BIDAIA. SULAWESI. Orkidea itxurako irla

Arteak betiereko dirau, baina Torajen lurraldean (Sulawesi) hildakoek begi bat zabalik egiten dute lo, eta hori oso ondo antzematen da 'tau tau'-etan, mendi lepo harkaiztsuetan balkoietatik begira dauden egurrezko figuretan.

2007ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Sulawesin, Indonesia osoan bezala, nekazaritza da biztanleen irabazpide nagusia. Ordokiak eta terrazak betetzen dituzten arroz sailen ondoan kasaba, artoa eta soja espezia soroak daude. Arroza eta kokondoak dira haien ekonomiaren oinarria, eta urte on batean hiru uzta lor ditzakete. Hala ere, arrozaren laborantza nahikoa berria da eta askotan arroz sailek palmondoei egin diete leku; Sulawesiko baliabiderik handienari, alegia. Zuhaitz horiek sekulako aukerak ematen dizkiete bertakoei. Kokotik barruko okela jan eta zukua edaten dute, enborraren egurraz etxeak eraikitzen dituzte, palmondoen hostoez teilatuak, hamakak, saskiak, sokak egiten dituzte, kokoaren olioaz janaria prestatu eta gauean argi egiteko erabiltzen dute; gainera, kokoak multinazionalei saltzen dizkiete, kosmetikoak, lurrinak, aurpegirako kremak, lozio hidratatzaileaketa abar egiteko.

Uretako bufaloa oso ondo moldatzen da arroz soroetan, eta oso lan txukuna egiten du; baina haragitarako ere erabiltzen dute bufaloa, aberastasun ezaugarria baita jendearen artean. Torajen lurraldea -Tanatoraja eta Tator ere deitua-Makassarretik (Ujung Pandang-etik), Sulawesiko hiriburutik, 320 kilometrotara dago eta haren tradizioek ez dute parekorik. Torajek orain dela mende asko bilatu zuten babesa haran emankorrez jositako mendialde honetan, inbaditzaile musulmanengandik ihesi. Egun, gizadiarekin bat eginik bizi dira, bake ederrean, eta oso gizarte egituratua eta hierarkizatua osatu dute. Sasoi batean herri hau ehizatik eta biltzetik bizi izaten zen eta euren arteko borrokek nomada izatera behartu zituzten, baina holandar inperioa heldu zenean bertan gelditu ziren, lurra lantzen. 1512. urtean Portugesak heldu ziren Sulawesira, baina holandarren nagusitasuna nabarmendu zen 1607tik aurrera; orduan bihurtu zen Sulawesi India ekialdeko holandar konpainiaren oso probintzia garrantzitsua. Konpainiak Europako mendebaldean sortu ziren (XVII-XVIII).



HILDAKOEKIN MINTZO. Rantepaotik, Torajen hiririk handienetik, Lemora joan gara, bemo (furgoneta) batean. Hamaika kilometrotara dago hori. Orain dela lau hilabete hil zen gizonezko baten hileta ospakizuna ikusteko, bertako batek bere etxera gonbidatu gaitu, kantuek eta dantzek lagunduta. Girotze aldera edo, tuak (palma ardoa) eman digu informazioa gozatuta. Lau hilabete horietan hildakoa lore bereziez eta ukenduez kontserbatu izan dute etxekoek. Hildakoa kwan bat zen, hots, noble bat, eta familiakoek eta lagunek egunak daramatzate xehetasun guztiak prestatzen ospakizunak txukun irten daitezen. Torajentzat oso garrantzitsua da hiletak ondo ateratzea: hildakoa pozik gelditzen bada, familiakoen ardura hartuko du eta, gainera, lagunduko die. Hiletak egun batzuk iraungo du eta, behin bukatutakoan, hilkutxa harkaitz sakratu batean gordeko dute, arbasoekin batera egoteko; baina une hori heldu arte familiakoek berrogei bufalo baino gehiago akabatu beharko dituzte eta ehunka gonbidatu ase, munduan parekorik ez duen erritual batean. Uretako bufaloak hileta ospakizunetan trofeo gisa erabiltzen dituzte, etxeetako aurrealdeak apaintzeko eta familiaren handitasuna eta prestigioa adierazteko. Torajek uretako bufaloa animalia hutsa baino zerbait gehiago dela sinesten dute, jainko antzekoa. Horregatik, uretako bufaloa hil beharra dago hildakoaren arima zerura joan dadin. Ospakizun honek galera handia ekarriko dio familiari, eta urte asko igaro beharko dira zorrak kitatzeko. Inoiz hamar urte ere igarotzen dira familiakoek dirua bildu arte. Batzuetan arroz sailak eta ganadua saltzen dituzte, eta behin baino gehiagotan dirua eskatzen diete gertukoei. Baina jainkoak txunditu egin behar, hildakoa pozik gelditzeko eta familiak zerua ziurtatua izateko.

