Astebururako txangoak, bidaia luzeak, kostaldea nahiz mendia ezagutzeko ibilaldiak... Bidaiatzeko hamaika aukera aurkituko ditu bisitariak Iruñean, Navartur Nafarroako turismoaren nazioarteko azokan. Larunbat eta igandean zabalduko dute azoka Baluarte jauregian; aurtengo berrikuntza nagusia landa turismoari eskainitako tartea da. Horrekin batera, Nafarroako landa turismoaren kongresua ere antolatu dute gaurko eta biharko, eta hitzaldietan eta mahai-inguruetan parte hartzeko aukera egongo da.
Baina, informazioa jasotzeaz gain, beste hainbat ekintza ere prestatu dituzte Navartur azokan: dastatzeak, erakusketak, ikuskizunak eta jokoak izango dira asteburu osoan. Zaporearen tailerrek elikagaien arteko ezkontzak landuko dituzte: gazta eta ardoaren arteko harremana da aztertuko duten elkartzeetako bat.
Haurrek ere izango dute euren txokoa: tailerrak, ipuin kontalariak eta asto ibilaldiak antolatu dituzte haientzat. Caravaning-a eta turismo leizeak dira azokara ekarriko dituzten berrikuntzetako batzuk. Baluarteren kanpoaldean azken diseinuko karabanak aurkitu ahal izango dira; jauregiaren barrualdean, berriz, munduko leize erakargarrienetako batzuei eskainitako postua egongo da ikusgai. Urtero bezala, Nafarroak bere eskaintzaren berri emango du. Herrialdea gertutik ezagutzeko jardueretan parte hartzera gonbidatzen du bisitaria Irantzuko Lurrak elkarteak: Moth International erakusketa eta itsasontzi hegalaria dira antolatu dituzten ekintzetako batzuk.
NAVARTUR
Non. Iruñean, Baluarte jauregian.
Noiz. Larunbatean eta igandean.
Asteburuko proposamenak
Bidaiatzeko proposamenak, Navarturren
Iruñea 500 helmuga baino gehiagoren inguruko informazioa eskainiko dute asteburuan, Baluarten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu