Bidaia soilik bitartekoa da

Gari Garaialde argazkilariak senideek presoak bisitatzeko bete behar duten bidaia irudikatu du 'Zu ikusteko bidean' argazki liburuan. Zuri-beltzean landutako 40 argazkiz osatua dago. Bihar aurkeztuko dute liburua, Donostiako Kaxilda liburu dendan.

Lau urtean Herrera de la Mancha espetxera eginiko bidaietan ateratako irudiekin, argazki liburu bat osatu du Gari Garaialde argazkilariak. GARI GARAIALDE.
Adrian Garcia.
2012ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Ez da bidaia huts bat, ezta bidaia normal bat ere. Bidaia tramite bat besterik ez da; helburua errepidearen bestaldeko pertsona bisitatzea da».

Gari Garaialde argazkilariak presoen senideek egindako bidaia «amaigabeak» irudikatu ditu, eta Zu ikusteko bidean argazki liburua osatu, Edo argitaletxearen eskutik. Bihar arratsaldean aurkeztuko dute liburua, 19:30ean, Donostiako Kaxilda liburu dendan.

Oiartzunen (Gipuzkoa) ostiralean furgoneta hartu, eta 22:00 inguruan hasi ohi da asteroko bidaia, asteburua hartuko duen ohiko errituala. Beste herrietan bidaia berbera egin behar duten senideak hartu, eta zuzenean helburura doaz: Manzanares herriko (Ciudad Real, Espainia) Herrera de la Mancha espetxera. Mirentxin boluntario taldeak gidatzen du furgoneta, senideek atseden har dezaten.

Lau urtean eginiko bidaietan ateratarako argazkien aukeraketa egin eta bidaia bera bere ikuspegitik azaltzea izan da Garaialderen xedea. Argazki liburuan ez daude argazkiak bakarrik, ordea: Mikel Etxaburu preso izandakoaren idazki bat ere aurki daiteke bertan. «Argazkien bidez, bidaiaren irudikapen bat egin nahi nuen, baina norbaitek kontrapuntua ematea behar nuen». Mikel Etxabururen poema liburua irakurria zuen Garaialdek, eta bestaldeko ikuspegia emateko pertsona egokia zela iruditu zitzaion. «Liburu horretan gauzak nola planteatzen dituen gustatu zitzaidan. Erabat barruan dagoen baten ikuspuntua ematen du, zer den bidaian etorriko direnen zain egotea».

Guztira, 40 argazkirekin osatu du liburua, denak zuri-beltzean. Betidanik izan du gustuko euskarri horretan lan egitea. «Beti gustatu izan zait zuri-beltzak ematen duen puntu estetikoa, eta argazkiak horrela lantzea egokia zela iruditu zitzaidan, batez ere jakinda argazki asko gauez atera nituela».

Ostiralero presoen senideek egiten zuten bidaia barrutik ezagutzeko gogoa zuen Garaialdek. «Bidaia kontatu nahi nuen, kartzelaraino iristeko senideek egin behar dutena. Haiek ere ezagutu nahi nituen: bai senideak, bai bidaiak antolatzen dituztenak». Erreportaje bat egiteko asmoa zuen hasieran; gero etorri zitzaion liburua osatzeko proposamena.

2005. urtean egin zuen lehen bidaia, eta 2009an azkena; guztira, hamar bat. «Oso gogorra da. Ni hamar aldiz bakarrik joan naiz lau urtean». Argazkilaria joan den guztietan, jendearekin topo egin du, eta haiekin hitz egitean, konturatu da sekula ez dutela hutsik egiten. «Astero-astero, urteko asteburu guztiak galtzen dituzte bidaiaren erruz. Bi orduko bisita egiteko, larunbat guztia hankaz gora jarri behar dute».

Lanak eta beste etxeko zereginek utzitako tarteak baliatu ditu argazkilariak bidaia horietan joateko, eta nekagarria egin zaiola aitortu du. «Noizean behin joaten nintzen, baina oso nekagarria egin zait, horregatik utzi nion joateari». Harrigarria egin zitzaionkonturatzea kartzelan baten bat zain duen jende askok erakusten duen irmotasuna. «Joan egin behar dute, eta ez dago aitzakiarik haientzat».

Iluntzean abiatu ostean, goizeko lehen orduetan ailegatu ohi da furgoneta Manzanaresera, 06:30 inguruan. Bisitak hasi aurretik, gosaldu egiten dute furgoneta konpartitzen duten senideek. Horrenbeste orduko bidaiak ezinbestean nekea sortzen du bidaiarien artean. «Monotonoa egiten zaie. Gainera, taldean joanda, norberak ezin du bidaia nahieran antolatu».

Hala ere, Garaialdek argi du elkarrekin joatea lagungarria zaiela oso, batak besteari aholkuak eman eta elkar babesten dutelako. «Batzuek, urte asko daramate kartzelak bisitatzen; beste batzuk, berriz, hasi berriak dira». Urtean behin bisitatzera joaten den lagunak eta astero bidaia egiten duen senar edo emazteak, guztiek elkar laguntzen dute. «Ez duzu ezezagun batekin bakar-bakarrik hamar orduko joan etorria egiten. Elkar ezagutzen dute, gutxienez elkarrizketarako gai komun bat edukitzeko». 1.600 kilometro inguru egiten ditu astero Mirentxin boluntario taldeak antolatzen duen furgonetak.

Bisitak amaitzean, itzultzeko ordua da. Furgonetan sartu, eta etxerako bidea hartu. Hurrengo ostiralera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.