Plaza giro

Bidaiarien topalekua

'Antxon Bandres. Bidaiarien Txokoa' proiektua abiatu dute Tolosako Errota eraikinean; bidaiarien bilgunea izan nahi du Nairobitarra elkartearen egitasmoak.

Tolosako Errotan atondu dute Antxon Bandres. Bidaiarien Txokoa. Aldizkari, liburu eta bestelakoak kontsultatu daitezke. JON URBE / ARP.
Tolosa
2012ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Taberna itxurari eusten dio oraindik Tolosako Errota eraikineko beheko solairuak, baina hasi da liburutegi baten traza hartzen. Eraikinaren atarian jarri duten afixak aretoak aurrerantzean izango duen erabileraren berri ematen du: Antxon Bandres. Bidaiarien Txokoa. Barruko aldea garbitzen ari dira egunotan, eta azken urteetan garagardo eta ardo botilak hartu dituzten apaletan liburuak, aldizkariak eta mapak jartzen. Ehunka batzuk, oraingoz. Milaka izango dira datozen egunetan. Proiektua berriki abiatu eta aurkeztu dute Nairobitarra elkarteak eta Tolosako Udalak, eta aretoa atontzen eta materiala katalogatzen bukatzen dutenean irekiko diote publikoari.

Nairobitarra elkartearen ekimena izan da, eta Josu Iztueta bidaiariaren aspaldiko asmoa du abiapuntu. «Azken 30 urteetan bildu ditudan liburu, aldizkari, mapa, ikus-entzunezko eta bestelakoak leku publiko batean jarri behar genituela iruditzen zitzaidan. Ia hiru mila liburu bildu ditut, eta beste hainbeste aldizkari ere bai. Duela hilabete batzuk Antxon Bandres istripuz hil zenean, haren ondarearen parte bat jendearen eskura jarri behar genuela ere iruditu zitzaigun. Ondare aberatsa eta erabilgarria elkartu dezakegula uste dut», azaldu du Iztuetak ekimenaren jatorria.

Tolosako Errota eraikinaren beheko aretoa utzi die udalak txokoa jartzeko. Nahi duen orok eskuragarri eta kontsultarako izango ditu bertan liburuak, mapak, aldizkariak eta bestelakoak. Bidaia dute guztiek ardatz. Baina ez dute horretara mugatu nahi. «Kartografia, geologia, kultura eta hizkuntza ere jorratzen dituzte bidaiek, eta gai horiek guztiak tailer, aurkezpen, ikastaro eta abarren bitartez jorratu nahi ditugu txokoan», azaldu du Nairobitarra elkarteko Nagore Salaberriak.

Boluntario taldea eta autogestioa

Bidaia ez baita leku aldaketa soila. «Jakin-mina ere bada, bidaia geografia edo antropologia izan daiteke, edo hizkuntzak, klima eta literatura ere bai. Bidaia bat kontzeptu oso zabala da». Alor horiek guztiak lantzeko eta tailer, hitzaldi eta mahai-inguruak prestatzeko, boluntario sare bat osatu nahi dute. Asteazkenean bilera baterako deia egin dute, eta proiektuarekin bat egin nahi duen orok izango du laguntzeko atea irekia. Liburutegiaren osagarri, Interneti ere garrantzia emango diote, eta Salaberria arduratu da atariari forma emateaz: «Antxon Bandres txokoa foro fisikoa izango da, baina Interneten ere emango duguekitaldi eta bestelakoen berri». Horretarako bide egingo du http://bidaiarientxokoa.wordpress.com blogak.

Euskal Mendizale Federazioko presidentea izan zen Antxon Bandres, eta medikua. Ez hori bakarrik. Saltsa askotako perrexila zen, eta alor asko ukitu zituen bere ibilian. Iazko urrian hil zen, Urkizuko baserrian, belarra mozten ari zela erori eta buruan kolpea hartuta. Tolosa jaioterrian arrastoa utzi zuen Bandresek, eta txoko berezi horrekin omenaldi xumea egingo diote. «Gaztea nintzenean etxeko giltzak uzten zizkigun, liburuak irakurtzeko eta musika entzuteko. Haren dokumentuek eskuragarri egon behar dutela uste dugu, hark hala nahi izango zukeelako», esan du Iztuetak.

Txokoa elikatzeko ardura eta konpromisoa hartu dute Nairobitarra elkartekoek, eta, horretarako, autogestioaren bidetik joko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.