BIDAIA. Cap de Creus, Pirinioetako bazterrak

Aztoraturik dabil kulunka txalupa bat, kala galdu baten kontra lehertzen diren olatuen gainetik jauzika. Creus lurmuturreko itsasertz muxarratuan dagoen bazter galdu bat. Lurmutur landaretsuz inguraturiko itsasadar bat, tramontana ipar-haizeak bortizki jotzen duena.

GORKA LOPEZ ROSES
2008ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun


Aztoraturik dabil kulunka txalupa bat, kala galdu baten kontra lehertzen diren olatuen gainetik jauzika. Creus lurmuturreko itsasertz muxarratuan dagoen bazter galdu bat. Lurmutur landaretsuz inguraturiko itsasadar bat, tramontana ipar-haizeak bortizki jotzen duena.
Gorka Lopez

Roses

Kataluniako Girona probintziako penintsula da Creus lurmuturra, Mediterraneo itsasoak bustitzen du, Costa Brava iparraldean. Itsasoaren eta mendiaren uztartzea da, Rodes-Creus mendilerroaren bat-bateko agerraldiak urraturikoa; horixe izaki Pirinioetako mendilerroaren azken osagaia, ekialdeko muturretik ageri baita itsasoa besarkatu aurretik.

Mediterraneo kutsu agerikoa du, zeharo; eta, batik bat, askotariko xarma naturalei eutsi izan dielako da bereizgarria kokagune hori. Egia da ezin izan diola izkin egin erabat Mediterraneoko itsasertzean hain usu hedatu den hirigintza ugalketari, baina egia da gune jakin batzuetara mugatu eta bildu ahal izan duela, eta -errepide eta instalazio urbanorik ez duelako- espazio handiak libratu ahal izan dituela zamatze turistikoetatik.

Hainbat kultura, paisaia, arkeologia edo etnografia argudio biltzen ditu, eta horiek kontuan izan zituzten Creus lurmuturra parke natural izendatzeko garaian. Lurmuturreko arrantzale herrien estetika, karez margoturiko etxebizitzak eta zurezko leiho eta ate urdinkarak ageri dituztenena; inguruetako mendi mazeletan sakabanaturiko ondare megalitiko eta historikoa; harkaitzek, itsasoak eta mendiak osaturiko multzo bateratua, eta tramontana ipar-haizearen ufako etengabeetara moldaturiko landareek eraturikoa.

Cap de Creus lurmuturrak ia 14.000 hektareako eremu babestua du; horretatik, 3.000 hektareatik gora dagozkio itsasoari, eta gainerakoak lehorrari. Hainbateko horrek agerian uzten du Mediterraneoko itsasoak duen garrantzia lurmuturraren ekosistema osoan.

Eremu babestuaren barnean, balio handiko esparruak daude. Hala nola lehorreko bi erreserba integral daude: batetik, Creus lurmuturraren erpinak osaturikoa, eta, bestetik, Norfeu lurmuturrak osaturikoa. Norfeu lurmuturra balio handikoa da, geologia eta biologia aldetik bakana delako, alegia duela hamar milioi urtetik garatu izan den jarduera bolkanikoaren hondakinak biltzen dituelako.

Norfeu eta Gros lurmuturretako itsas hondoak ere erreserba partzialak dira; Encalladora uhartea, berriz, Creus lurmuturraren erpinean, erreserba integrala da. Pegmatita eta eskisto multzoen azaleratzeak ageri ditu, eta mineral erakargarri horiek gune geologiko bakan bihurtzen dute eta hainbat tonalitate ematen diete harkaitzei.

Lurraldeko natura aniztasuna hiru zerrenda osagarritan banatzen da: barrualdeari, kostaldeari eta itsaspeko eremuari dagozkionak. Barrualdea puig edo muino multzo batek osatzen du, Verdera eta Rodes-Creus mendilerroek eraturikoa; pinudi, artadi eta hariztiz estalita dago. Horrez gain, zinezko lorategi botaniko bat dauka, 700 lore eta landare espezie inguru biltzen dituena; oso estimatuak diren espezie endemikoak daude han.

Pirinioetako muino horien eta haietako landare mediterranearren artean sakabanatuta daude, esate baterako, masiak, trikuharriak eta menhirrak. Badira gizakiak landutako beste zenbait monumentu harrizko ere: adibidez, feixe esaten diotenak: baratze maila edo zapalda horiei esker, oliba edo mahatsa landa zitekeen mendi mazeletan. Uste da ia bi mila kilometro zapalda eraiki zituztela.



HIGATUTAKO HARRIA. Itsasaldean, turismoaren babesean hazitako arrantzaleen herrien artean, harkaitz naturala da nagusi. Horrek damaio eitea itsasertzari, lurmuturrak eta uhartexkak eratuz, kala patxadatsuak eta itsaslabar arriskutsuak; harrizko eszena surrealistak irudikatzen dituzte itsasora begira ageri den erlaitzean.

