

Berbie jauregia -egiazko izena Bisbia da; okzitanieraz, apezpikutegia- apezpikuentzat eraiki zuten, kataroak txikitu eta gero; XIII. mendeko gotorlekua da, eta lau dorre eta oinarrian zazpi metro zabal diren murruak ditu. Eraikin militarra izanik ere, mendeetan aldatuz joan zen: bizitoki bihurtu zen, eta XVII. mendean lorategi bat egin zioten; diotenez, huraxe da hiriko ederrena.

Hura bezain ederrak dira Toulouse-Lautrecen museoko artelanak; hain zuzen, Toulouse-Lautrec da albitarrik ezagunena mundu guztian. Mila artelan baino gehiago zaintzen dituzte Berbieko murruek, bisitarien gozagarri, tartean margolanak, marrazkiak, litografiak eta kartelak. Dena dela, Toulouse-Lautrecen arrastoa ez da museoan bakarrik ageri: arte galeriek, dendek, tabernek, denek erakusten dute haren maisutasuna, baita karkabek ere, grafitizaleek hura imitatzen baitute.

Katedrala pintura, eskultura eta arkitektura museo bat da, dena toki berean bildurik. Eliza gotikoa XIII. mendean eraikitzen hasi, eta berrehun urte geroago bukatu zuten. 80 metroko kanpandorre adreiluzkoaren pean, eskultura multzo ikaragarria dago: Dominique de Florenceren atea eta eliz atariko baldakinoa. Horra hor Frantziako Erdi Aroko eskultura multzorik onena.

Barrenean, ehunka metrotan, hainbat eta hainbat margolan: Europako katedral bateko bildumarik handiena hor dago. Bobeda edo ganga guztiz estaltzen dute Pizkunde garaiko zenbait artista italiarren koloreek; paretetan, Azken Judizioa (XV. mendea), tenple edo kola pinturaz margotua, hasieran 200 metro koadro ere hartzen zituena. Margolanaren erdialdeko partea txikitu egin zuten kanpandorre azpian kapera bat osatzeko, hura ere margotua.

Gainera, organo bat dago, izugarri handia (16x15 metro), eta eguerdian kanpoaldean paseoan ibiliz gero, aditu daiteke organistak nola gozatzen duen organoa. Gainera, ekainean eta abuztuan, kontzertuak izaten dira asteazkenean eta igandean. Habeartearen beste erdialdean Jube izenekoa dago, koruaren bukaeran: koruaren eta koruatzearen artean dago, eta gotiko flanboianta da, 200 eskultura polikromok apaindua. Gainera, beste areto bat ere badago: katedraleko altxorra gordetzen du, XIII. mendeko segurtasun ganbera zahar batean.



VIEIL ALBY. Albiko parte zaharra ez da oso handia, eta, labirintu tankera pixka bat duen arren, ezinezkoa da galtzea. Beraz, hura ezagutu nahi badugu, onena bertan atzera eta aurrera ibiltzea da, eta ez gara berehalaxe nekatuko; ez, behintzat, bazter guztiak ondo miatu arte.

Aurrena, komeni da Castelviel auzo bitxira joatea, Katedraleko kanpandorrearen aldamenean, eta gero beste aldera jotzea eta parte zaharrean sartzea; han, Reynes eta Riviere jauregiak nabarmentzen dira, merkatariek pilaturiko aberastasunaren erakusgarri.

Ederrak dira, era berean, zenbait etxe aurrealde ere; esaterako, Enjalbert etxekoa eta haren zurezko armazoia. Beheraxego, Penitenteen botika dago. Eta Vieil Albyko etxea, goiko aldean bere soleilhou edo aletegi irekia duela, urdinbelarraren hostoa lehortzeko.

Ezin konta ahala eraikin interesgarri daude, denak ere adreiluz eginak eta zurezko armazoi aberatsak dituztenak; gainera, gresez apaindurik daude, eta horrek are itxura beteginagoa ematen die.

Kaleen sare horretan, beste eraikin erlijioso bat nabarmentzen da: San Salvy kolegio eliza. VI. mendeko apezpiku etxe horren kanpoaldean, dorre handi bat dago, lauki formakoa eta kanpandorrearena egiten duena, garai batean talaia izana.

Nolanahi ere, kolegio elizako harribitxia klaustroa da; hara iristeko, elizatik barrena joan behar da, edo, bestela, pareko bi kaletara ematen duten bi pasabidetatik. Nahiz eta erdi-erdian egon, Albiko lekurik lasaienetako bat da. Zutabeen hondakinen artean -falta direnak non dauden, Napoleonen tropek dakite-, lorategi txiki bat dago, txit ongi zaindua, eta maiteminduek han agintzen diote elkarri amodioa betiko dela.



DaTu PraKTIKoaK

Nola iritsi. Tolosatik (Okzitania) N-88 errepidetik aurrena, eta A-68 autobiatik gero, Albiraino.

Albiko Turismo Bulegoa. Berbie jauregia. Santa Zezilia plaza. Tel.: (0033) (0)563-49 48 80 eta www.albi-tourisme.fr.

Tarneko Departamenduko Turismoa. Porta 41 (Albi). Tel.: (0033) (0)563-77 32 10 eta www.tourisme-tarn.com.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.