Bideo jokoen alorra bultzatzeko jaialdia egingo dute Bilbon

Bideo joko onenak sarituko dituzte, eta hainbat hitzaldi eta txapelketa egongo dira astebetez

Fun & Serious Game Festival bideo jokoen jaialdia aurkeztu zuten atzo, Bilboko Guggenheim museoan. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Ekoizle, zuzendari, artista eta garatzaileen lana sarituko du Fun & Serious Game Festival jaialdiaren bigarren edizioak. Bilbon ospatuko da jaialdia, azaroaren 26tik eta abenduaren 2ra bitartean. Urteko aisialdiko bideo jokorik eta joko seriorik onenak saritzeko sortu zuten jaialdia, iaz. Aurtengo ekitaldia atzo aurkeztu zuten, Bilboko Guggenheim museoan egindako agerraldian. Alfonso Gomez jaialdiko zuzendariak azaldu duenez, horrelako ekitaldien bitartez, bideo jokoen inguruan hedatutako «estereotipoak apurtu» nahi dituzte, eta industria horri «merezi duen aitorpena eman».

Sektoreko ekitaldien erreferente bilakatu da Fun & Serious Game Festival. Bideo jokorik onenak sarituko ditu sektoreko adituez osaturiko epaimahaiak, aisialdi eta joko serioen ataletan. Azaroaren 29an izango da urteko bideo jokorik onenaren sari banaketa, Bilboko Campos Eliseos antzokian.

Lehiaketan hainbat saritarako izendatu dituzte ondorengo joko hauek: Mass Effect 3, The Witcher 2: Assasins of Kings, Dishonored eta Halo 4, besteak beste. Serious Games atalean, berriz, irabazleak ezarrita daude jada. Aurkeztutako 354 lanetatik epaimahaiak lau bideo joko hautatu ditu. Lan irabazle bakoitzak arlo bat sustatzen du; Triage Trainer (osasuna), Dragon Box (hezkuntza), Disney Stars (simulazioa) eta El Codex del Peregrino (kultura eta turismoa).

Aurtengoak hainbat berrikuntza izango ditu, Gomezek jakinarazi duenez. Batetik, edozein herrialdetako lanak aurkeztu ahalko dira; iaz, Europan sortutakoak besterik ezin ziren aurkeztu. Bideo joko independente onenari saria emango zaion azpiatala ere egongo da. Gainera, aurten astebeteko iraupena izango du jaialdiak, eta jardueraz beteriko egitaraua aurkeztu dute. Publikoak bideo jokoak frogatzeko aukera izango du, eta gogokoen duenari botoa eman ahal izango dio.

Bideo jokoen hedapena

Egun, bideo jokoetan aplikatutako teknologiak hainbat sektoretan aplikatzen ari dira, hala nolahezkuntzan, osasunean, aeronautikan eta kulturan.

Joko serioei eta gamifikazioariburuzko kongresua egingo da azaroaren 28 eta 29an, goizeko bederatzietatik arratsaldeko seiak artean, Bilboko Euskalduna jauregian. Profesionalentzako ekitaldia izango da, eta, bertan, sektoreko hainbat adituk parte hartuko dute, eta industriako profesionalen artean networkinga sustatzen duen eremu bat bilatuko dute. Gomezek Samir Abou-Samra eta Rod Nelsonen parte hartzea nabarmendu du. RTIS Programaren eta Ingeniaritza Informatikoko Sailaren zuzendaria DigiPen Institute of Technology institutuan, simulazio proiektuen zuzendaria Boeing enpresan eta Nintendoko eragiketen lehendakariordea Kanadan; eta Lotus F1 Team konpainiako eragiketetako ingeniari burua.

Bideo jokoaren industria izaten ari den garapena eta negozio ereduetako etengabeko aldaketa jorratuko dute Guggenheim museoan egongo diren hitzaldietan. Bertan, Charles Cecile proiektuak finantzatzeko bide alternatiboei buruz ariko da: finantzaketa kolektiboa eta Kickstarter plataformaren erabilera, besteak beste.

Bilboko Alondegiko auditoriumean eSports lehiaketa ere antolatu dute. Azaroaren 30 eta abenduaren 1ean, bideo jokoen hiru jokalari profesional izango dira jaialdian. Horietako bakoitzak bere taldea osatuko du, zuzenean egingo den hautaproban, eta aurkezten diren jokalaririk onenak aukeratuko dituzte. Txapelketa gala antolatu dute Alondegian bertan, eta streaming bidez ere jarraitzeko aukera egongo da.

Jaialdiaren webgunean informazio gehiago dago eskuragarri: www.funandseriousgamefestival.com.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.