Denbora eten egiten da Atacamako basamortuan (Txile). Sumendien eta dunen itzalek adierazten dute ari dela eguzkia mugitzen, baina orduak eta orduak pasa daitezke duna handienaren gainean Licancabur sumendiari begira, eta, dena aldatzen den arren, denbora eten egiten dela dirudi. Udan eta neguan, indar handiarekin, eguzkiak kolore guztiak erre arte argitzen ditu. Eguzkia jaisten hasten denean, ordea, koloreak berriz ere indartzen hasten dira: sumendietakoak, gatzagakoak eta harkaitzetakoak. Zuriak, horiak, gorriak eta laranjak, eguzkia jaitsi ahala kolore mozkorraldian hasten da basamortua, geratu ezin, egon ezin. Eta orduak pasatuko dira eguzkiak atzean gaua uzten duen arte, eta itzaliko da basamortua.
Ilargi betearekin ilargiko paisaia dirudi Atacamak. Valle de la Luna (Ilargiaren bailara) esaten diote hango parajeetako bati. Inork ez du ilargia bertatik bertara ikusi, baina zerbaitegatik esaten diote horrela. Atacamak basamortuak forma geologiko bitxiak ditu: sakonuneak, harriak eta hondarra, sumendiz jositako mendikateak eta geiserrak, besteak beste. Gau argian guztiak dira ikusgarriak. Ilunabarrean ikusitako kolore bakoitzeko izar bat ikus daiteke zeruan; zenbaezinak dira. Hotzarengatik ez balitz, ilunabarreko pentsamenduak eta sentipenak gau guztian izango lirateke. Paisaiaren ikusgarritasunak denboraren kateak hausten ditu, baina basamortuko hotzetik inor ez da aske. Herrira itzultzeko unea da.
Atacamako basamortua Txile iparraldean dago, bigarren erregioan. Itsasoaren ur mailatik 2.000 metrora, basamortuak eskaintzeko ezer gutxi duela dirudi. Ez da horrela, ordea. Gizakia orain dela 10.000 urtetik bizi da leku lehor eta latz horretan. Atacamako gatzagak tonaka eskaintzen zuen orain dela gutxi arte inguru hori aberats egiten zuen urre zuria, baina pixkanaka gatzaren balioa galdu den heinean, leku antzua bihurtu da. Gaur egun, turismoa da Atacamak bere biztanleei eskain diezaiekeen aberastasun ekonomiko handiena. Azken hogei urteetan famatu egin da sumendi eta hondar paisaia, eta San Pedro de Atacama herria hippy, artista, naturazale eta beste bizitza mota bat aukeratu dutenen topagune bihurtu da, batik bat, Santiago Txileko hiriburukoak.
San Pedro de Atacama oasi bat da basamortuaren erdian, uharte berde bat. Inkak 1450. urtean konkistatu zuten herri atacamarra, aurretik tiwanakuarrek egin zuten, eta 1540. urtean espainiarrek hartu zuten lekukoa. Gaur egun, 100.000 bisitari inguru iristen dira urtean San Pedro de Atacamara. Garai bateko meatzarien herriaren itxura gorde dute kale xumeetan, eta alokatzeko bizikletak, jatetxeak, artisautza dendak eta basamortua ikusteko eskaintzak egiten dituzten bidaia agentziek hartu dituzte barrualdeak. Jatorrizko atacamarrak ez dira hor bizi, inguruko beste herrixka batean baizik. Eta mesfidati begiratzen diete azken urteetan euren herrira beste bizimodu baten bila etorri direnei. Herrialde Katalanetako Eivissa uhartearen edo Greziako Mikonos uhartearen itxura du San Pedro de Atacamak, eta azken finean horixe da, uharte berde bat basamortuaren erdian.
'HERRIAREN MENDIA'. Etxeak adobezkoak dira, eta kalea asfaltatzea debekatuta dago. Oasia izan arren, Licancabur sumendiaren zaintzapean, hondarrezko kaleek non gauden gogorarazten digu pauso bat ematen den bakoitzean. Herria arratsaldez esnatzen da, umeak eta helduak kalera irteten direnean. Herriko eliza XVIII. mendekoa da, eta Espainiako kolonietako arkitekturaren adierazgarri da. Herriko etxe zaharrenak Inka Etxea du izena, baina hor ez zen inkarik bizi izan, baizik eta Pedro de Valdivia konkistatzaile espainiarra. Atacamako hamar mila urteko historia ezagutzeko, ordea, Gustavo le Paige jesuita belgikarraren izena daraman museoa bisitatu behar da, enparantzaren izkinetako batean.
Herriaren izena San Pedro de Atacama da, baina herriaren zaintzailea Licancabur da. Kunza hizkuntzan, bertakoen jatorrizko hizkuntzan, herriaren mendia esan nahi du Licancabaur hitzak. 5.919 metro ditu, eta kono forma bikaina du, norbaitek edo zerbaitek basamortua azpitik jo izan balu bezala. Izan ere, ez da mendia, sumendia baizik. 27 zenbakiko errepidea hartuta joan daiteke autoz Licancaburrera, Argentinara eta Boliviara doan errepidetik. Mendiek eta muinoek kate bat osatzen dute Atacama ekialdean. Licancabur ondotik pasa, eta Bolivian barneratzeko aukera ez da galdu behar. Bi edo hiru egun dira. Licancabur eta Juriquez sumendien artean Laguna Verde aintzira dago, eguerdian esmeralda kolore bizia hartzen duen hamazazpi metro koadroko aintzira. Aurrerago, Laguna Colorada beste aintzira bat; horrek ere kolorea hartzen du, arrosa hain zuzen ere. Bi aintzira horien artean, Goizeko Eguzkia izeneko tokian, geiserrak ikus daitezke. Boliviako ibilaldiak Uiuniko gatzaga izan behar du helburu. 10.582 kilometro koadro itsaso zuria dira, eta tartean dituen uharteetan kaktus erraldoiak ikus daitezke. Gatzaga ustiatzeko eskubidea Colchani herriko biztanleek dute soilik. Herri xumea.
