Temuco da Santiagotik joanda lehen hiri handia, lurralde horretara iristeko atea. Valdivia, Osorno eta Puerto Montt dira beste hiru hiri garrantzitsuak. Valdivia ez diren beste hiruek, ordea, ez dute erakargarritasun handirik. Lurraldearen edertasuna hirietatik at dago. Txileko barne turismo handia dago hor, eta hiri handi eta turistikoetatik urrun (Puerto Varas batez ere) azpiegiturak eskasak bezain xarmantak dira.
Valdivia erabat suntsituta geratu zen 1968. urtean lurrikara baten ondoren. Baina Txile espainiarren kolonia zen garaiko arkitektura polita gorde du, baita XIX. mendean Alemaniatik iritsi ziren etorkinen arrastoa ere. Valdivia ez dago kostan baina itsasoa kontinentean barneratzen da Valdivia ibaiaren azken kilometroetan hirira iritsi arte. Bokalearen sarreran bi gotorlekuk zaintzen dute hiria: Fuerte Niebla eta Fuerte Manceras. Hegaztien erreserba da inguru hori gainera, eta ilunabar politak ikus daitezke.
Sumendi ugari dago IX. eta X. eskualdeetan, eta, horien artean, Osorno eta Villarrica dira ikusgarrienak. Osorno Llanquihue aintziran islatzen da, eta Villarrica sumendia izen bera duen aintziran. Eski pistak daude bi sumendi horietan. Lurralde menditsua da, berdea, eta sumendiek ixten dituzte ibarrak. Maputxeak eskualde horren ekialdean bizi dira, Argentinako mugan.
Aintzirak handiak dira, eta handienetan ez da ikusten beste ertza. Osorno sumendiaren ondoan daude Puntiagudo eta Mocho sumendiak ere, eta horien atzean, Cerro Tronador. Puntiagudo eta Osorno Chiloetik ere ikusten dira. Llanquihue aintziraren bueltak paisaia ederrak erakusten ditu, sumendiak atzean, eta lekuan-lekuan pausatuz naturak zer gozatu asko eskaintzen du.
Sumendiekin batera aintziraren ertzean hazi diren hiriak ere badira. Villarricaren inguruan daude Villarrica hiria eta Pucon, eta Osornoren inguruan Puerto Octay eta Puerto Varas. Azken hori da turismo gehien erakartzen duena, eta horretarako prestatuta dago. Kasino asko daude, eta kaleak dendaz josiak.
Hirietatik kanpo, lakuen inguruan, etxe ederrak ikus daitezke. Horregatik da polita auto batekin egitea bidaia. Bidaia agentziak, gainera, ez dira leku askotara iristen. Izan ere, errepideetan lekuak ondo adierazita dauden arren, azpiegitura naturala da oraindik. Punondik gertu dagoen Salto del Puma ur-jauzia ikusteko leku ikusgarrian, esate baterako, peso batzuen truke langa irekitzen duen emakume bat besterik ez dago, aulki batean eserita. 12 metro ditu zabaleran ur-jauziak, eta altueran 76. Botatzen duen ura aintzat hartuta, oso sakona izan behar du, estua baita.
NATURAREN ERAKUSTALDIA. Ur-jauziak ugariak dira lurralde honetan. Sumendi bortitzek eta lurrikara beldurgarriek egindako paisaia da, eta elurra urtzen denean piztu egiten da, indar erakustaldia eginez. Horien adibide dira Petrohuengo ur-jauzi handiak. Ur-jauziaren beste aldetik gainean zaudela dirudi, eta behetik ez da sumendia ikusten. Sumendietako elurra urtzen denean dira ikusgarrien, eta urak berde eta urdin arteko kolore polita dauka.
Nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizi dira gehienbat aintzira eta sumendien eskualde horretan. Autoz bidaiatzeko erosoa da nahiz eta ripiozkoak izan errepideak, lur eta harrizkoak. Euria egiten duenean okertzen da egoera, batez ere noranahiko autoek eta autobusek lurrean uzten dituzten arrastoengatik. Hiri garrantzitsuen arteko errepideak izan ezik, gainontzekoak ripiozkoak dira.
Puerto Montt hiri industriala da, baina gainerakoan nekazaritza eta abeltzaintza da ugari aintziren eskualde horretan. Errepidea Hornopirenen amaitzen da. Hortik hegoaldera joateko itsasontziak hartu behar dira, eta joan nahi duenak hobe du Argentinatik joatea. Puerto Montten ere har daitezke hegoaldera doazen itsasontziak. Bide batez, Angelmo azoka ere bisitatu daiteke, eta Ozeano Barearengandik babestuta dauden hondartzetan bainatu.
Ikusteko ederra izateaz gain, natura bizian kirolaz gozatzeko aukera apartekoa ere eskaintzen du Txileren aintziren eskualdeak. Pucon kirol eta abentura turismoaren hiriburua da, eta ibaiak, leize-zuloak, sumendiak eta natur parkeak gertutik ezagutzeko aukera ematen du. Herri txikia baina bizia da. Ibilaldi errazak egin daitezke Villarrica Natur Erreserban, eta sumendia eskalatu ere egin daiteke; gida baten laguntza behar da horretarako. Eskalada eta eskia egiteaz gain, espeleologia ere praktikatu daiteke Villarrican; kilometro bateko harpea dago, orain dela bi milioi urte labak ur azpiko ibai bat inguratu zuenean sortua.
