Tikambo itsasontzian dago, Haua emaztea eta Abdoulai haurra ondoan dituela. Mopti hiritik Tonbuktura doan bidea egiteko prest, ontzian diren beste hirurogei pertsona bezala, Niger ibai gainean. Eguerdia da. Arratsaldeko ordu batean partitzekoa da ontzia.
Ordu bat, bi, hiru. Denbora aitzina doa, eta beti Moptiko portuko burrunba etengabea du begi-bistan Tikambo ontziak. Iduriz arazo bat atzeman dute motorrean. Haste hastetik bidaia lasai hartu behar dela abisatzeko manera bat, nonbait. Bi gau iraganen baitira ontzia Tonbuktura heldu baino lehen. Eta bien bitartean, oren guztiak berdintsuki aitzinatuko dira. Hiru bete behar. Jan, lo egin eta musulmanentzat, otoitz egin bost aldiz egunean. Horretaz aparte, irauteko, bakoitzak bere errezetak. Batzuek irratia entzun, ahal duenak begiak hetsi eta loaldiak egin edo ametsak, eta bestela mintzatu. Anitzentzat solasa bihurtzen da lagun baliotsuena. Afrikako zinema. Jende berriak ezagutu, eta haiekin hitz egitearekin batera mundu berriak deskubritu.
Hona hemen bi gizon. Boubaca Toure bera eta ondoan Amadou Tore. Ontzira igan aitzin ez zuten elkar ezagutzen. Suerteak ondoan jarri dituela, laster adiskidetuko dira. Otoitzaren ordua dute, eta ekiari begira jarri behar dute. «Baina non ote ekia?», galdezka dabil Boubaca. Nehork ez du iparrorratzik. Eta eguzkirik ez da ageri mementoan: «Berdin dio. Jainkoa non-nahi dago, ez?», ironiarik ez du falta Boubacak. Konpainia onekoa ingurukoentzat.
Amadouk ere elea arina du. Ontziko zaharrenetako bat dela, horretaz baliatzen da beti lezio ematen aritzeko. Bi emazte dituela eta gizon bakoitzak gutxienez bi behar dituela iruditzen zaio. Bakarrak ez baitu asetzen ahal: «Emaztea beti dabil aitzakia bila. Buruko mina edo beste... Ezin da horrela!». Funtsean, gizonak emaztea baino gehiago balio duela pentsatzen du, horregatik duela gaina hartua. Emazteak ezingo luke boterea kudeatu. Ez litzateke gai.
BEGIAK ZORABIO. Ondoan duen gaztea ez da arrunt ados harekin. Baina ageri da ez duela eztabaidan gehiegi sartu nahi, adinaren errespetua biziki inportanta da hemen. Ascofare Elhadji gaztea tobuktuarra da sortzez, baina Bamakon ikasle. Tonbuktuk ez baitu gehiago unibertsitaterik. Azaroa izan arren, ikasturtea ez dute oraino hasia. Unibertsitateko irakasleak greban daude azken hilabete hauetan. Lan baldintza kaskarrak eta azpiegitura eskasak salatzen dituzte. Klasean ehunka ikasle, liburuak urrea bezain garesti. Diru laguntzak eskuratzeko nota onak ukan behar dituzte. Ascok iazko urtean izan zituen. Aurtengoen emaitzen zain dago oraino, greba dela eta. Usatzen hasia da Asco, urtero baitira grebak. Erritmo horretan ikasketen bururatzeko denbora doblea behar dute, errepikatzen ez badute. Eta anartean, iraun behar. Ascok bere komertzioa aurkitu du. Lagun ikasleek eskuz idatzi lanak ordenagailura pasatzen dizkie. Tesiak edo beste, gehienek ez dute ordenagailurik, eta unibertsitatean ere ez dago horrelakorik. Hemen eskuzko idatziak leku handia du oraino.
Solasa aitzina doala, ontziak segitzen du aitzinatzen Niger ibai zabal gainean. Gaua laster helduko da. Eguzkia uraren gainean etzaten ari da bazterrak kolore indartsuz estaliz. Hots, lekutik mugitu gabe, leihotik begiratzea aski da begiak zorabiatzeko.
Urrunera ageri da lurra. Lur hutsa, batzuetan belar luzez estalia, besteetan sasi zuhaitzez. Eta arteketatik, bista ona duenak zenbait tximino zuriak ikus ditzake, abar batetik bestera jauzika, edo eguzkia hartzen ari. Gune batzuetan hipopotamoak ere ba omen daude, baina urrunegi begi hutsez ikusteko. Beste zulo batzuetan, arrantzaleak dira agertzen. Eta hortik hurbil etxe batzuk, lurrezkoak hauek ere.
Azaroan oraino bustiak dira bazterrak. Eurien sasoia berrikitan bururatua da, eta ibaiak oraino badu ur. Funtsean horri esker da posible itsasontziz lotzea Tonbuktu. Euririk gabeko sasoietan gehiegi husten da ibaia, eta ontziak ezin dira aitzinatu.
