Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Iruditeria kolektiboan, bidaiatzea hegazkina edo trena hartu eta nork bere herrialdetik ihes egitea da, ezagutzen ez diren lekuak ezagutzera joatea. Alta, oporrak gozatzeko etxetik hurbil edo herrian egon nahi dutenak ere badira; anitz dira Euskal Herriko mugak zeharkatzen ez dituztenak. Gero eta gehiago dira hegazkin txartelak utzi eta bizkar zaku bat harturik Euskal Herria ezagutzea erabakitzen dutenak. Euskal Herriari beste begirada bat ematen diote, barnerat begira jartzen dira bidaiariak. Hainbat dira hemen gaindi bidaiatzeko zergatiak eta arrazoiak.
Azken urteotan nabarmen zabaldu da barne turismoa egiteko joera. Euskal Herrian bizi den gero eta jende gehiagok erabakitzen du etxetik hurbil bidaiatzea, kanporat jo beharrean. Pandemiak indartu egin zuen joera hori, eta, nahiz eta osasun egoera aldatu den, ohitura atxiki da. Inguruko paisaiez, kulturaz eta gastronomiaz gozatzeko interesa ere handitu da.
Garbiñe Eraso Baionakoa da, eta 50 urte ditu. Badu hamabost bat urte udako ber opor eredua duela. Haurrekin eta lagun bikoteekin batera Euskal Herriko txoko baterat joaten dira, zenbait egunez. Hasieran, hori elkarrekin egitea erabaki zutelarik, Lekeition (Bizkaia) pasatzen zuten astea, ber kanpinean. Urteak pasatu ahala, beste helmuga batzuk hautatzen hasi ziren, bereziki Nafarroan: Etxarri, Baztan, Lizarra, Lekunberri, eta aurten Goizueta.
Badu 25 urte Eraso Euskal Herrirat bizitzera jin zela; ordura arte, Parisen bizi zen. Han bizi zelarik opor batzuk atzerrian pasatu bazituen ere, Euskal Herria zen bere oporretako helmuga nagusia; betidanik, Euskal Herria leku aproposa iruditzen zaio oporrak pasatzeko. «Oporrak jadanik Euskal Herrian egiten nituen, familiaren etxean. Oroitzapen onak ditut, biziki. Baina beti ber lekurat joaten ginen, Nafarroarat. Orain, leku berriak deskubritzen ditut familiarekin eta lagunekin; oso desberdina da».
Erasoren aburuz, etxetik hurbil bidaiatuz diru gutiago xahutzen du: «Lagun taldean ez dugu denek ber egoera ekonomikoa. Beraz, hemen bidaiatzeak parada ematen digu oporretara joateko eta elkarrekin gozatzeko». Horrez gain, Erasok esplikatu du gisa horretako bidaiak eginez euskara oporraldiaren ardatzetako bat izaten dela, helduek eta haurrek aukera baitute beti euskaraz aritzeko: «Askotan egoten gara euskara erabiltzen den tokietan. Horrela, gure haurrek euskaraz egiteko beste manera batzuk entzuten dituzte, eta ikus dezakete Ipar Euskal Herritik kanpo ere euskara badela. Adibidez, Lekeition egoten ginelarik, beste euskalki bat deskubritu zuten, eta, horrekin batera, beste kultura eta ohitura batzuk».
Gertu, baina ezezagun
Usu uste izaten da hurbil dena ongi ezagutzen dela, baina Eraso ez da arrunt ados horrekin. «Euskal Herria oso polita da, eta uste dut ez dugula aski ezagutzen. Hurbil egonez ere gauza ederrak ikus ditzakegu».
Martine Barneix zuberotarrak ere familiarekin bidaiatzen du, nahiz eta aitortu duen ez duela biziki gustuko bidaiatzea. Haurrak izan zituenetik erabakia du Euskal Herrian baizik ez duela bidaiatuko opor denboran. Ez dira aldi oro ber lekurat joaten, baina ber egin-moldea atxikitzen dute. Euskal Herriko txoko bat hautatu, izan Hego Euskal Herrian edo izan Ipar Euskal Herrian, eta bizikletaz edo oinez, lauzpabost egunez, beste leku baterat joaten dira. Helmuga aukeratzeko zenbait irizpide behar dituzte: leku menditsua izan behar du, edo bide berdeak izan behar ditu bizikletaz ibili ahal izateko. Horri esker, Euskal Herria «sakonki» deskubritzeko aukera dute bai helduek eta bai haurrek.
«Ez gara sekula enoatzen, nahiz etxetik hurbil izan. Beti bada zer deskubritu Euskal Herrian»
MARTINE BARNEIXBidaiaria
Barneixek esplikatu du bidaiatzea «inportantea» dela haurren heziketarako: «Haurrak sortu zirelarik, pentsatu genuen bidaiatzea umeak hezteko oinarri bat zela, hemengo lurraldea ongi ezagutu dezaten». Horrez gain, Euskal Herrian egoteko erabakia ez da funtsik gabea; badituzte arrazoi batzuk horrela jokatzeko. Bikotekideak eta biek erabaki zuten ez zituztela sekula bidaia «handiak» eginen, ingurumenari lotuak diren arrazoiengatik bereziki: «Gertatu zait bidaia handiagoak egitea, baina orain hausnartu dugu, eta ohartu gara hegazkina hartzea ez dela egokia. Hori transmititu nahi diegu haurrei, ingurumena babestu behar dugula».
