BIDAIA. KROAZIA. Kvarner. Mendiak, uharteak eta kosta

Istria penintsularen (Kroazia kontinentala) eta Dalmaziako kostaldearen artean dago Kvarner. Itsaso Adriatikoko ur bareetara begira dago Kroaziako bazter hori, honako hauek osatzen dute: Dinariar Alpeetako mendi inguruek, mendien eta itsasoaren mugaldean dagoen herri itsasertzekoak eta itsasoko uretan igeri dabiltzan hainbat uhartek.

2008ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Bere barne hartzen duen eremuaren aniztasunean datza Kvarnerren askotarikotasuna. Kilometro gutxi batzuetan izugarri aldatzen da paisaia, eta gorabehera handiak eta bat-batekoak sumatzen dira. Mendi basoz beteetatik kostaldeko zerrendara igaroz gero, bizimodu iskanbilatsuko eta jardun handiko hiriak daude Kvarner Golkoaren itsasertz bihurgunetsuan. Uharte handiak daude, halaber, milaka urtetako biziguneak eta ezin iritsizko senaiak biltzen dituztenak.

Alde horretatik, paradisu itxura du Kvarnerrek, eta ez du alferreko eztabaidarik sorrarazten itsasora edo mendialdera jo erabakitzerakoan, biak ala biak parez pare baititu. Paisaia ikusgarria eta heterogeneoa biltzeaz gainera, bestelako balio ugari ditu eskueran: hainbat inperioek oinordetzan utzitako ondare; aire zabalean edo urpean edozein kirol egiteko aukera; sukaldaritza ezin gozoagoa, itsasoko nahiz lehorreko fruituz horniturikoa; festa giroko ikuskari eta aisialdirako guneak, bizitasun etengabearen suspergarri.

Kvarner ñabardura handiko jomuga da. Behin han, nor bere erara molda daiteke: hondartza ondoko kanpaleku txiki batean, gune naturista batean, aristokraten mailako hotel luxuzko batean edota mendiko aterpe apal batean.

Kvarnerko mendiak

Gorski Kotar edo mendi barrutia deiturikoan, mila metrokoa da batez besteko garaiera, baita Kvarner Golkoko hondartzetan zehar dozena kilometro inguru hartzen dituen alderdian ere. Basoz beteriko eremuetan, halere, urria edo ia antzeman ezina da itsasoaren eragina. Aldiz, mendi giroa gailentzen da: abeltzaintza eta nekazaritza ustiategi txikietan, esate baterako, basozaintzako ere bizimodu dute.

Gorski Kotarrekoak herri xumeak dira, bertako jendeen antz-irudira taxuturikoak, eta belardietan barreiaturiko landetxez osaturikoak; landetxeek, berriz, baso sarriak dituzte ingurumari osoan. Herri horietan, ordea, hango arkitektura gustagarria izan edo ez, ez dugu aurkituko eskualdeko ondare historikoaren arrasto izpirik. Horien mendi tontor biribilduetan ekosistema andana pilatzen da, eta hantxe biltzen dira ezinbestean heldu beharreko hiru jomugak ere.

Delnice da Gorski Kotarreko herri nagusietako bat. Risnjakeko Parke Nazionalerako atalaurrea da; parke horixe besterik ez dago Kvarnerren. Katamotzen mendia, Risnjak; halako animalia ikusgarrien komunitate bat dago han, berrogeita hamarren bat basakatuk osaturikoa, eta haiei zor die izendapena. Parke Nazionaleko maskota da katamotz iheskorra, basoz jositako ingurumarietan ezkutuka ibili ohi dena; basoek hartzen dituzte ia erabat parkeko 64 kilometro koadroak, 1953az geroztik. Orduan erabaki zuten babesgune bat ezartzeko premia zegoela ingurunean; eta, gaur egun, horixe dute bizileku hartz arreek eta lepahoriek; eta badira zenbait landare espezie ere, alpetarrak zein mediterraneoak.

Vrazji Prolaz da Gorski Kotarreko beste toki berezi, Deabruaren Igarobidea ere deiturikoa: harizti zoragarri batek apainduriko arroila txikia da, eta Skrad herritik irits daiteke hara. Toki erakargarria da oso, eta oinzubi artifizialak paratu dituzte hango arroila estuan, uraren gainetik igaro ahal izateko alde batetik bestera. Ikuskizun miresgarria bezain entzungarria da.

Azkenik, Gorski Kotarreko gunerik ekialdekoenean, Bijele eta Samarko harkaitz multzoak daude. Harrizko monolito multzo bereizgarri bat nabarmentzen da, eskalatzaileen gozamenerako. Mendigoizaleek diotenez, horiek eta Velebiteko Hajduk eta Rozani dira herrialdeko mendirik ederrenak. Hantxe dago Bjelolasica-ko Kula edo dorrea, 1.534 metro garai dena, eta Kvarnerko gailurrik gorena; haren magalean daude Kroaziako eski estaziorik handienak.

