Bidelagun baino gehiago

Txakurren konpainian zenbait balio lantzeko programak jarri dituzte martxan ikastetxe batzuetan: teknologiaren erabilera okerraz jabetzeko eta ariketa fisikoa egitera animatzeko, esate baterako.

Kaiet Nuñez Vierna eta Gilen Querendez JFKZko graduatua, txakur krosa egiten. BERRIA
Kaiet Nuñez Vierna eta Gilen Querendez JFKZko graduatua, txakur krosa egiten. BERRIA
ane insausti barandiaran
2024ko apirilaren 13a
05:00
Entzun

Gizakiaren lagunik onena, konpainiarik onena, bidelaguna... ordezkaezinak bihurtu dira txakurrak jende askoren bizitzan. Esponentzialki igo da etxean txakurra daukatenen kopurua, batik bat pandemiaz geroztik. Statisa erakundearen 2022ko datuen arabera, Europan, zortzi urtean hirukoiztu egin da kopurua. Egiten duten konpainiatik harago, baina, badira proiektuak haien laguntzaz gizarteko zenbait arazo hobetzeko: nerabeen gehiegizko teknologiaren erabilera eta ariketa fisiko gutxi egitea, esate baterako.

Lehen helburu hori du Millan Oregi eta Anne Pascual Mondragon Unibertsitateko Leinn graduko ikasleek duela urtebete sortu zuten proiektuak. Pantailen gehiegizko erabilerari buruzko berriak pil-pilean zeudenez, arazo horri heltzea erabaki zuten: «Ikusi genuen bai komunikabideetan eta bai kalean arazo serio bat zela, eta gizarteari kalte egiten ziola. Gutxinaka-gutxinaka hasi ginen zerbait diseinatzen».

Hezkuntzako hainbat profesionalekin eta psikologoekin gaia landu ostean, haurrek bertatik bertara biziko zuten esperientzia bat diseinatzea bururatu zitzaien, txakurrek lagunduta. Hala azaldu du Pascualek: «Bagenekien umeek esperientzia lehen pertsonan bizi behar dutela zerbait barneratzeko, eta horren pintzelkada bat sartu nahi genuen, baina ez genekien zer egin. Txakurrekin natura bultzatzea bururatu zitzaigun, eta, era berean, haien arteko harremanak bultzatzea, aire zabaleko ariketa dinamikoen bidez».

Hiru saioko plangintza bat ondu dute horretarako: lehenengoan, pantailen erabilera orekatuari buruzko hausnarketa bultzatzen dute, horiek bizitzako une zoriontsuetan duten presentzia aztertuz. Diotenez, teoria oso ondo zekiten, baina praktikak egiten zuen huts: «Bazekiten teknologia gehiegi erabiltzeak zein kalte sortzen zituen: kontziente ziren orokorrean».

Proiektua martxan

Bigarren saioan dago aurreikusita txakurrekin hartu-emanetan jartzea, eta Gasteizko Huella Amiga elkartearen laguntza izan dute horretan, txakur terapian espezializatuta baitaude. «Konparazio hori bizitzea da helburua: nola sentitzen zaren naturan zaudenean, edo bi orduz pantaila bati itsatsita zaudenean», azaldu du Oregik. Parte hartzea errazteko, ariketa dinamikoak prestatu dituzte.

Azken saioan, berriz, bide orri bat osatzea da helburua, ikasleek gailu elektronikoak neurrian erabiltzeko konpromisoa har dezaten. «Brainstorming moduko bat da, azken finean, jakiteko zer egin dezakegun teknologia hobeto erabiltzeko. Gero, hori orrialde batean idatziko dute, etxera eraman dezaten eta konpromiso horiek betetzen saiatu daitezen beren etxean eta egunerokoan», azaldu du Pascualek.

Txakurrak eta haurrak
 

Gasteizko Olabide Ikastolan egin dute lehen proba. Bertako irakaslea da Asier Ruiz de Viñaspre, eta azaldu du formakuntza aberasgarria dela, azken urteetan egindako lanketei segida ematen diena: «Azken urteetan, pantailen inguruan hainbat tailerretan parte hartu dugu. Proiektu hau berritzaileagoa iruditu zitzaigun. Txakurrekin izandako bizipenetan oinarritzen zelako, eta esperimentaltasun puntu horrek ikasleak gehiago erakartzen dituelako».

Ikastolako kanpoko espazioan egin zituzten txakurrekin saioak, bertako berdegunean. Adina gakoetako bat izan dela uste du, gidariak gertuko sentitu dituztelako. «Teoria azaldu dieten ikasleak ere gazteak zirenez, eta haiek ere pantailen erabilera presente dutenez, gertutasuna sentitu dute gure ikasleek», esan du. Emaitza positiboa izan denez, datozen ikasturteetan ere horrelako tailer esperimental eta parte hartzaileak bultzatzen jarraitzeko asmoa dute, lanketari jarraipena emateko.