Jende asko etorri da hiletara, Indonesiako bazter askotatik (Flores, Borneo, Bali...), eta zigarro espeziak eta betela eskaini dizkiete. Hiru dantzarik etorritako talde bakoitzaren berri eman dute kantu eta oihuen artean. Gure izenak gonbidatuen artean entzuteko aukera ere badago, baldin eta diruz ekarpena egiten badugu.

Ofizialki hileta ezin da hasi hilkutxa familiarren etxetik atera eta rante izeneko zabalgune batean santutegi txiki bat ipinita egon arte. Gero hildakoak bidaia labur bat egingo du oihanean rante-raino, emakumezkorik kutunenek jarraituta; haiek oihal gorri luze bati eutsiko diote, hildakoa kwia-ra (zerua) gidatua izateko. Gonbidatu ez dituzten auzokideek ere rante-rainoko ibilaldia egingo dute, etxekoei nahigabean laguntzeko.

Bitartean Lemoko arotzak hildakoaren eskultura bat egingo du; irudi horiek tau tau dute izena eta toraja kulturaren sinboloak dira. Tamaina naturala dute, eta sasoi batean hildakoaren izaera bakarrik adierazten zuten, baina egun hildakoaren antza izaten dute. Komunitateak ordaintzen ditu tau tau-ak, hildakoari eskerrak emateko; goi mailako jendearen pribilegioa omen da laguntza ematea. Tanatoraja eskualdeko harkaitzetako hormetan tankera horretako giza irudi asko daude, egurrezko balkoietan, espirituei begira. Hildakoen figurak arropa eta bitxiez apaintzen dira, eta inoiz ileordea hildakoaren ileaz egiten da. Hainbeste urtez hiletak egiten egon ostean, ia ez dago harkaitzik, ez balkoirik gorpuak lurperatzeko. Hildakoak, haginik gabeko umetxoak badira, zuhaitzetan lurperatzen dituzte, arima enborretik zerura joateko, torajentzat umeak ama lurrarenak baitira.



ITSASONTZI ETXEAK. Lemo torajen herrixka tipiko bat da, eta mendialde barrena ezkutatuta dauden herrixka guztien itxura du. Etxeak aurrez aurre daude, pare bat ilaretan, tonkonan izeneko mugarri batzuen gainean, eta familiaren eta klanaren batasuna adierazten dute. Teilatutzarrak banbu kanaberaz daude eginda, eta begetal pasta batez itsatsita, eurite sasoian babesteko. Fatxada irudi geometrikoez apainduta dago eta kolore bakoitzak bere esanahia du: gorriak gizakien bizitza sinbolizatzen du; zuriak hezurren kolorea, hau da, gardentasunarena; horiak, Jainkoaren bedeinkapena eta boterea, eta beltzak, heriotza eta iluntasuna. Etxeko ganbaretan arroza gordetzen da eta zizelatutako bufaloen burua etxea apaintzeko izaten da; beste zeremonia batzuetan hildako bufaloen adarrak, familiaren aberastasuna adierazteaz gain, erdiko mugarriari lotzeko ere izaten dira. Etxe hauek oso loturik daude toraja tradizioekin, eta helburuetako bat familiaren estatusa gogoraraztea da; etxeak ezin daitezke ez saldu, ez erosi. Baina transcanan estiloko arkitektura honen gauzarikbitxiena teilatuen itxura da. Jatorriaren gainean zenbait teoria daude: batzuek diote bufalo baten adarrak direla; beste batzuek, berriz, teilatuaren puntek zerurako bidea erakusten dutela; baina, gehienen ustez, etxeen muturrek itsasontzi baten branka eta popa adierazten dute. Etxeak ekialde-mendebaldean eraikitzen dituzte eta aurrealdea eta ganbarak iparrera begira daude; agian, arbasoak handik etorri zirelako itsasontziz, eta heltzean babes moduan erabili zituztelako.Torajen jatorria Himalayan omen dago eta sasoi batean buru-ebakitzaile ankerrak izan ziren. Halarik ere, bugi herriaren inbasioa zela eta -orain 600 urte-, torajak sakabanatuta gelditu ziren uharte osoan. Asko irlaren erdialdean alboratuta gelditu ziren, eta beste asko kosta eta beheko lurretan kokatu ziren. Toraja hitzak mendiko gizonak esan nahi du.