Kostaldea

Mendebaldetik ekialdera joz gero, kostaz kosta, itsasertzeko ingurune erakargarrienetatik igaroko gara. Hala, Istria penintsulan barneratzen den Kvarner aldean, mendilerro bat dago, itsas mailatik 1.400 metrora. Uckako parke naturala da, Cicarijako mendien eranskina, mendi ibilaldietarako ezin aproposagoa; haren magalean daude Moscenickako hondartza, betiere jendez beteak, eta hainbat bizigune, hala nola Lovran edo Opatija.

Hantxe dago Kvarnerko jomugarik bikainena: Opatija. Gaur egungo hiria oso toki lasaia zen, harik eta zientzialari buruargi batzuk hango oparotasun naturalak hauteman zituzten arte, hantxe eraikitzeraino XIX. mendeko Europako eguraldi estaziorik eta bainuetxe gunerik handiena. Hala izan zen Lehen Mundu Gerra arte, kontinenteko nobleen oporraldiko babesleku. Garai haren aztarna dira, besteak beste, hainbat kasino, hotel eta kafetegi, Vienako estilorik petoenean eraikitako arkitektura agerian uzten dutenak.

Gaur egun Opatijan bada gune turistiko bat, ordu hartako ez beste inoizko ezaugarri berariazkoari eutsi diona. Ondo igarriko dugu poltsikoetan. Ikusmiran ibiltzea doakoa da, baina, eta beti da gozamen atsegingarria Lungomareko 1900. urteko pasealeku itsasertzetikoan ibiltzea, hamar kilometro inguruan -Volosko (Oparitja iparraldea) eta Lovran lotzen ditu-, bide batez jauregiak eta hotelak, zenbait parke (Angiolina landetxea) edota zenbait estatua apaingarri (Neska eta Kaioa) ederretsiz.

Kastav gaina dago Opatijatik hamar kilometro iparraldera, Kvarner Golkoa eta Risnjak mendigunea ikus daitezke osorik handik. Erdi Aroan jatorria duen hiri txikia geldiune, atsedenleku eta kulturune esanguratsua da. Han, mahats-parrak hazi ohi diren etxe horietan eta harresien hondakinen artean bizi izan ziren hainbat artista, pentsalari, eskulangile eta iraultzaile. Horren adierazgarri dira, besteak beste, tokiko museoa eta eskulangileen lantegi bi, belar aniztun likoreen findegia eta ardotarako upel zurezkoen fabrika. Aipatzekoak dira, halaber, arte jardunaldiak, inauteriak, ardo uzta berriaren osteko asteburua, edota onddo eta perretxikoen astea.

Kostaldeko perla bitxia Rijeka da. Kroaziako itsas porturik handiena da, eta eraikin jakingarri pila biltzen du; horrez gainera, ospetsua da hango jai giro ospetsua ere. Antzinako Fiume italiarrak, betiere inguruko inperioen arteko liskar bide izandakoak, osagai sinboliko bi ditu bereizgarri, kanpora begira. Alde batetik, morcici edo moreto izeneko belarritakoak: hiriko zintzilikario horiek turkiar baten buru durbanteduna dute agerian, eta XVII. mendeak jasan zuten porrot militarraren erakusgarri diseinaturikoak dira. Eta, bestalde, inauterietako festa profano zorabiagarria, Rijekan jendetza handiak biltzen duena eta nazioartean itzal izugarrikoa dena.

Rijekako txokorik bereizgarrienetakoa da, bestalde, Korzo edo oinezkoen pasealekua, erdigunean baitago saltokiz edo kafetegiz inguraturik; hantxe dago Erlojuaren Dorrea, eta, haren egiturapean, ate bat, antzinako harresien ordezko. Korzoren eta portuaren artean dago Riva oinezkoen pasealeku itsasertzetikoa, Kroaziako Ivan Zajc Antzoki Nazional ikusgarriraino doana; hortxe daude azokako eraikin modernista eta arrain merkatua ere. Korzotik barnealdera joz gero, tenplu ugari aurkituko ditugu bidean; Sv Vid izenekoa da horietatik deigarriena, oinplano oktogonala duelako; edota Jasokunde katedraleko Dorre Okerra, X. mendekoa. Aipatzekoak dira honako eraikintzar hauek ere: Agiritegi Nazionalak, Historia Museoa, Itsas Museoa, eta austriar-hungariar estiloko jauregiak.

