Bideo jokoen zelaia

Bideo jokoen inguruan Bilbon egiten ari diren Fun & Serious jaialdia kontsumitzaileen eta sektoreko profesionalen topaleku bihurtuko da

25.000 lagun inguru elkartuko direla aurreikusi dute jaialdiaren antolatzaileek. LUIS TEJIDO / EFE.
Julen Aperribai.
2016ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Batzuentzat denbora-pasarako tresna dira bideo jokoak; beste batzuentzat, afizio; eta gutxiengo batentzat, adikzio, lanbide dutenak alde batera lagata. Kontsumitzaileak dira horiek, musikaren eta zinemaren merkatua atzean utzi dituen industria mantentzeko beharrezko direnak. Milioika dira mundu osoan, eta milaka, berriz, Euskal Herrian. Etengabe hazten eta aldatzen ari den industria hori gertutik ezagutzeko aukera izango da, astelehenera arte, Bilbon egiten ari diren Fun & Serious bideo jokoen jaialdian.

Europako bideo jokoen inguruko jaialdirik garrantzitsuena bihurtu da Fun & Serious. «Erreferentzia puntua» da industriaren barruan, antolatzaileen arabera. «Bideo jokoen ekoizle, zuzendari, artista eta garatzaileen lana aintzatestea eta bultzatzea» du helburu. Horretarako, hitzaldiak, mahai inguruak, networking saioak eta enpresetarako nahiz publikoarentzako jarduerak hartzen dituen programa oso bat prestatu dute.

Sektoreko profesionalen lana ere omenduko dute astelehenean, Guggenheim museoan banatuko dituzten Titanium sarien bidez. Hiriaren iragan industrialean garrantzi berezia izan zuen metal mota horri erreferentzia egin nahi izan diote. Sektorearen bilakaeran eta historian eragin berezia izan duten profesionalek jasoko dituzte sariak. Ohorezko saria jasoko du, besteak beste, Sonic bideo joko ezagunaren sortzaile Yuji Nakak. Sega enpresak sortu zuen joko hori, 1991n, eta pertsonaia nagusia, triku urdina, mundu osoan ezagun egin zen. Jokoak 45 milioitik gora ale saldu ditu orain artean. Nakarekin batera, ohorezko sarituak izango dira Warren Spector eta Harvey Smith, System Shock eta Dishonored bideo jokoen diseinatzaileak,hurrenez hurren. Hiru horiez gain, sariak banatuko dituzte bideo joko bat garatzerakoan ukitzen diren alderdiak sarituz.

Astelehenean izango da hori. Igandera arte, baina, Fun Zone izeneko gunea publikoari zabalik egongo da Euskalduna jauregian. Inoiz baino leku zabalagoa izango da, eta bideo joko kopurua ere handitu dute. Hara joandakoek bideo jokoen munduko berrikuntza nagusiak ezagutu eta horiekin jolasteko aukera izango dute. Maila handiagoko lehiaketarako ezarritako gune bat ere egongo da, eta hor lehiatuko dira nazioarteko profesional eta talde onenetariko batzuk.

Hitzaldi eta konferentziek ere izango dute lekua jaialdian. VIT talks izendatutakoak egingo dituzte gaur, eta bideo jokoen, berrikuntzen eta gaur egungo joeren inguruan ariko dira sektoreko profesionalak.

Erresuma Batua, eredu

Aurtengo jaialdian, Erresuma Batua izango da herrialde gonbidatua. Bideo jokoen industrian, munduko seigarren merkatu nagusia da hangoa, eta Europako bigarrena. Ukie enpresako Jo Twistek industriaren inguruan udaletxean egingo duten foroan parte hartuko du. Bideo jokoen industriak Erresuma Batuan dituen erronkak eta merkatua sustatzeko hartutako neurriak zein diren azalduko du. 2014an, 5.024 milioi euroko diru sarrerak izan zituen industria horrek, eta 12.100 lanpostu sortu zituen. Hori dela eta, erreferentziazko herrialde bat dela uste dute antolatzaileek.

Fun & Serious Game Festival

Astelehenera arte, Bilboko Euskalduna jauregian eta Guggenheim museoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.