Orain, proposamena beste ikastetxe batzuetara zabaltzeko, hainbat udalekin harremanetan jarri dira ikasleak. Pertsonen arteko harremanak, komunikazioa eta naturan egotearen onurak nabarmendu nahi dituzte, teknologiarekin oreka bilatuz. «Gure mezua ez doa teknologiaren aurka, baizik eta teknologia modu positibo eta onuragarri batean erabili behar dela diogu», esan du Oregik.

Txakurrei lotutako tesia

Begi onez hartu du ikasleen proposamena Xabier Gonzalez Deustuko Unibertsitateko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduko ikerlari eta irakasleak. 2019. urtean hasi zuen hark txakurrei lotutako tesia, KorriCan proiektuari lotua: hezkuntza formal eta ez-formalerako programa bat garatu du, gazteek txakur krosa egin dezaten. 

Arrigorriagako (Bizkaia) eta Igorreko (Bizkaia) ikastetxeetan egin dute lehen probaldia; guztira, berrehun ikasle inguruk parte hartu dute esku hartzeetan. Praktikan jarri aurretik, baina, saio teoriko bat egiten dute, kirola ezagutzeko. «Kirol berezia baita txakur krosa, ez txirrindularitza bezalakoa; kasu horretan, bizikleta bat hartu eta harekin kirola egiten has zaitezke», azaldu du Gonzalezek. 

Txakurren ongizatea bermatzeko azalpenak ematen dituzte saio horietan: haien beharrak zeintzuk diren azaltzen dute, ikasleek errespetatu eta zaindu ditzaten. Behin prestakuntza eginda, praktikara pasatzen dira: antolatzaileek eramaten dute beharrezko materiala txakurren «mugimendu askeak» bermatzeko, Norvegiatik ekarritakoak baitira goma elastiko eta arnesak: «Azkenean, txakurrek duten sentsazioa da solte doazela, ia-ia sentsazio bera da».

Behin azalpenak emanda, txakur hezitzaileekin batera egiten dituzte saio praktikoak: lauzpabost txakur eraman dituzte bi ikastetxeetara, eta, hezitzaileen laguntzaz, ikasle bakoitzak pare bat kilometro egiten ditu lasterka. Dena neurtua dute, txakurrek launa errelebo egiteko: «Normalean, txakur horiek hamabost kilometro egiteko gai dira. Esku hartzean egiten dutena ez da nekagarria, beroketa antzeko bat baizik; aurretik eta gero paseatzera eramaten ditugu». 

Irakasleek berehala antzeman zuten eragin positiboa. Gonzalezen arabera, «lasaitasun berezi bat» sumatu zuten ikasgelan: «Irakasleek sumatu zuten txakurra sartzearekin batera ikasleen arreta bereganatu zutela, eta gelako giroa ere hobetu zuela txakurrak». Ikasleek ere pozez hartu zuten monotonia haustea: «Jarduera berri bat denez edo kirol berri bat denez, gustura hartzen dute». Are gehiago, askok etxean txakurra dutenez, jarduera bera etxekoaren konpainian egiteko gogoz itzuli ziren etxera. Eta nabaritu dute, era berean, normalean jarduera fisikorik egiten ez dutenak ere animatu direla kirolera, txakurren konpainiari esker.

Bidenabar, ingurumen eta natura kontzientzia lantzen dute kasu honetan ere, lasterketa hasi aurretik eta gero ingurua garbitzen baitute: «Konpetentzia hori ere lantzen dugu. Zergatik? Txakurrek lasterketan kaka egiten dutenean ez dugulako poltsarik eramaten gainean, eta horiek jaso behar direlako. Ez da gauza bera kaka bat edo hogei txakurren kaka mendian».

Asmoa da proiektua modu egonkorrean ikasketa planetan txertatzea, baina hortik harago ere badoa plana: hezkuntza ez-formalera ere zabaldu dute proiektua Arrigorriagan, Hedatze programaren bidez. Kasu horretan, eskolaz kanpo, ikasleek beren txakurrekin egin dute txakur krosa, txakurraren baldintza guztiak betearazi ondoren —txertoak, pisua...—. Eta  eskola kirolean ere egin dute ariketa, foru aldundiaren laguntzaz: Bizkaiko hirurogei bat pertsona gerturatu dira txakur krosera: «Hor ere sartu gara, hezkuntza prozesu horretan: txakur bat izateak zer behar dituen lantzeko, eta gure txakurrekin kirola zelan egin ahal dugun aztertzeko». Horretan ere bidelagun izan baitaitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.