Carlos Gonzalez. Psikologoa

«Bideo jokoekin jokatzeak ikaste prozesu bat dakar berekin»

Bideo jokoak hezkuntzarako tresna paregabea direla uste du Carlos Gonzalez madrildarrak. Hori azaltzeko egon da aste honetan Bilbon, Fun&Serious jaialdian.

LANDER MUÑAGORRI.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Carlos Gonzalez bideo jokoen alfabetatzea sustatzen ari da 2007az geroztik, People & Videogames ekimenari esker. Hezkuntzan bideo jokoak txertatu behar direla dio, joko mota horrek dituen arriskuak ahaztu gabe. Gizartea bideo jokoei esker garatu dela uste du, eta etorkizunean ere hala izango dela. Horren inguruko tesia amaitzen ari da Deustuko Unibertsitatean.

Nola eragiten dute bideo jokoek hezkuntzan?

Bideo jokoek sekulako potentziala daukate, onerako eta txarrerako. Hezkuntzan erabiltzen jakin behar da, gaizki erabiliz gero, aurkako helburuak erdietsi baitaitezke. Horregatik, garrantzitsua da jakitea zerekin ez den egin behar bideo joko bat. Esaterako, diktaketa egiten ikastea errazagoa da diktaketen bidez ikastea, bideo jokoekin egitea baino. Nik ez dut sinisten bideo jokoetan oinarritutako hezkuntza batean, bien arteko eredu batean baizik. Hezkuntzaren giltza irakaslea baita.

Horrelako eredurik bada?

Ahaleginetan ari dira. Esaterako, Edupunk izeneko eredu bat dago, eskolarik gabeko eskola deitutakoa. Internet bidezko hezkuntza sustatzen dute, baina ezin da horrela izan, gai baten inguruko ideia okerra jaso baitaiteke. Teknologia berriak hezkuntza aldatzen ari badira ere, inoiz ezin da tresna moduan ikusi. Era kritikoan erabiltzen ikasi behar da.

Bideo jokoak hezkuntzarako kaltegarriak direla pentsatzea okerra da beraz?

Hezkuntzara bideratuta ez dagoen bideo jokorik ez dago, jokatzean beti ikasten baita. Baina bideo joko hitza beti nahastu da jostailu hitzarekin. Jostailuekin jolastu egiten da, eta jokoak berekin dakar arau eta ikaste prozesu bat.

Bideo jokoen ikuspegi okerra dago?

Asko aldatu da, bideo jokoetan jokatzen zuen belaunaldia botoa ematera eta gurasoak izatera iritsi baitira. Horrek ikuspegia aldatu du, baina ez da bideo jokoekin kritikarik egiten, alegia, zer den ona eta zer ez. Orain, bideo jokoak onak direla uste duen gizartean gaude. Horregatik, bideo jokoen alfabetatzea sustatu behar da, zentzu kritikoa bultzatzeko, eta jendeak esan dezan: bideo jokoek gauza txar eta onak dauzkate.

Guraso horiekin, bideo jokoen bidezko hezkuntza hobetu da?

Bideo jokozale helduak botere postuetara iristen ari direnez, horrek berekin eskoletan txertatzeko jarrera hobea dakar. Eta hori garrantzitsua da, bideo jokoak motibatzeko tresna boteretsuak baitira, ikasle eta irakasleentzat.

Zuk bideo jokoen alde osasuntsu eta positiboak lantzen dituzu. Zer dute arriskutsu bideo jokoek?

Gaur egun ikusten ari naizen arazo nagusia mendetasuna da. Bideo jokoek motibatzeko ahalmen handia daukate, estimulu asko bidaltzen dituztelako burmuinera. Beraz, gaitasun kritikorik gabeko pertsona izanez gero, mendekotasuna eragin dezakete. Baina arrisku horiek abantaila ere bihurtzen dira. Bideo jokoek sortzaileago eta ekimentsuago izatea baitakarte. Sen ona eta zentzu kritikoa izanez gero, oso tresna ona da. Hau da, tresna on bihurtzen dituen arrazoi horiengatik arriskutsua ere bada.

Zer egin daiteke hori saihesteko?

Lana, ikasketak edo otorduak antolatzen erakusten digute orain arteko hezkuntza sisteman, baina ez digute esan aisialdia nola antolatu behar dugun. Aisialdi era bakarra garatzen bada, pertsona horrek bide hori bakarrik garatuko du. Horregatik, pertsona bakoitzak aisialdirako hiru eredu izatea da egokiena. Horietako bat ez dagoenean beste zerbait egin daitekeelako. Horregatik, hamar ordu irakurtzen igarotzen duen haur batek duen arazo berbera du hamar ordu bideo jokoekin jokatzen ari den haurrak. Eta aisialdi hori garatu ezin denean, arazoak hasten dira.

Hori saihesteko lanean ari zara...

Tailer eta hitzaldi ugari eman ditut, eta orain Hego Amerikarako proiektu bat sortu dugu, bertako erakundeekin proiektuak garatzeko. Hezkuntza esparrua eta alfabetatze digitala bultzatzen dugu, eta erakundeekin kolaboratzen ari gara, Salvadorren eta Nikaraguan esaterako.

Eta nolako erantzuna jaso duzue?

Ona. Esaterako, Nikaraguan hitzaldi bat egin nuen eskola batean, irakasle eta gurasoekin. Haien lehen galdera hau izan zen: «Noiz jarri ahal izango ditugu bideo jokoak ikasgeletan?». Haiek argi zeukaten motibatzeko tresna egokia zela...

Eta garapen soziala bide horretatik joango al da?

Bai. Orain arte bideo jokoek eragin duten garapen soziala sekulakoa izan da, baina ez da inoiz aipatu. Teknologiaren demokratizazio eta garapenean zerikusi zuzena izan dute bideo jokoek. Horretaz gain, bideo joko serioak jolasgarriago izateak ere sekulako garapena izan du. Esaterako, haur eta gurasoak elkarrekin jolasten aritzea sekulako garapen soziala da. Eta aurreikuspen guztiak hautsi ditu, esaten baitzen teknologia berriek pertsonak zokoratu egingo zituztela, eta ez da horrela gertatzen ari. Aldaketa oso handia izan da, baina gehiago garatuko da.

Etorkizunean nondik joko dute bideo jokoek?

Bideo jokoek pasibotasuna aldatu dute, eta hori gauza handia da. Inork ezin du gaur egun interaktiboa ez den ezer imajinatu, eta horrela ez denak ez du aurrera egingo. Baina jokoei dagokienez, betiko bideo jokoek hor jarraituko dute: tetris, plataformak… Baina, batez ere, bideo joko serioak egiten eta ekoizten garatu beharko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.