Bainatzeko ere leku aproposa da Pucon ingurua. Huerquehue Natur Parkeko Caburgua aintzirak bi hondartza ditu: Playa Negra eta Playa Blanca. Kanpinak, alokatzeko etxolak eta jatetxean daude, ondoan, eta ibilaldiak egiteko eskaintza ugari dago. Esate baterako, Tinquilco aintzira eta Chica, Verde eta Del Toro aintziren artean zazpi kilometroko bidea dago, ia 700 metroko desnibela, eta ur-jauziak, basoak eta araukaria bertako zuhaitz mota ikus daitezke.
Baina sumendien lurraldea ere badenez, hainbat terma aurki daitezke Villarrica, Lanin, Quetrupillan, Llaima eta Choshuenco sumendien itzalean. Raftinga nonahi egin daiteke Pucon inguruan. Trancura ibaia gertu dago, eta haurrek eta helduek raftinga egiteko aukera ematen du. Beheko partea samurragoa bada ere, ibaiaren goialdean lau gradukoak dira ur korronteak.
Mestizaje bereizia
Ez da Chiloe turismo handiko lekua. Bere historia kontinentean dagoen herrialdetik bereizi egin da askotan, eta gaur egun ere leku berezia da. Txonoak, maputxeak eta espainiarrak bizi izan dira Chiloen azken bost mendeetan, eta mestizajea handia izan da, batez ere maputxeen kontraeraso baten ondoren, uhartea espainiarren menpe baina hartatik bereizita egon zen bi mende eta erdian; Espainiaren azkenaurreko kolonia izan zen Ameriketan Chiloe, 1826. urtean Txileko Errepublikan sartu zen arte (Callao, Perun, izan zen azkena).Pinguinoak eta itsas lehoiak ikus daitezke Pumillahuen. Bertakoek arrantza dute bizimodu, batez ere loco-ak eta ostrak hartzen dituzte propio egindako plataformetan, gehienbat Japonian saltzeko. Loco-ak itsas trikuak dira, gordinik jaten dira, eta afrodisiakoak omen. Itsaski asko jaten da han. Neguan, ordea, debekatuta daukate arrantzaleek loco-rik hartzea, abuztuan, eta hondartzan arrantzale horietako batekin tratua egin daiteke bere txalupan pinguinoak eta itsas lehoiak ikustera joateko. Jende noblea dira chiloetarrak. Baina ez harritu arrantzaleak bidaia baliatzen badu urpean ezkutuan dituzten sareetan loco-rik ba ote dagoen ikusi eta jasotzeko.
Ancud, Castro eta Quellon dira Chiloeko hiri handienak, baina uharte horren ezaugarri nagusietako bat elizak dira. Egurrezkoak dira, aurrealde guztian arkupeekin estalitako atari bat daukate, eta kanpai dorrea aurrealdean eta erdian dute. Horrelako 150 eliza eraiki zituzten Chiloen, eta Gizateriaren Ondare izendatzekotan dira. Castron, gainera, palafitoak ere ikus daitezke. Itsasoaren gainean eraikitako egurrezko etxeak dira palafitoak, eta egur batzuen gainean daude eginda.
GIDa PraKTIKoa
Nola iritsi. Santiagotik Temucora arte hegazkinez edo autobusez joan daiteke. Hortik aurrera jarraitzeko garraio publikoa erabil daiteke. Aintzirak eta ur jauziak nahi bezala ikusteko, ordea, auto bat alokatzea gomendagarria da. Horrela eginez gero, kontuan hartu behar da Txileko polizia oso zorrotza dela gehienezko abiadura gainditzen dutenekin. Errepide bakartiak dira, eta komenigarria izaten da betiere begi bat errepidean eta bestea erregaiaren biltegiaren orratzean izatea. Chiloera iristeko itsasontzi bat hartu behar da Pargan, Puerto Monttetik 58 kilometrora Panamericana errepidea jarraituz.
Zer jan. Txilen oso ona da haragia, parrillan eginda batez ere. Chiloen, berriz, arraina eta itsaskiak probatu beharrekoak dira. Curanto-a hainbat itsaskiren eta haragiren (txerrikia eta behikia) arteko nahasketa da. Harri beroak dituen zulo batean egiten dute, eta hostoekin estaltzen dute. Patatarekin lagunduta zerbitzatzen dute, izan ere, ohiko eta mendeetako elikagaia da patata Chiloen. Izokina da Chiloen gehien harrapatzen den arraina, eta cancato erara prestatzen dute, izokinaren barruan txerrikia, tomatea eta gazta sartuz. Ekialdeko uharteak oso politak dira, baina ez dago zerbitzurik.
Klima. Chiloe bisitatzeko garai onena udaberria da (udazkena hemen). Orduan daude zuhaitzak berde kolore biziz jantzita, eta, gainera, hotel eta ostatuetako prezioak urteko beste sasoi batzuetakoen erdia dira. Aintziren eta sumendien inguruak ezagutzeko aintzat hartu behar da urte guztian egiten duela euria, batez ere, maiatzetik irailera.