Nolanahi ere, muino baten gainean dago Rijekako toki garrantzitsuenetako bat, handik zelatatuko balu bezala ingurumari osoa. Trsat gotorlekua dago han, XIII. mendekoa, izatez; hara iristeko, berriz, Rjecina ibaiaren ubidetik hasita gorantz egiten duten 561 harmailak igo behar dira. Trsat auzo lasai bezain ikusgarri horretako goraunean jarrita, kafe mota ugari dastatu ditzakegu, edo Trsateko Andre Mariaren eliza bisitatu, aldamenean baitago eta Ama Birjinaren erromesen ohiko bisitaleku baita.

Golkoko uharteak

Lau uharte garrantzitsuk osatzen dute Kvarner uhartedia. Luzaroan, Veneziako administrazioaren pean egon ziren laurak; ezin ukatuzkoa da haren eragina uharteetako arkitekturan, nola jauregietan hala kanpandorretan. Cres uhartea da luzaranena. Uharte ezaguna da, lehenik, Beliko labarrak dituelako kokagune sai buruzurien erreserba handi batek. Bigarrenik, Cres herriko bizimodua patxada handikoa delako, galtzadarrizko kaleak eta badiara begira dauden jauregi landuak ageri dituelako. Hirugarrenik, herrixka ñimiño eta xarmagarriak biltzen dituelako, esate baterako, Valun edo Lubenice. Eta, laugarrenik, uhartearen erdi-erdian dagoelako Vran aintzira barea. Cres uharteak Osor arrantzaleen herria du azken muga; harresiez inguraturik, eskulturen galeria bat du kaleetan, eta baita tokiko museo bat ere.

Osorren bada itsasarte bat, hamarren bat metro-edo izango dituena eta Losinj uhartetik bereizten duena; gaur egun, zubi bat dute bi aldeen arteko lotune. Cresko eremua zeharo idorra da, baina Losinjen bada landaredirik, duela pare bat mende egin zuten basoberritzeari esker. Losinj da goren mailako jomuga turistikoetako bat; noble austriar-hungariarrak erabat liluratu zituen, eta uhartean hainbat hiribildu eratu zituzten. Bi gune garrantzitsu ditu: batetik, Mali Losinj eta haren portu estrategikoa, hantxe biltzen baitira turismo zerbitzu eta herritar gehienak; bestetik, Veli Losinj, bestearen guztiz alderantzizkoa baita, portu ñimiño bat duen herri bat, kaleak poliki bilbatuak dituena.

Krk uhartean ere, lehorrera bidezubi batez lotua baitago, hondartzaz eta eguzkiaz gozatzeko aukera ederra dago. Paseorako toki aproposa dira hainbat herri: Vrbnik, adibidez, etxebizitzen artetiko iraganbide estuak dituena, pertsona bakarra pasatzeko modukoak zenbaitzuk. Edota, badira hainbat bizigune txiki, egun-pasa lasairako, besteak beste, Glavotok edo Dobrinj. Krk hiriak honako eraikin hauek ditu ezaugarri: portuko harresiak, katedral bat kupula erraboilduna eta Frankopango gaztelua. Gertu dago Punat, eta haren badian bainatzeko gonbit egiten digu, Kosljun uharte txikiaren eta hango monasterioaren ondoan.

Uhartearen hegoaldean dago Jurandvor, Baskaren eta hango hondartza ospetsuaren alboan, eta hantxe dago Sv. Lucije eliza, Baskako Taula aurkitu zutenekoa. Harrizko plaka bat da, idazkera glagolitikoz zizelkaturikoa -eslabierazko lehen alfabetoa-, eta han aipatzen da lehenbiziko aldiz Kroaziako Erresuma, 1100. urte inguruan.

Azkenik, Rab uharte engainagarria dugu, lehorretik basamortu itxurakoa baitirudi, baina behin bestaldera igarota landaredi oparoz jositako eremua ageri du; Krk hegoaldean dago, Velebit mendien paraleloan eta haien iparraldera, baina Kvarnerren mugapean. Raben, berriz, izen bereko herria da erakargarriena: esparru harresitu bat dauka, itsasoaren aurrez aurre, eta baditu lau kanpandorre ere, hainbat monasterio, tenplu eta katedralenak, bakoitza bere estilokoa, eta dagokien apaindura bereizgarriekin, zeini bere isla urrutitik ere sumarazten diotenak. Alde Zaharra oinezkoentzakoa da, galtzadarriz estalitakoa, portuaren alboan dago, eta baditu zenbait berezitasun: esate baterako, logia -bileratoki antzinakoa- edo Erlojuaren Dorrea. Rabetik pare bat kilometro iparralderago dago Sv. Eufemija monasterioa, bere klaustro eta museo eta guzti; Kampor badiak zipriztintzen du eta Kalifronteko pinudiak ditu atzekoa aldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.