«Ez gara sekula enoatzen, nahiz etxetik hurbil izan. Beti bada zer deskubritu Euskal Herrian», erran du Barneixek. Erasok bezala, Barneixek ere garrantzia ematen dio euskarari egiten dituen bidaietan: «Leku batetik besterat mugituz, haurrak ohartzen dira euskara ez dela soilik etxeko hizkuntza, edo Zuberoan entzuten duten hizkuntza. Ikusten dute etxean eta ikastolan ikasten dutenak oihartzuna duela, zentzua».
Lekorneko (Lapurdi) Peio Harriagerentzat, natura da egiten dituen bidaietako ardatzetarik bat. Luzaz, haurrik ez zuelarik, mendirat edo hondartzarat joaten zen, aste batez bederen. Oihal etxean lo egiten zuen; bereziki, Bretainia eskualdeko uharteetan. Kontatu duenez, bidaia horien helburu nagusia zen gizarteaz «urruntzea» eta dena autorik gabe egitea. Bretainia izan du helmuga nagusia: «Betidanik Euskal Herrian izan naiz, baina bakantzendako egia da urruntzen nintzela, beste mendi batzuen ezagutzeko, eta Euskal Herrian ez baita uharterik...». Dena dela, gertatzen zitzaion Euskal Herrian gaindi bidaiatzea ere: «Hemen ere badira mendiak eta natura, eta, horrez gain, nardatua naiz Bretainia ene herria baino hobeki ezagutzeaz».
Gaur egun hemen egoten da, bereziki haurrak dituenetik, arrazoi praktikoengatik. Etxetik hurbil joaten dira, kanpinetarat, haurrak jostatu ahal izateko, baina beti etxetik hurbil, zerbait gertatuko balitz ere. Halere, nahiz eta Euskal Herrian egoten den, gehien gustatzen zaiona natura eremuetan izatea da, Euskal Herrian edo Euskal Herritik at, ez zaio axola.
Barne ala kanpo
Izugarri maite du bidaiatzea Deustuko (Bilbo) Maite Sarasolak; denbora librea izanez gero, bere zakuak prestatu eta bidaiatzera joaten da. «Gauza asko ekartzen dizkit bidaiatzeak, baina, bereziki lagungarria zait egunerokoa eta urte osoan daramagun erritmo hori alde batera uzteko», esplikatu du Sarasolak. Ez du ohitura jakinik bidaiatzeko, oporraldiaren arabera eta duen denbora tartearen arabera antolatzen ditu bidaiak. Baina bada zerbait urtero egiten duena: ikasturte barnean Euskal Herriko txokoren baterat joatea, asteburu-pasa. Baina udan, opor luzeagoak dituenez, egonaldi luzeagoak egiteko aprobetxatzen du, izan atzerrian edo izan Euskal Herrian, bikotekidearekin, familiarekin edo lagunekin.
Atzerrirat joaten bada ere, oporrak Euskal Herrian bertan egitea maite du gehien. Uste du bi bidaia mota «desberdin» direla. «Euskal Herritik kanpo goazenean, segituan nabaritzen dugu: gureaz bestelako kultura bat deskubritzen dugu, beste hizkuntza bat, bestelako jendarte bat eta bestelako bizimodu bat. Eta kanpo begirada batetik ikusten dira horiek guztiak. Esango nuke kanpora goazenean turismoa besterik ez dugula egiten: monumentuak, museoak, autobus turistikoak...», azaldu du Sarasolak.
«Euskal Herritik kanpo goazenean, segituan nabaritzen dugu: gureaz bestelako kultura bat deskubritzen dugu, beste hizkuntza bat, beste jendarte bat eta bestelako bizimodu bat. Eta kanpo begirada batetik ikusten dira horiek guztiak. Esango nuke kanpora goazenean turismoa besterik ez dugula egiten: monumentuak, museoak, autobus turistikoak...»
MAITE SARASOLABidaiaria
«Etxean», hau da, Euskal Herrian bidaiatzen duenean, «aisialdia» gozatzen du gehien; oporrak ez dira turismoan zentratzen, baizik eta naturan, herriko kulturan. «Hemen egonez ez gara giri bilakatzen».
«Egia esan, biak maite baditut ere, asko baloratzen dut Euskal Herrian bidaiatzea». Sarasolak esplikatu duenez, «lasai» bidaiatzen du Euskal Herrian delarik; gehiago «gozatzen» du opor mota horrekin. «Euskal Herrian bidaiatzeak gauza asko ekartzen dizkit. Nire hizkuntzan aritu naiteke, eta maite dudan jendearekin eta maite ditudan txokoetan ibili. Horrelako bidaietan lasaiago egoten naiz. Aisialdiaz gozatzeko modua izaten dut, eta urte osoan egiten ez ditudan gauza horiek etxetik hurbil egitekoa».