Higadurak harriari eragiten dion kalte izugarriari zor zaio, gehienbat, ingurune harkaiztsu horren osaera bitxia. Olatuen jarduera gazdunaren eta haizearen eraso etengabearen ondorioz, harriak leunduz doaz pixkanaka, eskultura abstraktu bat zizelkatzeko prozesu naturala izango balitz bezala; desagragazio granular ere esaten zaio, harea-pikor huts bihurtzen baita harri trinkoa

Azkenik, bada kontuan hartu beharreko beste espazio bat ere: itsasoa; kostaldeko bilbadura harkaiztsu bezain higatuaren eta ingurunearen izaera piriniarraren hedapena baino ez baita. Alegia, modu malkartsuan murgilduriko harkaitzen segida bat, ezin konta ahala kobek zulaturiko lerro gorabeheratsuek osaturikoa, menditik jariatutako harkaitzek eta kalen ahoetan igeri dabiltzan uhartexka forma apetatsudunek eraturikoa.

Itsaspeko mundu hori aproposa da urpekari jantzia soineratu eta Costa Bravako ur gardenetan murgiltzeko. Koral gorriz, anemona polipoz eta posidonia belardiz estalitako lerro harkaiztsuetako labirintoaz gozatzeko. Itsas izarrez, moluskuez edota inguruneko arrain barietate ugariaz ahaztu gabe.

Ingurunea osatzen duten hiru eremu nagusien lasaitasunak mugatzen du enklabearen historia; uda sasoian, ordea, Rosesko urbanizazioek ez dute patxada apurrik nabari. Antzinatik bizi izan da hor jendea, aztarna neolitikoak agerian uzten dutenez; aipatzeko moduko gertakari gutxi dago, ordea, eta aldi jakin batzuei dagozkie data jakin batzuei baino gehiago.

Lasaitasun horren zantzuak hauteman bide zituzten Rhodas uharteko kolonizatzaile grekoek -Roses badiak eta Rodes mendilerroak haiengandik jaso dute izena-, Rosesko badian zabalean lehorreratu baitziren eta hantxe sortu baitzuten lehen bizigunea. Hurrengo, erromatarren armadakoei eta salerosleei eskualdatu zioten; askoz geroago, berriz, Erdi Aroko jauntxoei, eta haiek babes sistemak ezarri zituzten kostalde osoan, berbereen eta itsaslapurren sarraldiei aurre egiteko.

Erasoaldi haiek barnealdean biltzera behartu zituen arrantzale herrietako biztanleak, eta, agian, horregatik ez ziren gehiago hedatu bizigune haiek. Beharbada, ordea, zerikusi handiago luke itsasoko lanbide latzera moldatu behar izatearekin, labore lur antzuekin lehiatu beharrarekin eta zentzuduna ere zentzugabeko bihurtzen duen ipar haizeari -tramontana- aurpegi eman beharrarekin.

Barrualdean monjeen labore lurretan zerbitzari lanean aritu edo marinelen ogibide latzari atxiki -arrantzale eta kontrabandista baitzen aldi berean- eta mundu berrien bila ihesi joan, aukera egin behar izan zutelarik, askok eta askok alde egitea erabaki zuten.

Alabaina, penintsula ñimiñoan hazi ez denarentzat eta handik nahi duenean alde egiteko aukera duenarentzat, Eden zerutiarra da. Halakotzat hartu zuten bertan lehorreratu ziren artistek, haietaraxe agertu agertu baitziren inguruneko natura patxadatsuaren eta auzokoen bizimodu xumearen bila. Ezin amaituzkoa da zerrenda; Salvador Dalik utzi zuen, baina, arrastorik nabarmenena. Halako irudipena izan zuten, halaber, beren bigarren egoitza hor kokatu zuten turista eta bidaiariek ere.



TOKI EZEZAGUNAK. Modu askotara aurki ditzakegu toki ikusgarriak: bizikletan, txalupan, urpean murgilean joanez edo ur azalean igeri eginez. Baita ibilgailu motordun batean ere, inguruneko mugak kontuan izanik -bide egoki gutxi edo batere ez dagoela-; eragozpen handiak izango genituzke zenbait herri bisitatzeko. Erpin harkaiztsuetan hertsaturiko itsas kaletan ezkutaturik daude tokiko xarmarik liluragarrienak.

Roses da gune nagusia, jomuga turistikorik behinena. Hondartza eta Santa Margaridako portu erretenak ez ezik, Karlos V.ak eraikitako Ciudatella du ikur ezaugarri. Han gordeak dituzte haren bizitzako pasarterik garrantzitsuenak, eta hiriko museo da gaur egun. Ho r aurkituko ditugu grekoen eta erromatarren kolonietako aztarnak: esaterako, Santa Anaren monasterio erromaniko lonbardiarra.

Gainera, itsas tradizioa igortzen digute portuko azokek, eta itsasoko fruitu hautatu zenbait dastatzeko gonbit egiten. Ez oso urrun, Trinitat gaztelua dago. Aspaldiko eraikin zahar bat da, oin-plano izarduna, bost muturrekoa; orain berreraikitzen ari dira. Teorian, han amaitzen da Roses, eta handik haraindira doa Canyelles Petites eta L'Almadrabako kostaldea; hango hirigintza neurrigabeak ez ditu ikusten uzten, ordea, batzuen eta besteen arteko mugak.

