Bidegurutze arteko babes

Euskal Herriko txokoak. Zangoza.

Maialen Huarte
2010eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Bidezidor biren artean dago Zangoza (Nafarroa). Donejakue bidera darama batak, etaXabierrera, besteak. Abenduan jasotzen du bide horrek jenderik gehien, erromesaldia egiten, baita bertako Xabier gazteluraino ere. Babesleku izan zen Zangoza X. mendean musulmanen aurkakoentzat, eta XVIII. mendean Ondorengotza gerran. Batez ere, Iruñeko defentsarako baliatu zuten Zangozako ingurua. Zangozatik igarotzen den Aragoi ibaiak ere eraman zuen hondamendia herrira, gerrateek sorturikoa baino latzagoa. Gainezka egiten zuen maiz, eta ibai ondoko eliza eta etxeak urez betetzen zituen. Uholderik gogorrenean, bi metroko altuera hartu zuen urak herrian; biztanleen %18 hil ziren, eta herrian zeuden 465 eraikinetatik 428 erabat suntsiturik geratu ziren. Orduan erabaki zuten Aragoi ibaitik urruntzea eta herriaren kokalekua aldatzea. Babesleku izandakoa babestuago jartzea.

Harresiek Zangoza gotorleku bilakatu zuten XII. mendean. Dorre karratu sendoak eraiki zituzten horretarako. Garai berekoa da, Zangozako elizaren ate erromanikoa, dorrearen magalean dagoena. Hiru gunez osaturik dago, eta XVI. mendean eraikitako dorreetako bat gotikoa da. Elizako ate ingurua Nafarroako Erdi Aroko artearen obrarik garrantzitsuenetakoa da. Baina beste monumentu aunitz ere ikus daitezke, besteak beste: dorreko erlojuen museoa, Nafarroako erregeen jauregia eta Onsellako zubia. Intereseko Kultur Gune izendatu dituzte guztiak, eta bisita ugari izaten dituzte urte osoan.

Jotarekin jai

San Sebastian dute herrian zaindari, eta haren egunean, urtarrilaren 20an, egun osoan izaten dute ospakizun berezia. Herriko jaiak, ordea, irailaren erdialdean izaten dira, eta herriko zaindaria ere presente izaten dute. Festetakoegun guztietan «jota zaharra» dantzatzen da. Gauerdian ere ohitura berezia dute: goizaldeko ordu biak aldean, Praoko jaitsiera izenekoa egiten dute, eta herriko musika taldeek lagunduta joaten dira herritarrak udaletxerainoko bidean. Nahikoa festa. Zazpi egunetako jaiak dantzaz, musikaz, elizkizunez eta adin guztietako bisitarientzako moduko ekitaldiz betetzen dituzte, eta ez dago aspertzeko tarte handirik.

Gastronomiagatik ere bereizgarri da Zangoza. Babarrun goiztar zuria da jaki bereizgarrienetariko bat, baina ez bakarra. Hestebeteak eta arrautza gorringoak ere frogatzeko modukoak dira. Herriko alde zaharrean izaten da, batez ere, horrelako eta bestelako jakiak dastatzeko aukerarik zabalena; hain zuzen, bertan diren taberna eta ostatuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.