ITSAS GIZAKIAK. Sulawesiko bizilagunek eta itsasoak oso harreman estua izan dute beti. Bertako hondartzetan oraindik ikusten dira Indonesiako artxipelagoan gora eta behera bugis etniakoek eskuz egindako pinisis izeneko barku ospetsuak. Eurak omen dira Indiako Ozeanoko itsasogile eta nabigatzailerik onenak. XVII-XVIII. mendeetan bugisen mendeko lurraldea oso handia izan zen, eta egungo Singapur, Borneo eta Malaysiako penintsulanmerkataritza zentro garrantzitsuak eraiki zituzten. Baina itsasorik gabe bizi izaterik ez duen etniarik baldin badago, bailaoena da. Irlaren beste muturrean (Tomini golkoan) bizi dira nomada horiek, eta mendeak daramatzate itsasoa kontrolatzen.Bugisek lepas izeneko txalupa arinetan ematen dute bizitza, haizeak eta itsaslasterrek bultzatuta, eta bertan jaio, ezkondu, seme-alabak izan eta hil egiten dira, itsasoan bakarrik sentitzen baitira aske. Bailaoen jatorria ilun dago; antropologo batzuek Malaysiako hegoaldean kokatzen dute. Dirudienez, XVII. mendearen hasieran egin zuten alde, leinuen arteko borrokak eta egoera politikoak eraginda. Gero, Borneoko kosta inguratu, Filipinetako kostara abiatu, eta, azkenean, Sulawesiko mendebaldekora heldu ziren. Dena den, euren ustea bestelakoa da; itsasoan galdutako printzesaren bila joan ziren arbasoak Sulawesiraino. Kondaira horren arabera, printzesa itsasbazterrean bainatzen zebilela, ekaitz handi batek itsaso barrura eraman zuen; enbor batzuei eustea lortu zuen eta, aste batzuk nora ezean ibilitakoan, Sulawesiko kostara ailegatu zen; bailaoek printzesa aurkitzean bertan bizitzea erabaki zuten. Harrezkeroztik, istorio asko zabaldu dira itsas ijito hauen inguruan. Batzuk pirata bihurtu ziren, eta izua zabaldu zuten merkatarien artean; euren itsasaldiak ospetsu egin ziren eta mende askoan basamortu urdin honen jabegoa izan zuten.

Bailaoek denbora gehiena mangle eta uharri-lekuetan ematen dute arrantzan, eta metodo asko ezagutzen dute, baina bitxiena, dudarik gabe, kometarena da. Ira hostoaz egindako kometatik amu bat eskegitzen dute, eta pertika baten laguntzaz, arrantzaleak nahi duen lekuraino bidaltzen du garranga; kometaren mugimenduak dantzan ipintzen du amua, eta arrain-hegaldariak erakartzen ditu, bereziki. Baina ur azalean trebeak badira, ur azpian ez dira makalagoak. Oso urpekari onak dira eta bost minutu baino gehiago egiten dute hamabost metrotara jaisteko. Horrenbeste denbora arnasarik gabe egoteko, sabelaren iharrak erabiltzen dituzte dosifikatzeko. Horrela birikietatik irteten den airea kontrolatzen dute. Ur azpian hobeto ikusteko karei eta dortoka oskolaz egindako betaurrekoak erabiltzen dituzte.

Bailao gehienak Sulawesin bizi dira, baina Myanmarren ere badaude, eta moken edota itsasoak itotako jendea dute izena, eta Thailandian txao lain edota uretako jendea esaten diete; Vietnamgo eta Filipinetako kostetan ere aurki daitezke. Elkarrenganako distantziak handiak badira ere, erabiltzen dituzten itsas teknikak antzekoak dira.

Indonesiako artxipelagoaren zati bat zeharkatzen duen koralezko barrera-Sulawesiko hegoaldetik Flores irlaren iparralderaino- Kubakoaren eta Australiakoaren atzetik luzeena da. Hor Ozeano Barea eta Indiakoa batzen dira eta munduko urik beroenak daude. Sekulako leku ederra koralerako. Ez omen dago munduan horren leku txikitan horrenbeste aniztasuna duen lekurik. Laurehun bat koral espezie eta mila eta bostehun arrain mota daude, era guztietako kolorez apainduta, baina arrisku handiak gordetzen ditu itsaso honek. Planetaren berotzeak eta erreakzio ultramoreak koralari kalte handia eragin diote. Tenperaturarik egokiena 26-27 gradu bitartekoa da, hortik gora koralak kolorea galtzen du eta zuritasuna areagotzen da. Gu, ur azpiko lilura dastatze aldera, Togian irletara joan ginen, etagugandik ez oso urrutik, isilpeko arrantzaleek erabilitako dinamitaren hotsa entzuten genuela, itsas lorategi honen loreak zimeltzen ikusi genituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.