Nolanahi ere, kostaldetiko ibilaldi bati ekin dakioke L'Almadrabatik hasi, eta Falconera lurmuturraren eta Montjoi badiaren arteko ibilbidetik zehar doan mendi bide batetik; badira zenbait bidezidor ere, Falconerako kaletaraino jaisten direnak. Azkeneko zatian, Montjoira jaitsi baino lehen, Rosesko barnealdetik zehar datorren bide batekin bat egingo dugu. Errepide horretatik Roseserako irteeran dago inguruko ibilbide megalitikorik miresgarriena. Ibilbide hori, Rodesko mendilerrotik barna baitoa, lau kilometroko bidezidor bat da, Casa Cremadako menhirra eta Creu d'en Cobertella, Cap del'Home eta Rec Quarentena trikuharriak lotzen dituena. Cobertellako trikuharria da ikusgarriena, Kataluniako handiena baita neurriz -5 metro luze, 2,50 zabal eta 2 metro garai da, eta 4 tonatik gorako harlauza bat dauka-.



LEKU IDILIKOAK. Berriro kostaldera joz gero, eta Montjoitik abiaturik, bi leku idilikotara iritsiko gara: Norfeu lurmuturreko itsaslabarretara eta Joncols-ko kala galdura; hotel txiki bat dago bazter leku hartan, hantxe erretiratu ahal izateko eremutar moderno bat antzo. Handik iparraldera joz gero, bizikletan edo oinez bakarrik aurrera egin ahal izango dugu; Cadaqueseraino iristeko modu ezin hobea.

Kala artean sarturiko marinel herri bat da, eta hantxe du kokalekua Peni izeneko base militar historikoak -lurmuturreko mailarik garaienean dago-; horrek guztiz inguratua izaki, itsasorantz lerratzen da, eta hala eutsi ahal izan dio orbangabe edertasun jatorrizkoari. Cap de Quers (Harkaitzen lurmuturra) deituratik omen datorkio izena, zeinak argibiderik ematen baitu kokagunearen izanaz.

Cadaquestik bertatik, bi bidezidor aukera daitezke abiaburu gisa. Bata, GR-92 ibilbidea darabilena eta Port de la Selvaraino iristen dena; eta, bestea, kostaldeko lerro bihurgunetsutik doana, Portlligatetik zehar, eta Creus lurmuturraren erpineraino iristen dena. Bigarren bidezidor hori ezin aproposagoa da kostaldeko erpinek eta badiek zirrimarratzen dute lerro sigi-sagatsua begiztatzeko. Itsasargian bada jatetxe bat, eta, hango terrazatik begiraturik, postal liluragarri baten itxura hartzen du Creus lurmuturrak; merezi du, zinez, hango zoko-mokoetan barrena galtzea. Hantxe aurkituko ditugu, halaber, GR-11ko balizak, Pirinioez bestaldeko ibilbidekoak; horiek baliatuz gero, lurmuturreko iparraldetik ibili ahal izango gara, Port de la Selvara iristeraino. Horrela, gainera, inoiz ibili gabeko lurraldeetaraino sartuko gara, Gros lurmuturreraino edo Farallons erpineraino, besteak beste.

Hala ere, ez dago Cadaquestik joaterik, Portlligatetik igaro gabe. Badia ñimiño bat da, eta izen bereko uharte batek ixten dio itsasorako irteera; kala bat ere badu, eta han lotzen dituzte txalupak auzokoek. Etxetxo zurietan bizi dira. Haietatik bat nabarmentzen da, besteak baino handiagoa baita eta obalo apaingarri batzuk ageri baititu terrazatik kukuka: Daliren etxea da. Han bizi izan zen eta margotu izan zuen XX. mendeko artearen jeinu handietako bat izan zenak; gaur egun, museo bat dago badian maisuaren oroigarri.

Bestalde, behin Port de la Selvara-lurmuturraren beste erpinean, Rosesen bestaldean baitago- eta aurrez aurre daukan hondartzara iritsita, lurrean etzan gaitezke, eguzkitan, edo Sant Pere de Rodes monasterioa dagoen mendilerroraino igo. Benediktarren eraikin hori Kataluniako adibide erromanikorik onenetako bat da; hantxe dago parke naturala, eta San Salvador de Saverderaren (670 metro) azpian dago. Horixe da lurmuturreko gunerik garaiena, eta haize tokia da zeharo; tramontana ipar-haizeak jotzen du han, jakina.



JAKINGARRIAK

Parke naturaleko bulegoa. Sant Pere de Rodes monasterioa. Tel.: 972-19 31 91

Rosesko turismo bulegoa. Rhode etorbidea 77. Tel.: 902-10 36 36 eta www.roses.cat

Kataluniako turismo bulegoa. Tel.: 93-484 99 00 eta www.gencat.net

Portlligatko Daliren museo etxea. Tel.: 972-25 10 15
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.