Ura delarik, ordea, bizi guztia berriz pizten da. Ibai bazterreko herri guztiak uraren inguruan antolatuak dira. Ura eta honek garraiatu janari eta trasteak. Tikambo ontziaren zeregin nagusia ere hauxe da. Herrien arteko komertzioa garraiatzea. Moptin irrisa ereiten baitute, hau igotzen dute herriz herriz.
Moptitik partitu eta, Aca herrian gelditzen da, hortik, Niafunken. Bertakoa da Ali Farka Tore maliar gitarrista eta kantari famatua. Gero, Tonka dago. Hor ere, irrisa ereina dute. Ondoko herria Dire dute. Hondarrez inguratua, duen guztia uretik ekarria zaio. Diretik Sajilanbura, gero Krisanba, Koura eta hortik Tonbuktura.
Milaka misterioen hiria, iduriz. Hala du fama hasteko. Iragan aberatsekoa, gaur egun horren guztiaren lekukotasun gutxi dira ageri. Moptiko etxeak baino ederragoak dira hemengoak, hori bai. Ate eta leihoen edergailuak arras landuagoak dituzte. Baina murruak berak lurrezkoak dira gehien-gehienetan. Turistekin ari diren hotel eta jatetxeez aparte, oro har, hemen ere pobrezia badela ikus daiteke. Karrika guztiak hondarrez estaliak dira. Inguru guztian desertua ageri da. Desertuaren aitzinatzea hiria erabat jaten duen arazoa da, justuki. Haizeak etengabean karriketan gaindi ibilarazten duena. Isiltasun lasai batek inguratzen du guztia. Besta egiteko gazteak desertuko mendittoetara joateko usaia dute. Bikotekidearekin sekretuan eta goxoki egoteko ere, funtsean. Oraino gurasoek hautatzen baitizkiete senar eta emazteak. Gaua etortzearekin, mendittoetan argi elektrikoak ibilki ikus daitezke, Tonbukturi misterio garaikide bat erantsiz.
Esklaboetatik petroliora etaturistetara pasatu da Tonbuktu
n. arbelbideTonbuktu
Tuaregek eraiki omen zuten Tonbuktu XII. mendean. Kondairak dioenez, Bouctou izeneko emazteak zaintzen zuen iturriaren inguruan eraiki zuten hiria. Beren tamasheq hizkuntzan, tim hitzak lekua adierazi nahi du.
Magreben eskualdeko eta sahel afrikarraren arteko trukaketa komertzialek eraiki zuten hiria. Saharako Taoudenniko meategietatik gatza ekartzen zuten bertara. Bure herriko urrea, Afrika iparraldera eraman aitzin, Ghanatik esklaboak. Garai oparoena XVI. mendean ukan zuen. Gao eta Djenne hiriekin batera zibilizazio islamiar-sudandarraren sehaska bihurtu zen. Komertzioaz gain, aktibitate intelektual bizi baten bihotza izan zen. Arabiar komertzialeek, bidaiariak eta filosofo musulmanak gurutzatzen zituzten bertan.
Hiriko Sankore unibertsitateko fama nazioartean hedatu zen. 25.000 ikasle erakarri izan zituen, Sonni Ali Ber buru zuela. Garaian 100.000 biztanle zituen hiriak, gaur egun 32.000 ditu. Honen guztiaren oihartzun, 15.000 eskuizkribu atzemanak dituzte. Horietako batzuk XIII. mendean idatziak. Eta beste 80.000ko bat ere lo dago oraino etxeetako ganerretan. Gehienak arabiarrez, batzuk Peul populu nomadaren fulaniar hizkuntza idatziak dira.
Anitz erlijioaz ari dira, herrikoei Alaren fedea transmititzeko nahiarekin zeudelako. Aditu musulmanen mintzaldiak zuhaitzen azal, dromedarioen hezur eta ardi larruen gainean traskribitzen zituzten. Horretaz aparte, gai filosofikoek eta juridikoek ere beren lekua ukan zuten, baita planeten antolaketak eta musikak ere. Oraino anitz lan gelditzen da idatzi hauen sekretu guztien ezagutzeko. Bizkitartean, ahozkotasunaren ondoan idatziak ere bere lekua ukan duela Afrikan frogatzeko meritua daukate lan hauek. Maleruski, ikerketa iturri baino enkanteetan saltzen diren objektu huts bihurtzen dira gero eta gehiago, pribatuek aitzinatu diru zama handien truke.
Gaur egun hiriak bere lilura berreskuratua du, luzaz abandonaturik egon bada ere, bereziki esklaboen merkaturako europarrek itsasoko bidea ireki eta. Karriketan gaindi dauzkan 333 sainduen hilobiak direla, edo «desertuko perla» deitzen duten honen misterioak, turista anitz biltzen ditu urtero. Gaur egungo aktibitate nagusietakoa bilakatua da turistekin lan egitea. Bestalde, laguntza anitz jasotzen du ere gobernuz kanpoko erakundeengandik. AEBak biziki present dira. Hiritik hurbil petrolioa badagoela uste baitute, harremanak estutzen dabiltza.