San Pedro de Atacamatik iparralderako bidea hartuz ikus daitezke geyserrak ere. Herritik atera eta berehala, Pukara Kitor dago, inkek eraikitako gotorlekua. Bailara baten sarreran dago, eta barrurago, ibaiaren beste aldean, Catarpeko hondarrak daude. Hor bizi ziren inka buruzagiak, gotorlekuaren babesean. Bi leku horietan nabariak dira Atacama ia ehun urtez gobernatu zuen zibilizazioaren ondarea. Pukara Kitorren ondoan, historia liburuak erosteko eta eztarria bustitzeko denda bat dago, jatorrizko atacamarrekin solasaldi bat izateko aukera aparta. Jendea atsegina da Txilen, eta Atacaman nabari da hori, denboraren morrontzatik askatu eta hizketan eguna irabazten denean, inoiz ez galdu.
Iparralderantz jarraituz, Tatioko geiserretara iristen da bidea, San Pedro de Atacamatik 95 kilometrora, itsasoaren ur mailatik 4.500 metrora. Geyserrak bere unerik indartsuenean ikusteko goizeko lauretan abiatu behar da herritik, bidea ez baita oso ona. Egunsentian, ur zurrustada bertikalak irteten dira lurretik, goizeko zeru urdin bezain hotzaren kontra hasperen beroetan, ezinezko borroka batean. Ikuskizuna eguzkia erabat atera denean amaitzen da, eta orduan da unea aintziretako batean ur berotan bainatzeko.
HUTSA SENTITU. Basamortua ez da, ordea, ikusteko bakarrik. Atacaman hutsa sentitu egin daiteke, eta edozein ibilalditik bueltan merezi du txoko bat aukeratu, eseri eta haizea entzutea. Besterik ez da. Atacamako gatzagak eta Ilargiaren Bailarak sentipenetarako bideak dira. Gatzagak 100 kilometro ditu luzeran eta 80 zabaleran, eta flamenko erreserba bat dago. Gatzagaren azpian dagoen aintzira azaleratzen den lekuetan bizi dira flamenkoak. Gaur egun leku idorra izan arren, garai batean ur asko izandakoa da. Gatzaren Mendikatea izenekoan, beste aintzira bat izan zen, baina gaur egun ur tantarik ez da. Plaka tektonikoen mugimendua ohikoa da Txilen, eta horrek lurraren geruza horizontalak altxatu zituen, mendikate bortitza sortuz.
Atacama leku purua da. Hutsak ematen dio indarra, eta horri esker nabarmentzen dira leku horretan harri eta kolore bakoitza, horregatik entzuten dira beste inon entzun ezin daitezkeen haize hotsak. Hotza eta goxoa da aldi berean. Hori da hutsa. Atacaman hutsak bete egiten du basamortua, eta txikitasun horretan pertsonaren bihotzean betirako gelditzen da leku bat huts.
GIDA PRAKTIKOA
Nola iritsi. Santiago hiriburutik hegazkin bat hartzea da modurik onena. Calama da San Pedrotik gertuen dagoen aireportua. Sky Airlines konpainiarekin gutxi gorabehera 60 eurotan eros daiteke txartela. Behin Calamara iritsita, bertan auto bat aloka daiteke, eta San Pedrora ordu batzuetan iritsi; 99 kilometrora dago. Autobusak sei aldiz egiten du Calama eta San Pedroren arteko bidea.
Non lo egin. Turistikoki San Pedrok indar handia hartu du azken urteetan. Gero eta gehiago dira bidaia agentziek antolatzen dituzten egonaldiak. Norbere kasa joatea merezi du, ordea. Hainbat ostatu daude, eta abuztuan joanda ere lekurik ez da falta izaten. Hirietako jende asko joan da San Pedrora bizitzera, eta haien bizimodua da ostatu ematea.
Klima. Basamortua denez, denetariko jantzia eramatea komeni da. Egunez tenperatura 30 gradutara gerturatzen da, baina gauez, neguan batez ere, hotz handia egiten du (zero azpitik jaisten da tenperatura), eta beharrezkoa da berokia janztea. Eguzkitik babesteko krema eta burua estaltzeko kapela beharrezkoak dira.
Zer jan. Gastronomikoki San Pedrok ez du gauza handirik eskaintzen. Edonon aurki daitekeen pastaz gain, haragia da nabarmentzekoa. Batez ere behi okela jaten da, baina llama eta alpaka okela ere eskaintzen dute. Hori bai, komenigarria da otordu handiak afalordurako uztea, eta basamortuaren edertasunaz gozatzeko, bizkar-zorroan bazkalorduan jateko zerbait eramatea.
BIDAIA. Hutsak betetako basamortua
Txile iparraldean hondarrak, gatzak, harkaitzek eta sumendiek munduko leku zoragarrienetako bat sortu dute, itsasoaren eta Andeen arteko zubia. Beste leku batzuetan denbora galtzea dakarrenak irabaztea dakar hor. San Pedro de Atacama herria oasi bat da basamortuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu